555 Zenbakia 2010-11-19 / 2010-11-26

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gazteak komunikabideetan: sagutegi eta sagu

ESTARRONA ELIZONDO, Itsaso

Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko Komunikazio arduraduna



Amu eta arrain. Sagutegi eta sagu. Gazteak ikusle, entzule eta irakurle gehiago arrantzatzeko erabiltzen diren harrapari eta harrapakina dira. “Lilura eta madarikazioaren artean” mugitzen da gazteen irudia mass medietan. Zer dela eta? Enrique Gil Calvo soziologoak xehetasun guztiak azalduz ituen Gasteizko bigarren Gazte Planaren abiapuntu–saioan. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak bertan parte hartu zuen. Enrique Gil Calvo, erdian. Argazkia: Euskadiko Gazteria Kontseiluak utzia.

Star wars filmean agertzen diren jedi zaldunen antzeko zerbait dira gazteak komunikabideetan: aurpegi argitsu, erakargarri eta distiratsu bat dute alde batetik... eta iluna, arriskutsua eta gaiztoa bestetik. Gil Calvo soziologoaren ikerketen arabera, Galaxien gudako zaindariek oso ondo irudikatzen dute komunikabideek marrazten duten gazteen aurpegi eta gurutzea; aurrealde eta atzealde hori, dena den, txanpon berean daude, edo, beste alde batera esanda, elkarren arteko alde bat dute: “bi aurpegi horiek oso sexyak dira”. Beraz, irakurle, entzule eta ikusleak bereganatzeko erakargarri eraginkorra dira. Hori dela eta, hedabideak etengabe baliatzen dira argi eta ilun horietaz; behin eta berriz. Hainbestetan, ezen gazteria “gainordezkatua” baitagoen; edo, beste era batera esanda: gizartean duena baino neurri handiagoan agertzen da komunikabideetan. “Gehiegizko ikuspena dute eta, haatik, bere benetako arazoek (etxebizitza, hezkuntza, enplegua) gutxiegizkoa”, soziologoak dioenez. Baina, zer dela eta egotzi izan zaie paper hori gazteei? Neurri batean, gidoiaren “exigentziak” dira: beste adin–talde eta kolektiboen gainean eragina duen logika–periodistiko baten emaitzak, alegia.

Komunikabideek, “kazetaritzaren arrazoi kongenitoak direla eta”, interpretazio markoak edo frame–ak erabiltzen dituzte, hau da, errealitatea ordenatu, interpretatu eta epaitzeko balio duten eskema–mental moduko batzuk. ‘Gertatzen dena’ eraiki eta kontatzeko, errealitatea kontakizun bihurtzen dute: istorioak kontatzen dituzte eta, horretarako, pertsonaiak behar dituzte. “Kazetaritzak berezko duen informazioa manufakturatzeko modu horrek” honako emaitza du: kazetariek rol irmo eta estereotipoak baliatzen dituzte. Karikatura horiek, pertsona gazteen kasuan (eta beti Gil Calvoren arabera), hiru profilekin bat egiten dute: gazte transgresore edo urratzailea, gazte martirra eta gazte erredentore edo salbatzailea. Urratzaile, martir edo salbatzaile

Gazte urratzailea gazte madarikatua litzateke. Harrapari bat. Bizkarroia. Kode guztiak bortxatzen dituen nihilista, baina ez subertsibo edo iraultzailea. Galbidetsua. Kate Moss. Edo hemen lurrean, pasota bat besterik ez. Beste bi pertsonaiekin alderatuz (martirra eta salbatzailea) “hau da gehien saltzen duena”. Dena den, “urratzaile” rol–a ezin da erabili. Zer egiten da kasu horretan? Ezin badugu borreroaren irudia erabili... “biktimarena erabiliko dugu”. Orduan azaleratzen da beste jedi aurpegia: gazte–martirrarena.

Bai, horixe bera: indar maltzurren biktima den gazte errugabea. Ezagun egiten al da irudi hori? “Desagertutako ume bat, bortxatutako neska bat, pederastia jasan duen nerabe bat edo cyberbulling–a bizi izan duen gazte bati buruz hitz egiten dutenean, irudi hori darabilte komunikabideek”, soziologoak dioenez. Pertsonaia horren bitartez, “morbositateari etekina ateratzen saiatzen dira, jendearen errukia eraginez”. “Gazteak mota guztietako arriskuen biktima posible bezala azaltzen dituzte, alarmismoa piztuz eta, hori gutxi balitz, gazteak haur bezala irudikatuz, bere eskubideen jabe diren hiritar bezala aurkeztu beharrean”. Esandakoa: borreroaren pertsonaia dugu batetik, eta biktimarena bestetik. Dragoia eta printzesa. Eta orain, zein pertsonaia falta da aktore–multzoa osatzeko?

Printzea, noski. Salbatzailea. Edo, Gil Calvoren hitzetan, “gazte erredentorea”. Idealista, desinteresatua, gizarte–konpromisoa duena... edo neska ilehoriaren alde sakrifikatzen dena. Istorio honen kixotea da, “eta gutxien saltzen duena”. Zeinek salduko du ba gehiago, Dulcineaz maitemindutako zaldun batek, ala mutil–lagun grunge eta kolgatu bat duen super–modelo batek? Lehenengo kategoria horretan kooperanteak, boluntarioak eta mundu bidezkoago baten aldeko aktibistak daude.

Hauek dira, beraz, komunikabideek errealitatea sukaldatzeko erabiltzen dituzten osagaiak, Gil Calvok azaltzen duenez. Baina, zergatik da ‘menu’ hau garrantzitsua? Inork ez du sinesten... baina guztiok sinetsiko bagenu bezala egiten dugu

Soziologoak esaten duenez, jendeak badaki gazteak ez direla ‘pertsonaia’ horiek bezalakoak. Hala ere, “horrela direla sinistuko balute bezala jokatzen dute, besteek hori sinesten dutela uste dutelako”. Hori horrela, gazte batzuek pertsonaia horiek imitatzen dituzte, esaterako. Gero, ‘pertsonaia’ bere kontra bihurtzen da. Hau da, ikusleak harrapatzeko erabili izan den amuan koska egiten dute, nolabait esatearren. Eta “hori ez da arazo bakarra”: Gobernariek ere pertsonaia horien arabera eraikitzen dituzte bere diskurtso eta politikak, bozkatzaileek pertsonaia horiek sinesten dituztelakoan. Eta honek, ba al du konponbiderik?

Gil Calvok Pierre Rosanvallon Frantziako historialari eta filosofo baten eredua aipatzen du. Bere planteamendua honakoa da: hiru hankako batzordeak osatu. Hau da, komunikabideak, politikariak eta administrazioa (azken hau, hiritarren ordezkari moduan) mahai berean bilduko dituen foro bat. Zertarako? Errealitatearen trataera mediatikoa deseraikitzeko. Nola? Bere maskarak, bere pertsonaiak elkartrukatuz, diren hori direla elkarri aitortzeko: hau da, errealitatea bera ez diren fikziozko paperak direla aitortzeko. Inork ez dezan sinesten ez duen zerbait sinetsiko balu bezala egin.

*Enrique Gil Calvo, (Huesca, 1946) Madrilgo Complutense Unibertsitateko irakaslea da. El miedo es el mensaje: riesgo, incertidumbre y medios de comunicaci?n da bere azken lanetako bat.