556 Zenbakia 2010-11-26 / 2010-12-03

Euskonews Gaztea

Gaiak: Abortuaren lege berria: ikuspuntu ezberdinak

ETXANIZ, Elene GARATE, Maitane GARITANO, Amaia GOMEZ, Iosu OTEIZA, Aritz

Bergarako ARANZADI IKASTOLAko ikasleak



Abortuaren lege berriaren –2010ean onartua– arabera, emakumeek haurdunaldiaren 14. astera arte abortatu ahal izango dute libreki Hego Euskal Herrian. Bestalde, 16 urteko emakumeak adin nagusikotzat hartuko dituzte haurdunaldia eten nahi izanez gero. Hamasei eta 17 urteko emakumeek ez dute gurasoen baimenik beharko, baina, beti ere, hauek jakinaren gainean egon beharko dira.

Abortatu nahi duten emakumeek ospitale publikoetara jo ahal izango dute. Beste aldetik, 14. astetik aurrera abortatzen duten emakumeek ez dute kartzela zigorrik jasoko, baina isun ekonomikoa ordaindu beharko dute. Ipar Euskal Herriari dagokionez, 12. astera arte abortatu dezakete emakumeek. Argazkia: Aranzadiko lantaldea.

Abortuaren lege berri hau aitzakiatzat hartuta, egoera honetan egon den emakume batengana jo dugu haren iritzia jakiteko asmoz. Hona hemen harekin izandako elkarrizketa:

Zenbat urte zeneuzkan haurdun geratu zinenean?

Hogeita bat urte besterik ez nituen. Garai hartan lanean ari nintzen eta nire bizimodua nahiko arrunta zen.

Nola erreakzionatu zenuen haurdunaldiaz jabetu zinenean? Eta zer esan zuen zure mutilak?

Egia esan, susto galanta hartu genuen! Nire mutila ados zegoen nik hartutako erabakiarekin.

Familiari esan zenion zerbait?

Ez nien ezer esan. Gu bion kontua zen, ez beste inorena, eta erabakia geuk hartu behar genuen.

Zerk bultzatu zintuen erabaki hori hartzera?

Beldurra, ziurtasunik eza... Gainera, nire mutilarekin neukan harremana nahiko berria zen. Orokorrean, gauza asko izan ziren.

Zenbat denbora behar izan zenuen erabakia hartzeko?

Momentuan bertan erabaki nuen. Garbi neukan oraindik ez nuela seme–alabarik eduki nahi.

Non eta nola abortatu zenuen?

Donostian, kontsulta ginekologiko batean.

Damutzen al zara?

Ez, badakit bestela sufritu egingo nuela eta.

Abortatu ondorengo hilabeteak nolakoak izan ziren?

Ez zuten ezer berezirik izan. Nire eguneroko bizitzarekin aurrera jarraitu nuen.

Harrezkero izan duzu beste seme–alabarik?

Bai, mutiko bat izan genuen abortatu eta 12 urteren ostean.

Zer egingo zenuke atzera egin eta berriz egoera berean aurkituko bazina?

Berriz ere berdina egingo nuke, dudarik gabe.

Zer pentsatzen zenuen abortuaren gainean egoera horretan aurkitu baino lehen?

Abortatzea librea izan beharko litzatekeela.

Eta gaur egun, zer pentsatzen duzu abortuaren legearen gainean?

Ondo iruditzen zait. Norberak bere erabakiak hartzeko eskubidea dauka.

Zer esango zenieke abortuaren aurka dauden horiei guztiei?

Norbera libre dela nahi duena egiteko. Ezin zaio inori ezer inposatu, eta garbi daukat abortatzen duzunean, pertsona bat hiltzen duzun kontu hori ez dela egia.

Amaitzeko, zer esango zenieke abortatu edo ez zalantzan dauden emakumeei?

Gauza asko hartu behar dira kontuan, baina, gazteak badira eta dudan baldin badaude, aurrera egiteko abortuarekin. Haurrak izatea oso polita eta pozgarria da, baina ardura asko eskatzen du, eta baldintza ekonomikoak ere hor daude. Beraz, dudan baldin badaude, nik haurra ez edukitzea gomendatuko nuke. Aurrerago ere, benetan nahi dugunean egongo baita ekartzeko aukera. Herritarren iritzia

Bestalde, abortatu duen emakume batez gain, gai honen inguruan herritarrek duten iritzia ere jakin nahi izan dugu. Horregatik, inkesta bat egin diegu Bergarako 18 biztanleri, adin–tarte desberdinak zehaztuta. 15–30 urte bitarteko 6 gazte inkestatu dira, 21–60 urte bitarteko 6 heldu eta 61 urtetik gorako beste 6 edadetu. Bakoitzari abortuaren lege berriaz duten iritzia eskatu diegu eta hona hemen haiek emandako erantzunekin egindako grafikoak eta ondorioak:

Beraz, ondoriozta dezakegu inkestatuen gehiengoak, orokorrean, jarrera positiboa duela abortuaren lege berriaren gainean, baina gehienek dute desadostasunen bat. Aldeko argudio nagusia “norbera bere erabakiak hartzeko gai izan behar dela” izan da, eta aurkakoa, aldiz, “abortua hilketa dela”. Hirugarren aukera hautatu duten gehienek esan dute “emakumeak bere erabakiak hartzeko eskubidea daukala”, baina gehitu dute “gurasoek garrantzia handia daukate erabakia hartzeko orduan; beraz, gurasoen baimena edo haiek jakinaren gainean egotea beharrezkoa dela.”

Eta azkenik, hirugarren ikuspuntu baten bila ere abiatu gara. Horretarako, mediku batengana jo dugu haren iritzia ezagutzeko asmotan. Hona hemen hark emandako erantzunak: Idoia Bildosola (medikua)

Aurkitu zara inoiz abortu kasuren batean inplikatuta mediku bezala?

Bai, eta adin guztietako jendea etorri izan da guregana. Normalean, informazio eske etortzen dira, eta zenbait kasutan, zer egin galdetzera, iritzi eske, aholku eske...

Zein da zure iritzi pertsonala abortatzearen aurrean? Eta mediku iritzia?

Mediku bezala eta pertsona bezala iritzi berdinekoa naiz. Nire ustez, abortatzea ondo dago, baina kasu bakoitza begiratu beharra dagoela uste dut, eta horren arabera gauza bat edo beste bat egin.

Ze iritzi daukazu abortuaren lege berriaren gainean?

Legea ondo iruditzen zait eta baita jarritako adina ere, baina gauza batekin ez nago ados. Nire ustez, gurasoak jakinaren gainean egon beharko lirateke, eta jakina, beraien iritzia kontuan hartu.

Erreportaje honetan aurki ditzakegun iritzien artean, esan daiteke lege berriaren aldekoa dela nagusi; halere, gurasoen baimenaren beharrik izate ezak zeresan eta desadostasun handiak sortu ditu.