Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazte ekoliderrak 2011, mundu ideala marraztuz
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Beste behin ere Kutxak, Eusko Ikaskuntza eta Cristina Enea Fundazioaren laguntzarekin abiatutako Gazte Ekoliderrak proiektua martxan ipini da, eta 2011ko edizioan parte hartzeko izen–emate epea ireki dute dagoeneko.
Aurreko edizioan lez, 18 eta 29 urte arteko gazteei zuzendutako ekimena da hau, hain zuzen ere garapen jasangarriarekiko sentsibilizazio maila altua duten pertsonak bilatzen dituzte, bai eta gazte/boluntario taldeetako eta mugimendu sozialetako partaideak ere. “Eta zure mundu ideala marrazteko aukera bazenu?”
Modu honetan egin dute deia Gazte Ekoliderrak proiektuko lagunek euskal gazteei. Gehienez 30 neska–mutilek esku hartu ahal izango dute ekimenean, izena ematen duten guztiei elkarrizketak egingo dizkiete, eta zenbait faktore kontuan hartuz –lurraldetasuna, generoa eta abar– hautatuko dute edizio berriko lantaldea.
Hala, 2010ean bezala, hiru fasetan esku hartu beharko dute 2011ko gazte ekoliderrek: Trebatu, Ekin eta Izan. Trebaturi dagokionez, ponentzia, eztabaida, tailer eta beste bideen bitartez garapen jasangarria edota lidergoa moduko gai konkretuen gaineko ezagutza jasotzea da xede nagusia. Ekin fasean, aurretik ikasitako hori praktikan ipini beharko dute gazteek, taldetan proiektu bat garatuz. Eta azkenik, Izan fasea, aurreneko bien ondorioa da, ekinaren ekinaz izatera gazte ekoliderrak izatera iritsiko dira parte hartzaileak. Esperientzia positiboa 2010ean
Ekimenaren aurreneko edizioan, 30 gaztek hartu zuten parte baita ere, eta bost proiektu garatu zituzten: Mugikortasuna Industrigunetan; Aterpetxeak eta Ekobaserri Eskola barne dituen bidegorri–sare alternatiboa; Biztanleria ekoaktiboa bultzatzeko programa; Berderabiltzen; eta Ez gaude berde.
Mundu berri bat marrazteko gogoa edukiz gero, Gazte Ekolider bilakatu zaitezke. Abenduaren 3ra arte duzu epea. Animatu! Erlazionatutako artikuluak «Gazte Ekoliderrak, Euskonews Gaztean»
