Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Nekane Etxaide. (Euskara irakaslea Berlinen): Euskara ez da beste hizkuntza batzuk baino zailagoa
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Berlineko Gernika Euskal Etxearekin erlazionatuta zaudela entzun dugu.
Euskal Etxea sortu berria da, hain zuzen ere, 2010eko urriaren 30ean izan zen aurkezpen ofiziala. Jende asko etorri zen eta badirudi interes handia piztu dela.
Orain arte Gernika izeneko Euskal – Aleman Kultur Elkarteko bazkidea izan naiz. Elkarte hau 1998an sortu zen, Gernikako bonbardaketaren 60.urterurreneko ekimen batetik. Kultur ekitaldi ugari antolatu ditu denbora honetan, hala nola, hitzaldiak, euskal idazleen irakurketak, eztabaidak eta film erakusketak. Iaz esaterako, Euskal Koreografoen 1.go jaialdia antolatu genuen eta oso ondo atera zen. Hemendik aurrera, Euskal Etxea bezala agertuko gara eta euskara ikastaroak ere eskainiko ditugu. Argazkia: Nekanek utzia.
Eta zu izango zaitugu irakasle. Baina ez da Alemania aldean euskara irakasten zabiltzan zure aurreneko esperientzia izango, ezta?
Halaxe da. Datorren urtarrilean hasteko asmoarekin gabiltza. Hala ere, azken urteotan euskara irakasle bezala esperientzia biltzeko aukera izan dut, hasieran, ikasle bakar batekin. Gero, 2006an Berlingo Freie Unibertsitatean euskara irakasteko abagunea izan nuen eta hori oso esperientzia interesgarria eta aberasgarria izan zen niretzat. Ikasle asko etortzen zen euskara ikastera; ez bakarrik linguistika arloan zebiltzan pertsonak, baizik eta bestelako asko ere.
Batzuk Euskal Herrian egonak ziren, besteek lagun euskaldunak zituzten eta beste zenbaitzuek hizkuntza zahar eta misteriotsu hau ezagutzeko jakinmina zuten.
Unibertsitatean irakatsi ondoren nire kabuz jarraitu dut euskara irakasten, hizkuntza sakonki ikasi nahi dutenak etortzen dira niregana eta baditut bi ikasle euskaraz hitz egiteko gai direnak. Gehienak alemaniarrak dira.
Orain arteko kasuei erreparatuz gero, asko kostatzen al zaie euskaraz ikastea?
Euskara ikasten duen jendea oso azkarra da eta nahiko arin ikasten du gure hizkuntza; hori izan da nire esperientzia behintzat. Euskara ikasi nahi duenak interes handia du eta gogoz hartzen du; gainera, ikasleak normalean ikasteko ohitura du eta bestelako hizkuntzak ikasi ditu lehenago.
Nirekin lehen ikasten dutena nor bere burua aurkeztea da: nor den, nongoa den, non bizi den eta abar... Hasiera hasieratik elkarrizketa motz eta sinpleak ulertzeko eta egiteko gai izan daitezen saiatzen naiz. Argazkia: Nekanek utzia.
Esango al zenuke Alemania aldean Euskara eta Euskal Herria ezagutzen dutela?
Baietz esango nuke, askok dakite “Baskisch”deritzan hizkuntza dagoela eta “Baskenland”en hitz egiten dela baina gutxienek dakite euskara hizkuntza zahar eta berezi bat dela, gaztelaniarekin zerikusirik ez duena.
Euskal Herria ezagutzen duen jendeak gainera, oso oroimen eta iritzi ona izaten du. Alemaniarrak bidaiari galantak direnez gero, asko eta asko gutxienez Euskal Herritik pasa dira hegoaldera bidean. Donostiakoa naizela diodanean askorentzako hiri ezaguna da eta bere edertasuna miresten dute.
Nola ikusten duzu gure hizkuntzaren egoera?
Dudarik gabe, Euskarak azken urteotan aurrerapauso handiak eman ditu. Hiztunen kopurua hazi da eta euskararen erabilera hedatzen ari da gure gizarteko alor guztietan. Hala ere, ezin dugu ahaztu euskararen normalizazio prozesu batean murgilduta gaudela eta honek denbora behar duela bere helburua lortu arte. Euskal Herrian egoten naizenean, kalean asko entzuten dut euskaraz hitz egiten –Donostian eta inguruetan bereziki– eta horrek asko pozten nau.
Baina hiztunen kopurua hazi bada ere, oraindik ez da lortu gure gizartea elebidun izatea eta horretarako hiztunen konpromisoa behar–beharrezkoa da.
Zer esango zenieke aitzakiak aitzakia – euskara zaila dela esaterako– ikastera animatzen ez direnei?
Aitzakiak bilatzea erraza dela. Gainera euskara zaila dela esatea topiko hutsa da. Euskara ez da beste hizkuntza batzuk baino zailagoa, berezia da ez duelako ahaidetasunik beste hizkuntzekin. Argazkia: Nekanek utzia.
Eta gaur egun dauden hainbat metodo didaktikorekin oso atsegina eta dibertigarria izan daiteke euskara ikastea, beraz gutxienez saiatzeko esango nieke ikastera animatzen ez diren guztiei.
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da... Mezurik euskal hiztunoi?
Mintza zaitezte euskaraz ahal bada egun osoz eta saia zaitezte zuen euskara egunez egun hobetzen eta aberasten. Eta egunaren harira Euskarari, Herzlichen Glückwunsch! Zorionak!
Alemania aspalditik ezagutzen duzu. Atentzioa ematen duen zerbait bertatik?
Abenduan gaudenez abendualdia hemen nola ospatzen den aipatu nahiko nuke. Oso gustokoa dut garai hau hiria argiz eta apainduraz betetzen delako. Etxeetako leihoak kolore guztietako argiz apaindurik daude, arbolak, landareak eta hesiak ere bai, honek poza eta alaitasuna ematen du neguko egun ilunetan...
Hiriak eta hirietako auzoak Gabonetako merkatuz betetzen dira eta hemen jendeak gabonetako opariak eta gozokiak erosten ditu eta “Glühwein” ardo goxo beroa edaten du, Gabonetako kantak eta doinuak entzuten diren bitartean... Bai, ederra da benetan eta horrela hotza eta iluntasuna jasangarriagoak egiten dira.
Gutxien gustatzen zaidana hotza da, oso hozbera bainaiz, baina elurra asko gustatzen zait oso ederra baita dena elurrez estalita dagoenean. Niretzako beti izan da eta izango da bitxikeri alakuak izozten direnean eta izotzaren gainean ibiltzen naizenean. Nekane Etxaide (Donostia, 1958) Hizkuntzak gustuko ditu Nekanek. Ingeles Filologia ikasketak Bartzelonan burutu zituen eta amaitu ondoren ingeles eta euskara irakasle bezala lan egin zuen Donostiako Cebanc ikastetxean. Alemania aldera abiatu zen 1988ko udan alemana ikastera. Zenbait urte idazkari lanetan aritu ondoren gaztelania eskolak ematen hasi zen Iberika izeneko hizkuntza?eskolan. Horrez gain, euskara irakasteari ekin zion ?hasieran ikasle bakar batekin.