562 Zenbakia 2011-01-14 / 2011-01-21
Euskonews Gaztearen proiektuan gabiltzan taldekideok modu berezian oroitzen dugu 2007ko urtarrilaren 12a. Hain zuzen ere, hainbat hilabete lehenago abiarazitako egitasmoa jendaurrean eman genuen ezagutzera data horretan.
Abentura berria zen guretzako, eta egia esan behar baldin badugu, garai hartan noraino iritsiko ginen susmorik ez geneukan. Edozein proiektuk zerotik hasteak dakarren errespetu berberarekin ekin genion gazteei zuzendutako astekari honen bidea lantzeari. Atzera begiratu eta lau urteak abiadura ikaragarrian igaro direla esan genezake, asterik aste urrats berri bat emanez, eta topatu ditugun trabak gaindituz. Argazkia: the.serial.chiller
Euskonews astekari aitzindariaren babesean jaio eta bizi gara, gure izenak dioen bezala, baina gazteei zuzendu asmoz sortu ginen. Gainerako agerkarietatik bereizten gintuen hori ere bilatzeari ekin genion; batzuek logo, lema edota edukietan bilatzen dute ezberdintasuna eta guk horrez gainera, Euskal Herriko ikasleen artean topatu genuen erantzuna. 40 ikastetxe, 4000 ikasle...
Hala, zazpi lurraldeetako ikastetxe publiko eta pribatuetara jo genuen Euskonews Gaztea sortzen lagun ziezaguten. Eta erantzuna bikaina izan da. Hala, 2007 eta 2011ko urtarrila bitartean, honako datu hauek ditugu:
Orain arte, 186 ale ipini ditugu sarean eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Ipar Euskal Herria eta Nafarroako ikastetxeetako 14 eta 17 urte bitarteko 4000 neska–mutil inguruk hartu dute parte. Lau urte hauetan berrogei bat ikastetxe izan dira parte hartzera animatu direnak, batzuek aurreneko urtetik egin dute bidea gurekin, eta ikasturtez ikasturte berriak gehitzen zaizkigu gainera, zorionez.
Prozesu osoan esku hartzen dute gainera ikasleek, hau da, zein gai jorratuko duten pentsatu, garatu eta guzia prest dagoenean, Euskonews Gazteako lantaldearekin batera, maketazio lan bat burutzen dute ikastetxean bertan. Oro har, kazetaritza digitalaren gaineko tailer batetan esku hartzen dute, euren intereseko gaiak jorratuz eta beti ere euskara erabiliz. Ezen horixe ere bultzatu nahi baikenuen gure gazteen artean. Kolaboratzaileak ere, bidelagun
Nahiz eta ikasleak eta beraiek sorturiko lanak izan, oro har, Euskonews Gaztearen protagonista nagusi, urtetik urtera kolaboratzaile–sarea zabalagoa bilakatu da astekarian, eta ondorioz, familia handitu dugula esan genezake. Eta horietariko asko gainera, aurretik astekarian beraien ikastetxearekin parte hartu izan dute.
Baina ez dira bakarrak, zer esana daukan edozeini baitago luzaturik Euskonews Gazteako parte hartzea, gazteon bozgorailu izan gura baitugu. Horren erakusgarri dugu Euskal Herritik bertatik eta nazioartetik –New York, Brno, Venezuela edota Brasildik, esaterako– zenbait lagunek helarazitako kolaborazio lantxoak.
Bide oparoa izan da guretzako 2007an hasitakoa, baina iruditzen zaigu oraindik asko daukagula ibiltzeko, ikusteko, irakatsi eta aldi berean ikasteko eta zuekin guztiokin konpartitzeko. Hala, alez ale hobetzen joateko erronka gure gain hartzen dugu.
Amaitzeko, eskerrak eman nahi dizkizuegu Euskonews Gaztearen edukiak sortzen dituzuen ikasle–irakasle, gazte, erakunde, eta abar luzeari, baita eta gurekin astero bidaiatzen duzuen irakurle guztioi ere.
Denon artean, beste lau urtez batera ibil gaitezela!