552 Zenbakia 2010-10-29 / 2010-11-05

Euskonews Gaztea

Gaiak: Amets Arzallus ezagutzen

Bergarako ARANZADI IKASTOLAko lantaldea



Amets Arzallus bertsolaria 1983an jaio zen Hendaian. Kazetaritza ikasi zuen arren, gaur egun bertsolaritzatik bizi da. Lehenengoz 1994an Eskolarteko Euskal Herriko finalerako sailkatu zenetik, lau aldiz izan da Nafarroako txapelduna, Ipar Euskal Herriko txapelduna eta hainbat Euskal Herriko Txapelketetan parte hartu du. Final–aurrekoetarako sailkatu zen 2001. urtean, 2005. urtean lehenengoz finalerako eta 2009. urtean txapeldunordea izan zen. Amets aste bukaeratan oso lanpetuta ibiltzen da herriz herri; taldekide bat bere familiakoa denez, tartetxo bat egin digu gure galderei erantzuteko eta Lekeitiora joan gara.

Zure aita Jexux Arzallus bertsolaria izateak bultzatu zintuen zu ere bertsolari izatera? Noiz hasi zinen?

Bai. Aitak gerturatuta sartu nintzen bertso mundura, baina ez dut asmatzen zehazki ze adinekin hasi nintzen. Gogoan dut, ama eta arreba falta ziren batean aitarekin gelditu nintzela, eta gau batean, bertsotan edo bertso zaharrak kantatzen jardun genuela. Gelditu eta esan zidala: “ea, orain zuk segitu” eta orduan, ni zerbait esaten hasi nintzela bertsotan. Nik uste bost edo sei urte izango nituela; orduko oroitzapena daukat lehenengoa, neure burua bertsotan probatzera eraginarazi zidanekoa. Bertsotan edo auskalo zer esango nuen baina, alegia, joko horretan. Baina, beti esan dut ni bertso mundura sartu baino, gure etxeko giroan oso presente zegoenez, giro horretan sortu nintzela. Ez zen neure erabakia izan sartzea, baizik eta neure hautua inoiz ez ateratzea izan da. Argazkiaren oina eta egilea

Duela gutxi esaldi hau irakurri genuen: “Bertsotan ikasi nahi baduzu, hobe duzu bertso–eskolara joan baino, maisu zaharrengandik ikasi”. Zer deritzozu?

Nik bertso eskolatik asko edan dut, baino seguru maisu zahar deitzen zaien horietatik ere asko, etxeko giroan asko entzun bainituen. Nik maisu kontsideratuko nituzke Joxe Agirre, Lizaso, Egaña, Amuriza, Lopategi ... Eta derrigorrezkoa ez, baina sekulako laguntza da umetan eta gaztetan beraiei entzutea; azken finean kodigo batzuk hartzen joaten zara konturatu gabe eta hitzen jolas horrekiko sentsibilitate handi bat sortzen zaizu zure baitan. Baina, era berean, uste dut bertso eskola funtsezkoa dela, bai bertsotan ikasteko, nork bere burua probatzeko, lotsak kentzeko, eta batez ere, bertsoa taldean bizitzeko.

Ze bilakaera izan dute bertso–eskolek hastapenetatik gaur egunera?

Zabalkunde izugarria izan dutela pentsatzen dut. Hasieran oso eztabaidatua zen kontua zen bertsolariari bertsotan erakusteri zegoen edo bertsotan ikasi ote zitekeen. Eta Xanti Iparragirre, Eskoriatza aldea, Almen ikastola, Sarasuatarrak... hor izan ziren bertsolaritza aurrera ateratzeko. Mito zaharra beti egon da presente, hots, bertsolaria sortu egiten dela, zerutik behera jaisten den dohain bat dela, horren kontra ezin dela ezer egin eta hori eduki ezean, ezin dezakezula ezer egin. Orduan, bilakaera izugarria izan dela uste dut, lezio ugari eman dituztela orduan batzuk kaskagogorrak izan zirelako, fede gutxi zeukatenei aurre egiteko.

Bertsoak asmatzerakoan, zertan pentsatzen duzu? Ba duzu “musa” edo antzekoren bat, inspirazio iturri berezirik?

Egia esan, ez. Bertsotan egiten duen edozeinek –eta onena hartuta ere, berdina esango nuke–, nahikoa biluzik sentitzen gara gai–jartzailearen aurrean gaia entzun baino lehen. Adibidez, 2009ko txapelketa Maialen Lujanbiori askotan komentatzen nion, “bizitza guztia daramagu hau egiten eta lehen saioa kantatu baino lehen, segurtasun gabezia izugarri batez bizi dugu egoera eta geure buruak egingo duen lana”. Baina ikara horretatik argi izpi bat irteten zaizu, eta azkenean, kantuan hasten zara.

Orain bertso bat bota beharko bazenu, gaur egungo ze gai aukeratuko zenuen?

