Euskonews Gaztea
Gaiak: Papera teknologia berrien aurka?
Urtero eta abenduko aurreneko egunak igarota, burura etortzen zait hausnarketa berdina; betiko lez, eta Durangoko Azokaren harira, “irakur zaletasuna” eta “kontsumismoa” moduko kontzeptuak dantzan dabilzkit nire barnean. Argazkia: goXunuReviews
Egungo gizartean zer nolako erabilera ematen diegun kultura gaiei, horixe da askotan pizten zaidan zalantza. Ez naiz hasiko euskaltzaleon urteroko hitzordua dena kritikatzen, uste baitut erakusleiho aparta dela artista, idazle eta abarrentzat. Baina beno, gainerako “parafernaliaren” inguruan, zer edo zer etorriko litzaidake burura, ez naiz ordea, horretan sartuko.
Ateak itxita, 2010eko azokaren balorazio anitzak entzun ditugu. Ondorio nagusietako bat oraindik krisiaren hortz zorrotzek kontsumo merkatua mehatxatzen dutela izan da; besteek, aurreikusitakoa baino askozaz salmenta handiagoak eduki dituztela aipatu dute. Egiari zor, gehiago edo gutxiago gastatu, jende kopuru handiak bisitatu du aurtengoan ere Landako gunea, neu tarteko!
Geure bisitaldian liburu eta musika mordoa aurkitu ditugu standetan; batzuk lan berriak ziren, besteak duela zenbait urtetakoak; haurrei edota helduei zuzendutakoak... Musikan CDez gain, disko formatua –hau retroa!– eta USBra deskargatzekoak ere bazeuden –MusikHerria diskoetxearen azken urteetako iniziatiba, esaterako. Argazkia: kennymatic
Idatzizkoen artean bestalde, gehien gehienak –eta ohi lez, salbuespen batzuekin– paper formatuan eskaini zaizkigu; beste gogoeta batera gidatu nauen zertzeladatxoa, bide batez. Izan ere, nire mutil–lagunaren urtebetetzea pasatu berri da, eta irakurle eta teknologia zale amorratu horietariko bat denez gero, zein opari hobeagorik liburu elektroniko bat baino. Duela urte gutxi eta oraindik ere mota honetako tresnak egiazkoak baino, balizko gailuak zirenean, gure betebeharrak asetzeko gai izango ote ziren geneukan zalantza.
Eskuetan eduki arte ez zitzaidan iruditzen erosoa izan zitekeenik, edota erakargarria suertatu zitekeenik horrelako batekin “jolasean” aritzea. Baina ezusteko ederra izan da makinaren gardentasunaz jabetzea eta zein erabilerraza den ikustea, zer nolako erosoa den liburu mordoa toki bakarrean gordetzeko. Egia da ez daukala paperaren xarma bera; jende askori orriak atzera eta aurrera ibiltzea gustatzen zaie eta noski, ez da berdina. Baina halere, benetan praktikoa da irakurgailu elektronikoa.
Beti egon da teknologia berriek papereko edizioak ordezkatu ote dituzten galdera airean bilin–bolonka; egunkariekin gertatzen zen, eta orain liburuen afera dugu saltsa guztietako perrexila. Nik ez nuke jakingo horrela izango den esaten, kristalezko bolarik ere ez daukat etorkizuna igartzeko eta. Halere eta denbora gutxian, hizkuntza ezberdinetan milaka liburu ipini dituzte formatu elektronikoan, eta euskarazko gutxi batzuk ere modernizatu direla esan genezake, nahiz eta oraindik oso–oso gutxi izan guztion apeta asetzeko.
Gainera, 2011n ohiko Durangoko Azoka topatuko dugulakoan nago, eduki fisikoak nagusi izango diren azoka. Baina nork daki, 2020an gure liburu elektronikoa beso azpian dugula joko dugun urteroko hitzordura, kable edo wi–fi bitartez gura dugun hori deskargatzera.
Iragarpen hutsala, inora eramaten ez gaituena... Ezen akordatu orain zenbait urte 2010ean autoek hegan egingo zutela esaten zutela!