Euskonews Gaztea
Gaiak: Hiru egunetako eskapada, Nafarroa aldera
Gasteizko Olabide Ikastolako ikaslea
Hiru egun soberan dituzu? Nafarroa gustuko duzu? Hemengo paisaiaz gozatu nahi? Mendizalea zara? Geldi ezin egona duzu gorputzean? Kirola egitea gustuko? Hemen duzu aukera paregabea. Nafarroan zehar, klima desberdinez gozatuz eta zure lagunekin egoteko aukera bikaina! Eta gainera naturari buruz gauza berri asko jakiteko aukera!
Gure irteeran gutxienez hiru klima desberdinak topatuko ditugu, mediterraneoa, euro–iberiarra eta desertukoa. Beraz, klima desberdinetarako egokia den arropa eramatea nahiko gomendagarria da; aldi berean, komenigarria da baita ere, gustuko duzun jendearekin joatea, ordu asko emango dituzuelako elkarrekin. Eta nola ez, eraman zurekin, adibidez, linterna frontala, badaezpadako arropak, janaria, galtzerdi pare dezente eta nola ez mendiko botak. Aurreneko geldialdia Izaietan
Lehenengo egunean, lasai hasiko gara, goizaldean bueltatxo txiki bat klima euro–iberiar klimatik. Nafarroa eta Gipuzkoa elkartzen diren zonaldetik hain zuzen ere. Leitza herriaren ondoan. Justu, Izaieta erreserban sartzean bertako mapa handi bat aurkitzen dugu eta bertako landare eta abere desberdinen deskribapen luze eta ikaragarri bat, patxadaz irakurtzeko, nahiz eta jende gutxik irakurri.
Bertan aurkitzen dugun bidea jarraituz ordu eta erdiko txangoa topatuko dugu. Guk ez dugu bide osoa egingo eta gainera nahiko azkar egingo dugu. Bidea mozteko modua ikusten duzuen bakoitzean moztu, baina bidea galdu gabe. Ez dugu inork galtzerik nahi!
Paraje honetan eta udazken inguruan, igelak ikusi ditzakegu, baso igel gorriko espeziekoak hain zuzen ere. Espezie honetako emea gorria eta handia da eta arra berriz, berdea eta txikiagoa. Urtaro honetan binatzen dira.
Erreserba honetan, landare mota desberdin bakoitzak beraien etiketa dauka eta horietan aurkitu dezakegu landareen izena, izen zientifikoa eta beraien jatorria. Gehien ikusten diren zuhaitz motak hauek dira: haritza, pagoa eta gaztainondoa. Azken hauei dagokienez, udazkenean gaztainak erortzen zaizkie eta oso errazak dira beste edozein frutatik desberdintzeko. Marroiak dira eta pintxoz betea dagoen bolatxo berde batez inguratuta. Bi motatakoak daude, jan daitezkeenak eta ezin direnak jan, azken hauek oso borobilak dira eta indigaztaina (gaztelerazko pilonga) esaten zaie. Arbaiun Nafarroara
Izaieta ikusi ondoren, Nafarroa era Aragoi ondoko Usun herrira joango gara. Han Arbaiun Ibarra bisitatzera joango gara. Irunberri eta Nabaskoze herrien artean, amildegi ikaragarri bat ikusiko dugu. Nahiko isilik baldin bazaude saiak ikus ditzakezu. Amildegitik behera begiratzean Zaraitzu ibaia ikus daiteke, nahiko urru; baina prismatikoak eramaten badituzu eta pazientzia pixka batekin arrainak ere ikus daitezke ibaian zehar. Leku eder honetan jango dugu. Eta noski argazkiak aterako ditugu.
Baina ez gara luzez geratuko, Usun herrira goaz orain. Bertara ailegatzean adi baldin bazaudete ikusiko duzue nola dauden herriko etxe gehienak apainduta: mosaikoz, hain zuzen ere.
Herritik ateratzean aurkitzen dugu gure bidea, aldapa bat jaitsi beharra izango dugu. Aurrerago, beste aldapa nahiko maldatsua jaitsiko dugu zubi batera ailegatu arte eta hau pasatu ondoren aldapa bat igoko dugu. Goian leku nahiko laua aurkitu dezakegu, eta bitxikeria moduan, tapa bat altxatu eta mendiko ura topatu dezakegu, freskoa eta ona. Gure ibilbidearekin jarraitzeko egin behar dugun gauza bakarra ura hartu dugun kaineriari jarraitu beharko diogu denbora guztian. Ezinezkoa da galtzea.
