557 Zenbakia 2010-12-03 / 2010-12-10

Euskonews Gaztea

Gaiak: Euskara Nafarroa Garaian

SALABERRIA, Nestor

Sortzen Ikasbatuazeko Nafarroako koordinatzailea



Beti entzun izan da aspaldi Nafarroako lurralde gehienean Euskara mintzatu zela, toponimia arrastoak badaudela, hilarrietan testu txikiak eta beste hainbat zantzu. Lehenengo mendearen mapa aunitz ikusi izan dugu, non euskarak Bizkaiko golkoaren zati handi bat hartzen duen, kasik Mediterraneoraino. Argazkia: www.ukberri_net

Mendetik mendera, euskararen marra atzerantz nola joan den ikusi izan dugu, eta euskara debekatzen zuten hainbat dokumentu irakurri eta ezagutu. Baina ez dut hor eztabaida kokatu nahi. Eztabaida ez da ea euskara Nafar hizkuntza den (edo izan den) edo ez. Hori euskararen etsaien argudioa da. Euskara ghetto batean itxita nahi dutenen eztabaida.

Jakina da XXI. Mendearen lehenengo hamarkada amaituta euskara Nafar lurralde guztian ikastea ezinezkoa dela, eta ahal den lekuetan, trabak besterik ez daudela.

2011an Ley Foral del Vascuence–ren 25. urteurrena izango da. Lege hau, normalizazio legea izan baino, muga legea bihurtu da. Muga aunitzeko legea gainera. Ikasi ahal izateko mugak ezartzen ditu, hitz egin ahal izateko, mugak jartzen ditu, irakurtzeko, mugak jartzen ditu, idazteko, mugak jartzen ditu.

Baina mugak ez daude soilik zonalde “ez” euskaldunean deritzon lurralde zatian, mistoan eta “euskaldunean” ere, mugak eta trabak ez dira nolanahikoak. Nola uler daiteke bestela Zizurko errepide batean seinalea elebitan jartzeko 5 urtetako epaitegi ibilbidea egin behar izatea?

Baten batek uste badu zonaldez aldatzea konponbidea dela, begirada murritza du. Lege honen edukiak, ezta bere irakurketa baikorrenean ere, ez ditu asetzen euskara eta euskaldunen beharra eta nahia. Batez ere nahia.

Hasieran historia oinarriak aipatzen nituen, horrek zilegitasuna ematen digulakoan. Aski da. Egun, Nafarroa Garaiko hainbat herritarrek euskaraz ikasteko eskubidea dute, nahiz eta sekulan herri horretan euskara erabili ez izan. Nafarrak dira, euskal herritarrak dira eta eskubide hori aitortu baino, bermatu behar zaie.

Horregatik, bada garaia jendarte guztia aldarrikapen honen atzean biltzeko eta denon artean gure herrietako harresiak behera botatzeko. Ekin diezaiogun denok batera, lortuko baitugu.