552 Zenbakia 2010-10-29 / 2010-11-05

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Blanca Lopez de Juan Abad. (EI Gazte! Sariaren irabazlea): Euskarazko hitzik politena bilatzen gabiltza

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Eusko Ikaskuntzako Gazteria Departamenduak abian ipinitako lehiaketa irabazi du Blanca gasteiztarrak eta bere ideia hautatu dute 2010eko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Berbak eta sentimenak ardatz hartuz, euskaldun berri eta euskaldun zahar izan, bertan bizi edo kanpoan, edozeinek parte hartzeko moduko jolas bat proposatzen digu arabarrak.

Lehenengo eta behin, zorionak EI Gazte! Saria irabazi berri duzu eta!

Milesker! Dena posta elektronikoz mezu bat jaso nuenean hasi zen, eta aitortzen dut, saltsa guztietan egotea gustuko dudanez, ez zitzaidan batere zaila egin parte hartzera animatzea! Eta ongi irten da gainera... (barre)

Aurtengo Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko ideia botatzea zen egin beharrekoa.

Hala da, bai. Euskarazko hitzik politena bilatzea izango dugu xede nagusia oraingoan; edozein pertsonak har dezake parte eta norberarentzako zein elek duen xarma edo esanahi berezia adierazi behar du. Honekin xede ezberdinak lortu nahi ditugu: euskararen inguruko gogoeta bat egitea da nagusia eta gainera euskara eta bere erabilera sustatzea, euskara munduan zehar hedatzea eta teknologia berriak baliatzea ere bilatzen dugu. Eta orain hezkuntza emozionala lantzen nabilenez gero, hunkitzea ere nahiko nuke jolas honekin, hizkuntzak ere, emozioak sortzen baititu! Pinpilinpauxa. Argazkia: kevincole

Jakin badakit hizkuntza desberdinekin egin izan direla mota honetako ekimenak; esaterako, duela zenbait urte Cervantes institutuak burutu zuela entzun dut. Eta gure hizkuntzara ekartzea pentsatu nuen, azken finean aberatsa baita euskara.

Bestaldetik, jendeak hitza proposatu arren, kontuan hartu behar dugu maiz edertasuna ez dela horretan soilik oinarritzen, berba nork esaten duen, zein intentzioz esaten den, erabiltzen duen tonua zein den...denak dauka eragina polit izaera horretan.

Eman dezagun bada, egin beharrekoaren adibide bat.

Ados! Neure hitz gustukoenetariko bat, pinpilinpauxa da. Alde batetik, fonetikoki oso soinu polita duela esango nuke, oso ongi irudikatzen du animalia honen mugimendua, lorez lore eta saltoka dabilenaren sentsazioa sortzen dit.

Bestaldetik, animalia beraren sinbologiak erakartzen nau, txikia eta hauskorra izan arren, trebea, arina eta koloretsua ere bada. Euskara modukoa!

Nabari da filologia ikasi duzula. Horren harira, esaguzu, zer da zuretzako euskara?

Ez da galdera erraza! Niretzako buruhauste dezente ematen duen hizkuntza izan daiteke, baina aldi berean, xarmarik falta ez zaion hizkuntza dugu. Hau da, lengoaia berezia da alde guztietatik begiratzen badiogu; oso ezberdina da duen egiturari dagokionez, baita jatorriari begiratuta ere... Baditu gauza oso politak, generoa bereizten ez dituela, esaterako. Eta gainera, milaka hitz ederrez osatuta dago!!

Bestalde, esan nahi nuke gure hizkuntzak bizi duen egoera oso ezberdina dela leku batetik bestera; ez baita gauza bera Bermeo, Gasteiz edo Arabako Errioxako errealitatea. Kontuan izan behar dugu hori politika linguistikoak hobetzeko. Zorionez jende asko dago kontzientziatua oraindik ere lan asko dagoela egiteko, eta nabaritzen da hori.

Euskararen Nazioarteko Egunaz hitz egin dezagun. Esanahi berezirik badu zuretzako?

Egia esan ez dakit gaur egun nazioarteko egunik ez den datarik dugun geure egutegian! (barre).

Baina garrantzitsua iruditzen zait Euskararen Nazioarteko Eguna moduko hitzordu bat edukitzea, arrazoi ezberdinengatik, gainera. Alde batetik, gure hizkuntzari buruzko gogoeta egiteko abagunea dela iruditzen zait eta bestaldetik, Euskal Herrian zein munduan zehar sakabanatuta dagoen euskal komunitatea batzeko aukera polita da.

Gainera Internet baliatuko da zure ideia garatzeko. Eta sareak horixe dauka, mugak gainditzen dituela.

Hori da, eta mota ezberdinetakoak gainera, hots, bai geografikoak edota linguistikoak, esaterako. Azken finean sareak eskaintzen digun plataforma honek xede hori ere badauka, mundu guziak parte hartu dezakeela klik bat eginez. Eta gainera, proposatzen dudan jolas honetan, edozeinek esku hartu dezakeela diodanean, edozein esan nahi dut, dela 50 hitz bakarrik dakizkien pertsonak, edo 500 menperatzen dituenak.

Animatu dezagun beraz jendea parte hartzera!

Ekintza polita, sortzaile eta motibagarria da martxan ipini duguna. Beraz, gonbitea luzatzen diet irakurle guztiei, euskaltegiei, ikastetxeei. Denon artean gure hizkuntzak eskaintzen dizkigun hitz ederrak bilduko ditugu, eta gainera, ezustekoak ere egongo dira. Beraz, animatu!

‹‹ENE 2010eko webgunea›› Blanca Lopez de Juan Abad (Eibar, 1976) Euskal Filologia ikasketak burutu zituen Blancak Euskal Herriko Unibertsitatean eta gaur egun hizkuntza irakaskuntzan dihardu lanean. Baina horrez gainera, Psikodidaktika master bat egiten ari da. Eusko Ikaskuntza ongi ezagutzen du gazte honek, erakundeak martxan ipinitako zenbait proiektutan esku hartu baitu: Euskara da nire aukera. Zein da zure estiloa? edota Datorkigunea izenekoetan. Gainera, 2010eko Ei Gazte! Sariaren irabazlea izan da.