Nik ahal dudan neurrian, gustukoen diren gaiak, zuzenean ukitzen edo kezkatzen gaituztenak aukeratuko nituzke. Gainera, bertsoa umore bide handi bat da, jolasteko garrantzitsua, baina maiz, saioa bukatzean, ezer serioa egin ez duzun sentsazioa geratzen zaizu. Gainera, jendeak ere entzun nahi du kezkatzen duen horrekiko zer esan edo zer pentsa zenezakeen.

Bertsolari bezala, kezkatzen ez zaituen zerbaiti saioa eskaintzen badiozu, zapuztuta sentitzen zara. Orduan, gai bat aukeratzen hasita, umorezkoak oso ondo etortzen dira, baina Euskal Herrian edo munduan dauden kezka eta min bideak bertsotarako ere oso baliagarriak direla pentsatzen dut.

Orain zertan zabiltza lanean?

Ez dut lan askorik egiten bertsoez gainera. Kazetaritza ikasi nuen eta ibili izan naiz kazetaritza lanetan. Zer egin nahi dudan gutxi gorabehera badakit, baina ez dakit ze forma eman denbora horri. Baina nik, lanbide eta lanbideak dituen zentzu guztiekin, denbora gehiena eta diru–iturri nagusiena bertsoa dut; orduan, nire lana momentuan hori da, eta besteak horren aberasgarri bezala ikusten ditut.

Zure arreba, Maddalen, bertsolaria da baita ere. Berarekin lehiatu behar izan zenuen, adibidez, 2008an Donibaneko Jai Alai pilotalekuan. Zaila egin zitzaizun? Nola ikusi zenuen zure arreba?

Nik ondo ikusi nuen. Finalean ez zuen kanporaketan bezain saio ona egin, baina Maddalenek bertsotarako erraztasun bat badu, eta umetatik etxean ere asko edan du, eta hori igartzen zaio bertsotan. Egia esan, arraro sentitu nintzen. Gogoan dut etxean bazkalorduko giroa desberdina izan zela. Ez genion elkarri hitzik esan.

Azken bertso txapelketan (2009) gustatu zitzaizun BECeko giroa? Zer azpimarratuko zenuke egun hartatik?

Goizean gehien harritu ninduena sarrerako pasillo zabal hura hain estu bihurtu izana izan zen. Orduan pentsatu nuen: “hemen kabitu daitekeen jende guztia etorrita dago!”. Goizetik, hori da gelditu zaidan argazkirik zirraragarriena. Arratsaldean, kartzelako momentua oso berezia izan zen, behin kartzelara joanda ordu laurden bat daukazu disfrutatzeko, kontziente izateko non zauden. BECeko giroari lotuta, oso leku aproposa da, berotasuna ematen duelako eta bertso giroa sortzen delako. Uste dut Euskal Herrian ez dagoela leku hoberik.

Txapelketako bertso batean esan zenuen: “Idatz dezadan, muga urtu da, Euskal Herria libro da, ez da egia, baina egia bihurtuko da gerora”. Bertsolariek ez duzue errealitatea hain gordin salatzeko beldurrik?

Txapelketa honen testuinguru politikoan, komentarioak izan dira horren inguruan. Zer esaten dugun eta zer esaten den kontuz ibili beharko garela, eta egia esan, egoera politikoa eta justizia atzaparrak bihurtu dira. Horrek eman diezazuke beldur bat, segun zer nola esaten duzun. Batzuetan zeure burua engainatu dezakezu, baina nik uste dut esaten dudana benetan pentsatzen dudala, eta ez dut zertan beldurrik sentitu. Nahikoa duzu kantatu behar duzuna nola kantatu behar duzun pentsatzearekin; isildutako bertsoetan pentsatzen hasten bazara edo bertso batzuk isildu behar dituzula uste baduzu, bertsorako tarterik ez daukazu ia–ia. Argazkiaren oina eta egilea

Zer iruditu zitzaizun Maialenek txapelketa irabazi izana?

Oso ondo. Poza izugarria izan zen. Han nengoen eta esaten nuen: “Buruz burukoa da txapelketako momenturik politena”, finalerdian zaude eta estutasun bat badaukazu. Finalean, buruz burukoa da aurreneko bietan zaudela badakizun momentu bakarra, eta gainera, oraindik bertsotan egin behar duzu. Badakizu txarrenera ere oso ondo aterako zaizula eta pentsatu nuen: “Maialenek irabaziko du”, nire iritziz, bera baita momentuko bertsolaririk onena.

Bertan Andoni Egañak txapelketatik erretiratu egingo zela esan zuen. Nolakoa izan da, zure ustez, berak egin duen ibilbidea bertsolaritzan?

Oso gertuan eta pertsonatik pertsonara bizi dugunez, zaila da konturatzea pertsona hori bera eta pertsona horrek egin duena zenbaterainokoa den. Hori horrela izanda ere, Andoni laurogeita seitik dago finalean, zazpi final, lau txapel; eta ez hori bakarrik, bistan da txapelduna izan den urte guztietan, plazan, eutsi egin diola. Andonik eutsi dion bertso maila harrigarria da. Baita ere bere konstantzia eta indarra eta horrenbeste egitea lortu duen pertsona bat, lagunartean eta edozein jendeekiko zein hurbila den harritzen zaitu.

