562 Zenbakia 2011-01-14 / 2011-01-21
Nire poltsikoaren –eta bide batez, bankuaren– araberako etxe txiki batetan bizi izateak leku falta ekartzen didala eta, aro berrietara moldatzea egokitzen zaidala aitortzen dut. Halere, oso teknologia zalea ez naizenez gero, urratsa ematea kostatu zaidala gaineratuko nuke.
Irakurzaletasunak drogetatik asko daukala iruditzen zait, eta zergatik ez esan, txikitatik daukadan mendekotasuna da, hori bai, sano sanoa! Ez al zaizu gertatu eskuartean produktu on bat eduki eta ezin utzirik ibiltzea? Neuri sarri askoan. Gainera, beste parekotasun bat, hainbat substantziekin gertatzen den moduan, errealitatetik aldendu eta mundu paralelo bat bisitatzeko aukera eskaintzen dizkigutela liburuek. Argazkia: annmarie_ware
Hori dela eta, etxean pilatutako obrekin liburutegi polita osotu dut urteen joan–etorrian: eleberriak ditut, baita saiakerak ere, komikiak... kontatzen hasita, hirurehundik gora izango ditudala iruditzen zait, eta hori, hasieran aipatutako leku falta dela eta, gurasoen etxean utzi behar izan nituen txikitako liburuxka eta abar piloa kontuan hartu gabe!
Gainera, interesgarria iruditzen zaidan izenburua ikusi eta erosi beharra sentitzen dut nire barnean. Eta gaur egun, buruari STOP esan behar izan diot, apaletan lekurik ez zaidalako geratzen. Zein ederra den liburua eskuartean orriak aurrera eta atzera maneiatzeko posibilitatea edukitzea, orriek eurek daukaten usai berezia...
Ez. Ez dira berdinak betiko liburuak eta elektronikoak. Halere, liburuzaleari hainbat buruhauste sortzen zaizkio garai moderno hauetan. Alde batetik, paperezko aleei dagokienez esate baterako, orri horiek ekoizteko baliatzen den materialaren zenbatekoa den birziklatua. Eta urtean gutxienez sei bat liburu erosten duen horietarikoa izanik, dirua ere aurrezteko bidea ematen digute teknologia berriek; eta zer esanik ez, etxean beste zenbait gauza sartzeko lekua geratzen zaigula.
Gainera, aitor dut, liburu elektronikoa probatu nuenean harrituta geratu nintzela eskaintzen duen kalitatea dela eta; ez, ez nuen espero. Erdarazko liburu ugari aurkitu eta askotariko autoreen ekarpen digitalizatuak prezio onean eskuratu ditut, gainera.
Orain, erronka daukagu euskaldunok esparru horretan; berandu baino lehen sartu beharko baikinateke merkatuan, liburu eskaintza serioa plazaratuz, beti ere paperezkoa baino prezio merkeagoan, ez baita euskarri berdinak. Uste dut ez dela interesik falta irakurtzeko zale ugariren artean.