560 Zenbakia 2010-12-24 / 2011-01-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (LXI): Elur garaia

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Gure artean jende askok aprobetxatzen du negua elurretara joan eta kirola praktikatzeko. Asko kanpora abiatzen dira, besteak aldiz, Euskal Herrian geratu, eta berton ditugun parajeez gozatzen dute.

Erronkari ingurua eta Iratiko Oihana dira gure lurretan eskiatzeko aukera ematen diguten bi toki nagusiak. Hauetan aurkituko ditugun pista ezberdinek erosotasun eta ziurtasunez neguko kirola praktikatzeko abagune bila joaten diren ehunka eskiatzaileren bisita izaten dute. Larra–Belagua

Pirinio alde honek baina, urte guztian zehar hartzen ditu naturarekin gozatzera joandako lagunak, paraje eder eta aberatsa baitugu. Besteen artean, pago, haritz kandugabe, izei zuri edota mendi pinuz jositako guneek ongietorria egiten digute; gainera, beste animalien artean, oreinak, basurdeak edota sai arreak begiztatzeko abagunea izan dezakegu. Mendizale ugarik ere Nafarroa alde honetan dauden tontorrak bilatzen dituzte, Hiru Erregeen mahaia (2442m) izanik, akaso, preziatuenetarikoa.

Baina Larra–Belagua estaziora jo beharko genuke eskiatu gura izanez gero. Izabatik nahiko gertu dago parajea, hamabi bat kilometrotara hain zuzen ere. Nahiz eta egun eskiatzaile askok gustuko duten tokia, pistak eraiki zituzten garaian ekologisten partetik kritika ugari izan zituen ekimenak; azkenean baina, 2008an ireki zen estazioa, nahiz eta XX. mendeko 70. hamarkadatik dagoeneko zaletu ugarik hautatzen zuten inguru horiek kirola egiteko.

Iraupen eskian murgiltzeko eremu ezberdinak izango ditugu eskura Belagua inguruan: Mata de Haya (12 kilometro), Eskilzarra (6 kilometro), La Continda (5 kilometro) eta El Ferialen (20 kilometro). Naturaz disfrutatu eta leku ederrak deskubritzeko okasioa etxean bertan. Iratiko Oihana

Baina hasieran erran dugun bezala, badaukagu gertu elur gainean ibiltzeko beste aukera bat eta Iratiko oihan ezagunera bertaratu beharko gara horretarako. Leku benetan polita da, oso zabala hedapenean –17.000 hektarea inguru ditu– eta benetan aberatsa fauna eta florari dagokionez. Ezin aipatu gabe utzi, Europako izeidi–pagadirik handienetariko batetan aurkitzen garela.

Ez dugu aspertzeko aukerarik izango Irati inguruan; ibilaldi ugari burutu batitzakegu urte guztian zehar, oinez edo bizikletaz. Baina gainera, neguan eskiak edota elur–erraketak jantzi eta aukera paregabea edukiko dugu Euskal Herriko txoko horretan murgiltzeko. Horretarako, Abodiko eski estaziora jo eta hogei kilometrotan zehar, nahiko maila errazeko ibilaldiekin gozatu ahal izango dugu; hasiberrik edota kirol honetan eskarmentua dutenentzako, aproposak.

Gure txango honetan, nordikoa moduan ere ezagutzen den iraupen eskia praktikatzeko toki prestatu biren berri eman dizugu. Ziur beste hainbat tokitan ere aritu gaitezkeela; hori bai, kontuz, eta nondik nora gabiltzan ezagutzea funtsezkoa dela ahaztu barik. Burua erabiliz, eta ongi pasatuz. Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com