557 Zenbakia 2010-12-03 / 2010-12-10
Beti arduratu naute maite ditudan pertsonak, hauek ondo egotea, txarrik ez pasatzea eta zoriontsu ikustea ...
Beti arduratu nau herri honen egoerak, dauden injustizia guztiek, sufrimenduak, nahi eta ezinak ...
Beti arduratu nau naturak, penagarria da nolako azkar suntsitzen gabiltzan eta zelako errespetu gutxi diogun, ...
...
Baina azken aldian burukomin gehien ematen didan ardura nagusiena gure euskara da, harrigarria da nolako erraz pasatzen garen erdarara. Harrigarria da batzuk euskaraz ikasi eta bizitzeko sekulako esfortzua egiten duten bitartean, zorionez guk jaiotzez dugun altxor honi zelako garrantzia gutxi ematen diogun, eta euskaraz dakienarekin ohituraz erdaraz egiten dugun, edo euskañolez, ... Argazkia: Sean Loyless
Egia esan, nire ustez azken hau harrigarria izateaz aparte penagarria ere bada. Gero manifestazioetara joango gara eta euskararen kontrako eraso denak jo eta ke arbuiatu eta borrokatuko ditugu, baina ez gara konturatzen gu garela geure hizkuntzaren erasotzaile eta etsai handienak ...
Ea poliki–poliki konturatzen joaten garen gure hizkuntza zaindu eta bizirik mantentzeko era zuzenena eta eraginkorrena gure mingainetan eta bihotzean naturaltasun eta harrotasun osoz erabiltzea dela. Eta horrela, euskaraz ez dakienari gure hizkuntza maitatzen eta kontzientzia hartzen lagundu ahal izango diogu, baina lehenengo guk geuk egin behar dugu hori ...
Euskaren eguna egunero izatea lortu behar dugu, eta ez abenduaren 3an bakarrik.