Ibilbidean zehar artea eta erkametza topatuko ditugu, eta baita klima horretakoak ez diren beste espezietako hainbat zuhaitz, esate baterako, pagoa eta haritza. Baina leku honetan niri gehien gustatu zaidan zuhaitza hauxe da: hagina. Arbaiun.
Espezie hau ez da asko ikusten. Zuhaitz hau gure ohiturekin oso lotuta dago, adibidez, abizen asko hemendik datoz, Aginagalde, Agineta, Aginaga... Euskaldunok asko estimatzen dugu; gure oinordekoek beraien batzarrak, eta gauza sakratuak zuhaitz honen ondoan egiten zituzten sarritan. Bestaldetik, ematen duen fruitua haluzinogenoa da eta gudetan aurkarien kontra joateko erabiltzen zuten. Gainera geziak egiteko zuhaitzen erretxina toxikoa baliatzen zen.
Gure bideari jarraituz bide estu batetara iritsiko gara eta ikaragarrizko paisaiak topatuko ditugu. Amildegi izugarri batetik behera begiratu dezakegu. Agian pixka bat gaizki pasatzen duzu bertigoa baldin baduzu, bana ez gehiegi, eta aurrera begiratzen baldin baduzu ez dago arazorik. Liluratuta geratuko zara zure ingurura begiratzen baduzu. Oso polita dela ohartuko zara; paretetan ikus daiteke nola metal desberdinak arrokekin nahastu diren. Gainera prismatikoak eramaten badituzu hegazti desberdinak ere begiztatu ahal izango dituzu.
Gure bidearen bukaeran, modu batez deitzeko, menditik higaduraren poderioz erori diren arrokak sortzen duten bidetik jaitsiko gara, ibairaino. Arrokak bustiak egon daitezke eta ondorioz, labain egongo dira, baina erreza da aurrera egitea. Ibaira ailegatzerakoan haren norabidea jarraituko dugu. Gure helburua ibaiaren beste aldera joatea da. Horretarako ibaian zehar bilatu behar dugu hau pasatzeko leku egokiren bat. Bestaldean gaudela ikusten den txabola batera. Nahiko zaila da txabolara igotzea oso altu baitago eta arroka handi batetik bestera joan beharra duzu. Eta batzuetan ez dago ezta arrokarik ere, enbor ziztrin bat bakarrik. Baina hoberena da, hor zaudenean gora begira jarri eta lehen nondik ibili zaren ikustea.
Eguna bukatzeko berriz lehen egindako bidea berriz egin eta listo. Eta bidea luzea denez, seguru iluntzen hasiko dela, horretarako eraman ditugu frontalak! Bardeak bisitatzera
Tutera inguruan aurkitzen dira Bardeak eta leku honetan ejertzitoak maniobretarako lur zati bat du. Oso saila da hara joan eta ehiza–hegazkin bonbardatzaile (“caza”) bat ez ikustea maniobrak egiten; halere, gehienetan ez dute muniziorik botatzen. Denbora pixka bat egiten baduzu hegazkinei begira eta misilen bat botatzen dutela ikusiz gero, hautsezko hodei bat sortzen dela ikusten da.
Bardeara sartzeko baimena eskatu behar zaie militarrei, haiek jakiteko inguruan pertsonak daudela. Militarrak dauden tokitik pasatuko gara, gero errepidetik aurrera jarraituz Casteldeterrara joango gara. Eta hortik aurrera jarraitzean behera doan aldapa bat aurkituko dugu. Jaitsi egingo gara, baina euria egin badu ez da komenigarria behera joatea, lokatz asko egon baitaiteke eta zapaltzerakoan hanka osoa sartu dezakezu lokatzan. Hori gertatzen bada ez desanimatu beti goitik egin baitaiteke bidea eta seguru ez garela horrenbeste zikinduko. Behetik joatean berriz ikusiko dugu lokatzean urak forma bitxiak sortu dituela.
Kontuz ibili behar da bertako inurriak babestuak baitaude. Nahiko handiak dira, eta oso langileak. Baina niri gehien harritu ninduena, oinatza bat topatu genuela! Dirudienez jendea lokatza ona delako joaten da eta oin hutsik ibiltzen dira.
Leku honetan oso garrantzitsua da orientazio ona edukitzea. Eta zorte askorekin menditik ibiltzen goazen bitartean, eta jadanik iluntzen hasia bada, hontz erregeren bat ikusi dezakezu, baina oso zaila da.
Irteera baten helburu nagusiak ondo pasatzea, ikastea eta batez ere harremanak hobetzea dira. Beraz espero dut noizbait irteera hau egiten baduzue xede horiek lortzea.