Euskonews Gaztea
Gaiak: Euskal La Meca
Durangotik etxerako bidean gogoeta mordo batek harrapatu ninduen, autobusak bere lana egiten zuen bitartean. Autobusak eta txoferrak, izan ere astelehen jaiko arratsaldean umore txarra igartzen zitzaien biei, bati motorearen hots sintomatikoa eta besteari umore–furrustadak. Eta hori lanean ari zireneko seinalea zen. Argazkia: Zuriñe Velez de Mendizabal Etxabe.
Islamiar euskaldunak bagina bezala, Durangoko gure “La Meca” propioarekin urteroko hitzordua beteta, autobusean erdi lotan nindoan eta aurtengo edizioan askoz eroso ibili naizela pentsatu nuen. Ez dakit izan zen nik erabilitako orduak eguneko erosoenak zirelako ala, apur bat denetik, publiko gutxiago ibili zelako edota instalakuntzetako egokitzapen logikoagoa –lay out aproposagoa– lortu zutelako. Medioetako saltsa–maltsatan ere, zarata gehiago eman delakoan nago. Baina modu zibilizatuago batean iritsi zaigula esango nuke.
Hainbat eta hainbat izen ospetsuren artetik, aurtengo Azokan Xabier Leterena gailendu da, dirdira osoz. Ez dut uste – Leteren kasuan bezala, behintzat– kultura egileen multzoan jauzi kualitatiboa egiteko hil egin behar denik. Kualitatibo diot, baina ez nuke kuantitatiboki idatziko. Ezen, aurtengoan Letek beste edozein ediziotan baino askoz gehiago saldu duela iruditu zait. Eta guztiz erreakzio normaltzat jo behar da, gizon–emakumeoi erresorte bat askatzen baitzaigu betiko joandakoaren heriotzaren unean, eta berarenganako estimuak erpina hartzen du. Durangoko stand askotan ikus zitekeen Leteren irudia, balizko eroslearentzako erakargarri bezala jarria. Arreta txiki batek eraman ninduen frogatzera Leteren CD batzuek eta zenbait liburuk prezio ez ohikoak zituztela. Guztiz normala ere. Azoka batean geunden.
Etxera heldu nintzen, eta erositako liburuak nire logelako mahai gainean utzi ondoren telebistaren aurrean eseri nintzen. Aitak galdetu zidan Durangoko giroaz eta, nire erantzuna itxaroten balego bezala, erretolika etengabeari ekin zion, antzinako abenturak aletzen, bana–banan. Elizaren atariko garaiak, euren eskasiarengatik euskal libururen bat aukeratzea gaur bezain ariketa zaila ez zeneko urteak, Durangorako joan–etorrietan artean errito ez zireneko sasoiak, eta abar eta abar...
Euskal kulturako fededunok datorren urtean ere gure La Meca bisitatuko dugu. Inoiz tunika zuria janzteko ohiturari itxura ematen hasi beharko genuke, gure erromeriaren ezaugarri eta borondate onaren erakusgarri gisa.