Euskonews Gaztea
Gaiak: Wikileaks, bi aurpegiko arma
Ameriketako Estatu Batuen Apache helikoptero bat Bagdageko auzo baten gainean hegan egiten. Kalean, argazkilari bat, argazki kamera batekin. Helikopteroan dauden soldaduek argazki kamera arma bat dela uste dute. Eta tiro egiten dute. Argazkilaria zerraldo erortzen da asfalto berora. “Jarraitu tiroka, jarraitu tiroka...” diote soldaduek. Argazkilaria; argazkilariaren txoferra; argazkilariari laguntza ematera gerturatu diren bi gizon; furgoneta baten barruan zeuden bi haur; kaletik pasatzen ziren beste sei gizon eta emakume: guztira, hamabi pertsonen gorputzak, segundo gutxitan, gorpu. Tiro egin duen soldaduak barre egiten du. Beste militar batek epitafioa oparitzen die hildakoei: “Bastards. Bastards”. Alegia, putakumeak.
Ez da bideojokoa; ez da film bat; Wikileaks atariak zabaldu duen bideo bat da: Zeharkako kalteak izeneko bideoa. Argazkia: Okko Pyykkö
Wikileaks, badakizue: Interneteko atari bat, zeinetan edozeinek, modu anonimoan, dokumentu sekretuak argitaratu baititzakeen. Wikileaks, beraz: estatuek isilarazitako egiak argitaratzeko ataria, estatuen egi ofizialak gezurtatzeko (edo gezur ofizialak direla egiaztatzeko).
Argigune handiak piztu ditu Wikileaksek; baina, agian, itzalguneak ere zabaldu dira bere inguruan.
Nork dauka orain munduan albiste izango dena zehazteko ahalmena? Egunotan, Berlusconiren festa–zaletasuna, Angela Merkelen epeltasuna edo Sarkozyren handikeriari buruzko diplomazia–dokumentuak izan ditugu hizpide; eta batek galdetu diezaioke bere buruari: ez ote da kazetaritza–eraldatzailerako tresna izan zitekeena kazetaritza–arrosaren eremu kaskarinean sartu (horri kazetaritza deitu ahal bazaio)?
Hori bakarrik ez. Zergatik eman dizkiete filtrazio guztiak bost komunikabide erraldoiei? El País, The Guardian, Le Monde, Der Spiegel eta The New York Timesek oihartzun handia dute, bai, baina kontra–informazioa ez da bere ezaugarria! Interes ekonomiko handiak dituzten talde komunikatiboak dira, egunkariez edo irratiez aparte argitaletxeak, ekoiztetxeak eta komertzio–kateak dituzten taldeak, hain zuzen; eta iturri instituzional jakin batzuekiko lotura eta mendekotasuna duten taldeak ere bai. Argitaratuko al luke El Paísek espainiar politikari buruzko edozein dokumentu? Zergatik ez dituzte beste kazetari eta hiritarren esku uzten dokumentu horiek? Dokumentuan jartzen duen guztia esaten al digute (eta nola esaten digute) talde mediatiko horiek? Dokumentu guztiak ezagutarazten dizkigute edo batzuk isilarazten dizkigute? Argazkia: colindunn
Ez da hori Wikileaksen inguruan eragindakoak sortu dezakeen ezinegon bakarra. Wikileaks gardentasunarekin lotu da. Gobernuen jarduera gardenago izan dadin nahi duelako atari honek. Ados, baina orduan, zergatik Wikileaks inguratzen duen guztia da hain opakoa, hain sekretua? Segurtasunagatik, akaso. Ados. Baina hori gobernuek darabilten argumentu bera da, bere dokumentu asko sekretuan mantentzeko.
Galdera gehiago pizten dira, baita gure buruaren inguruan ere. Zergatik daukagu filtratutako dokumentu bat egiatzat hartzeko joera? Askotan filtrazioa eta egia sinonimo bezala ulertzen ditugu. Filtrazioa gezur hutsa izan daiteke. Filtrazioa eta egia, ez dira sinonimoak.
Egunotan ere zabaldu da betiko kezka ezkor eta alarmista: Wikileaksekin, hil egin al da kazetaritza tradizionala? Eta batek dio: baina dokumentu gordinak, kazetaritza al dira? Ez ote zen kazetaritza informazioa aukeratzea, informazioa kontrastatu eta egiaztatzea, eta informazio horri forma ematea? Wikileaks, kazetariekin bukatu baino, kazetarientzat tresna boteretsua izan daiteke, agian.
Tresna boteretsua bai... baldin eta irauten baldin badu! Ezen orain nazioarteko potentziek aukeratu beharko baitute: edo kazetaritza gero eta gehiago fiskalizatu eta prentsa–askatasuna nazioarteko akordioekin mugatu, edo kazetaritza eta gardentasun eredu berriekin ausartu. Badirudi dagoeneko aukera egin dutela.
“Jarraitu tiroka, jarraitu tiroka”; “bastards, bastards”. Wikileaksen bideoek oilo–ipurdia jartzen digute. Wikileaks arma izugarria izan daiteke. Egungo ordenak bere alde erabiltzen saiatuko den arma bat... edo, ordea, kazetaritza eraldatzaile bat egiteko erabiltzen saiatuko garena.
Horretan, akaso, arrazoia zuten Apache helikopteroko soldaduek: argazki–kamera (mikrofono bat edo interneteko atari bat bezala), arma bat izan daiteke. Laban bat bezala, bestea zauritzeko, edo bestearen kateak apurtzeko erabili daitekeena.
Leaks, ingelesez, filtrazioa esan nahi du; baina baita ihesa ere.
Egia filtratzeko erabiliko al dugu, ala egiari ihes egiteko?
Egin ditzagun galderak.