555 Zenbakia 2010-11-19 / 2010-11-26

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gazte Ekoliderrak, 2010eko esperientzia

OTAZO, Amaia

Gazte Ekoliderrak 2010eko kidea eta 2011ko koordinatzailea



Ekoliderretan izandako esperientzia oso positiboa izan da. Hogeita hamar gazte elkarrekin bildu ginen jasangarritasunean interesatuak eta zerbait egiten hasteko gogodunak, baina izaera, jatorri, diziplina eta ikuspuntu ezberdinetakoak.

Hasiera batean lan handia izan genuen Ekolider kontzeptua ulertzen, talde bezala zer egin eta norantz joan nahi genukeen erabakitzen, eta oraindik ere egunez egun, horren inguruan hausnartzen jarraitzen dugu.

Trebakuntza garaian inoiz landu ez genituen gaien inguruan formazioa jaso genuen. Adibidez, ni neu Ingurugiro Lizentziatua izanik ezer gutxi nekien komunikazio munduaren inguruan eta enpresa edo ingeniaritzatik zetorrenak berriz, ingurumenaren ezagutza sakondu zituen.

Hala, jasangarritasunak zer suposatzen duen, bai natura, gizarte edo partaidetza ikuspegitik landu genuen eta jasangarritasunaren bidean gauzatu nahi ditugun proiektuak aurrera ateratzeko prozedura, komunikatzeko moduak eta abar ikasi genituen. Azken finean ingurumen–lidergoa nola gauzatu ikasi dugu. Horretarako trebakuntzan oinarri horren teorikoak ez zituzten gaiak ere egon ziren, nolabait Ekoliderroi ekiteko inspirazioa eta indarra eman zigutenak; bere kabuz enpresa txikiak sortutako pertsonen testigantzak, bidaia bere ogibide egin zuenarena, Lakabeko kasua... denek erakutsi ziguten ekiteko beste modurik ere badagoela. Eta pixkanaka taldeak detektatzen genituen arazoei aurre egiteko proiektuak diseinatu genituen tutoreen laguntzaz.

Gaur egun Ekoliderrak sare bat gara, gure indarrak batu eta gizartearengana nola iritsi erabakitzen ari garenak, baina denen artean jasangarritasunaren alde lan egiteko prest gaudenak. 2011eko Gazte Ekoliderren taldea ere sare honen zati izango da urtez urte jasangarritasunaren alde ekingo dugun gazte taldea zabalduz joango delarik.