Euskonews Gaztea
Gaiak: Heriotz zigorraz
ARANA, Julen BEITIA, Asier GARITANO, Imanol REVILLA, Nahia SAN MIGUEL, Libe SAN TORCUATO, Amaia
Bergarako ARANZADI Ikastolako lantaldea
Heriotza–zigorra estatuak kondenatutako preso bat exekutatzea da. Azken inkestek erakusten dutenez, gazteen %36,5a honen alde dago. Heriotza–zigorra sistema judizialak agertu zirenetik erabiltzen da. “Zorionez”, gaur egun, garai batean ez bezala, gaizkileak ez dituzte herriko plazan gillotinarekin hiltzen.
Estatu espainiarrean 1934an indargabetu zen. Dena den, oraindik, zenbait alderdi politikok zehapen hau berrezartzea nahi dute. Gu zigor honen aurka gaude, honek gizartean egundoko kalteak eragingo lituzkeelako.
Alde batetik, gaur egun zigor hau ezarriko balitz, gizartean atzera pauso bat izango litzateke, hainbat giza eskubide urratuko liratekeelako. Hori ikusteko, aipa dezagun giza eskubideetako hirugarren atala. Atal honek honela dio: “Norbanako guztiek dute bizitzeko, aske izateko eta segurtasunerako eskubidea”. Argi dago biziaren zigorra ezartzean eskubide hau zapaltzen dela, bizitzeko eskubidea ukatzen delako.
Bestetik, sarritan errugabeak kartzelaratuak izaten dira. Zigor hau erabiliz gero, ez litzateke atzera bueltarik egongo eta hainbat errugabe hilko lirateke. Ikus dezagun, adibidez, Pablo Ibarren kasua. Pablo Ibar gazte euskaldun bat da. Floridan zegoela, bertan gertatutako hilketa bat leporatu zioten. Nahiz eta DNA probak, ileak eta hatz–markak bereak ez izan, erruduntzat jo dute eta heriotza–zigorrarekin kondenatu dute.
Heriotza–zigorra ezartzearen alde daudenek delinkuentzia nabarmenki jaitsiko dela defendatzen dute. Beraien iritziz, zigor hau aplikatuz gero, gaizkileengan beldurra sortzen da, eta horrela ez lukete legearen aurkako aktibitaterik egingo. Baina, hori ez da horrela, gaizkileek delituak egiten jarraitzen baitute. Honen adibide nabarmena Ameriketako Estatu Batuak dira. Bertako estatu gehienetan heriotza–zigorra ez dago debekatuta, eta hala ere, inon baino hilketa gehiago egiten dira bertan. Gainera, beste zigorrek ez bezala, zigor honek ez du uzten erruduna berriro gizarteratzen. Zigorrak, teorikoki, ikasteko erabiltzen dira, baina zer ikasiko du errudunak hiltzen badute?
Aurreko guztia dela eta, estatu espainiarrean heriotza–zigorra ez dela berrezarri behar pentsatzen dugu. Gure iritziz, honen guztiaren konponbidea ez da gaizkilea akabatzea, bai, ordea, egin duena zergatik egin duen ikertzea. Sabaian itogina dagoenean, ontzi bat jartzea ez da irtenbiderik egokiena, zergatik dagoen itogina ikertu behar da. Era horretan, egungo gizartearen arazo larriez jabetuko ginateke eta, horrekin batera, irtenbide bezala balio lezaketen ideiak lortuko genituzke.