551 Zenbakia 2010-10-22 / 2010-10-29

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (LII): Trebiñuko barrendegia ezagutuz

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Arabako lurretan dagoen uharte batera gerturatuko gara gaurkoan; irla hau ez dago urez inguratuta, mendi eta lautadak baitira nagusi bertan. Administrazioari dagokionez gaztelarra, eta bihotzez arabarra; halaxe kontsideratzen dute askok Trebiñu ingurua. Argantzuneko Billa Oka. Argazkia. Assar.

Gasteiztik nahiko gertu (20 kilometro ingurura) bidaiatzeko gonbita luzatuz hasiko gara eta oraingoan bi udalerri bisitatuko ditugu, Argantzun eta Trebiñu. Biak ala biak Nafarroaren parte ziren garai bateak; Santxo Jakitunak emandako foruei esker fundatu ziren (Trebiñu 1161ean eta Argantzun 1194an), toki estrategikoak zirenez gero, Gaztelarekin zituen mugak indartu asmoz. Baina bi koroen arteko gatazken ondorioz, Gaztelaren parte izatera igaro ziren, gaur arte. Argantzun

Argantzunetik hasiko dugu gaurko ibilaldia, eta historiaz zipriztindutako zertzelada batzuk eskainiko ditugu jarraian. Esan bezala, 1200 urte inguruan igaro zen Gaztelaren eskuetara; XX. mendean halere, biztanle ugariren sentimendu arabarrak medio, maiz ahalegin anitz egin zituzten Arabakoak izatera pasatzeko.

Erromatarren aztarnak aurkituko ditugu udalerri honetan, zehatzago esanda, Astorgatik Bordeleraino zihoan galtzadaren arrastoa. Roberto González de Viñaspre idazle eta historia zaletuak Euskonews Gazteari azaldu zion bezala, “VIII, IX eta X mendeetan, sarritan hortik etortzen ziren Arabako lautadan hondamendia zabaltzen zuten armada musulmanaren erasoak. Horietako batean, 801 urtekoan, segada odoltsua egin zioten arabarrek Argantzungo haitzartean Kordobako emirraren anaiak gidatzen zuen armadari, soldadu asko lurrean zerraldo utzita” “...kronika honetan agertzen da lehen aldiz dokumentatua Argantzun izena, haitzarteari erreferentzia eginez”.

Bestaldetik, Argantzun bertan zer ikusi edukiko dugu; hasteko, esan behar da herria harresiz inguratuta egon zela herriaren sorreratik XIX mendera arte. Garaiko harresietatik kanpo eraiki zuten Antiguako Amaren Ermita, XVI. mendean; Jasokundeko Amaren Parrokia (XV. mende ingurukoa)... Trebiñuko konderrira Trebi?u. Argazkia: Ardo Beltz.

Aurrera egingo dugu gure bidean, barrendegiari izena ematen dion Trebiñu herria helmuga baitugu oraingo honetan. Historiarik falta ez den lurretan gaude, eta historiaurreko, paleolitikoko eta neolitikoko aztarna ugari aurkitu izan dira, besteen artean.

Datuen arabera, negoziaketa baten ondorioz igaro zen Trebiñu Gaztelaren parte izatera, XIII. mendean. Halere, eta Argantzuneko biztanleek egin bezala, saiakera ugari burutu dituzte Arabako parte izatera igarotzeko, 1646an aurrena, 1917”1919an bigarrenez, 1936an eta 1940an; baina ez zen emaitzarik lortu, bertako askoren atsekaberako.

Udalerria bisitatzera igaroz, XVI. mendeko Manrique de Lara jauregia, gaur egun bertan dago udaletxea; Sorkundeko Amaren ermita erromanikoa; San Pedro Eliza gotikoa...

Paraje hauek apur bat hobeto ezagutu izana espero dugu; bertaratu eta emandako apunteak baliatuz, bazter hauek ezkutatzen dutena deskubritzera animatu, merezi du eta!

Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com