Bertso saioetatik zein izan da zuretzat momenturik hunkigarriena?

Nik maitatuen dudan oroitzapena 16 urterekin Nafarroako txapelketa irabazi nuenekoa da. Osaba bezperan kartzelatik atera zuten, eta uste dut familiarentzat horrelako asteburu beteago bat ez dela berriz gertatuko. Noizbait, ordu laurden batez iraganera itzultzeko aukera izango banu, horra bueltatuko nintzateke.

Zer dituzu nahiago, txapelketak edo bertso afariak?

Bakoitzak badu bere alderdi polita eta bere xarma, baina oso desberdinak dira. Txapelketekin zure harremana oso lotuta dago izan dituzun esperientziekin. Ni nahiko grinatsua banaiz, eta txapelketa lehia izateak badu zerbait berezia, estutzen zaituena eta adrenalina berezi bat sortzen dizuna. Baina, bertsolarien bidea plazan eta bertso afarietan dagoela uste dut eta hori dela bereziki maitasunez mimatu behar dena.

Bertsolaritzan zabiltzanetik eta ezagunagoa zarenetik gehiago ligatzen duzu?

Niri ez zait hori gertatu. Bertsolariok telebistak egiten gaitu ezagun. Hamasei hemezortzi urterekin bertsotan bakarrik egin zitekeela pentsatzen genuen; 20–22 urterekin, begiak irekitzen dituzunean, ze tontoak izan ginen pentsatzen duzu. (barre)

Zure ustez, euskaldunen artean bertsolariak maitatuak dira?

Guk sentitzen dugu behintzat! Bertsoa bada maitasun bide nahiko zabal bat. Gainera, normalean bertsolaria ez da ezagutua, baina ezagutua den lekuetan, mimo handia heltzen zaigu.

Nola ikusten duzu bertsolaritzaren egoera?

Bertsoa astero–astero plazan eta leku handi eta txikietan neurtzen da ondoen. Txapelketa ostea beti izaten da goraldi baten ispilu, eta uste dut, pixkanaka–pixkanaka, denborarekin jaitsi daitekeela, baina ikusita kultur ekitaldiak nola dabiltzan beste alorretan, bertsoa ez dago kexatzeko moduan.

Eta euskararena?

Hemen, Lekeition, erdara pixkat entzuten den arren, esan daiteke Euskal Herria lortuta dagoela, baina bihar Hendaiara joaten naizenean, esango nuke Euskal Herria ez dela. Nire ustetan, jendearen borondate indarra txikiegia da egoera horri buelta emateko. Politiko asko ikusten ditut ofizialtasuna eskatzen, baina benetako ofizialtasuna, eguneroko bizitzan euskaraz hitz egiten lortzen da, eta hori ofizialtasuna eskatzen duten gutxiengan sumatzen dut. Nik gero eta fede gutxiago daukat hango politiko abertzale eta horrelako euskaran aldarri sutsu bat dutenen artean, eta gero eta gehiago egunero euskaraz bizitzeko borrokatzen ikusten ditudanen artean.

Botako al zeniguke bertso bat gai bezala emakume gazte euskaldunen etorkizuna harturik?

Ai emakume gazte euskaldun mendian zenbat sastraka, hiru adjetibo ez ote dira bizitzan hiru aldapa, ta ataka bat dexente bada pentsatu hiru ataka, denok gainditu behar ditugu baina banaka banaka.

DI–DA

Bizitzako leloa? Hanka sartuz egiten da bidea. Egia bat? Bakoitzak berea, ez det sinesten egia existitzen denik, norberak bere egia duela pentsatzen dut. Gezur bat? Egia denak ere badira gezurrak. Amets bat? Burujabe izatea. Zer gorrotatzen duzu? Ez, ez dut ezer gorroto. Leku bat? Hendaia. Liburu bat? Obabakoak. Film bat? Babel. Bertsolari bat? Maialen Lujanbio.

Azkenik, kazetari zarenez, zer iruditzen zaizu gure lehenengo elkarrizketa? Ze puntuazio emango zenioke?

Egia esan, oso ona. Oso lasai sentitu naiz hizketan, nahiko barrutik hitz egiteko bidea eman duela iruditu zait. Oso ondo dago eginda, baina aholku bat: kazetari bezala elkarrizketa asko egin ditut, eta honetarako beste ibili bat eta lasaitasun bat behar da, ez da erraza, baina ez eduki beldurrik gidoitik kanpoko galderak egiteko. Guk bageneukan irakasle bat Fisikan, hogei puntutatik, dena ondo egin arren ere, hemeretzi jartzen ziguna. Bere filosofia zen beti hobetu daitekeela. Nik ez nuen ulertzen garai hartan, baina orain denboraren perspektibarekin, gustatzen zait bere filosofia. Orduan, benetan, bederatzi bat jarriko dizuet.