Euskonews Gaztea
Gaiak: Euskararen egoera, Olabiden
Gasteizko OLABIDE Ikastolako ikaslea
Gaur egun ikastoletan euskararen erabilera oso eskasa da. Honen adibide argi bat Olabide ikastola dugu; nahiz eta eskola ordu guztiak euskaraz eduki, klasean eta pasilloetan gehien entzuten den hizkuntza, bakarra ez esateagatik, gaztelania da. Argazkia: CC BY–lululemon athletica
Honen zergatia ikasleei galdetzen zaienean, hainbat erantzun ematen dituzte. Lehenik eta behin ohitura agertzen da, hau da, etxean gurasoek erakutsitako hizkuntza dela. Ikasle asko dira arazo horren adierazgarri, etxean txikitan ez dute euskaraz hitz egin eta ikastolan hasten dira euskara erabiltzen baina normalean, irakasleekin bakarrik.
Horrekin erlazionaturik dagoen beste afera bat, honakoa da: txikitan euskaraz ikasi eta ikastolara helduta gaztelania entzutean hizkuntza horretan hitz egiten hasten den jendea. Gainera, ikasleek esaten dute errazagoa dela gaztelaniaz aritzea jende gehienak halaxe hitz egiten duelako. Bestalde, hauek ez dira auzi bakarrak, beste bat ere aurki baitezakegu: irakasleen permisibilitatea; irakasle askok ikasleak gaztelaniaz entzuten dituztenean ez dute ezer esaten.
Lehenik eta behin arazoari aurre egiteko jendea mentalizatu behar da. Hau da, euskarak gaur egun duen egoera azaldu behar da jendea kontzientziatzeko. Bigarrenik, txiki txikitatik euskara irakasten bada, gaztelaniaren erabilera asko murriztuko litzateke. Hirugarrenik, ondo egongo litzateke euskal gramatika gehiegi landu ordez, ahozko adierazpenari garrantzia handiagoa ematea, horrela jendeak mintzamena hobetuko eta ez luke lotsarik edukiko beste pertsona batzuekin euskaraz aritzeko. Konponbide ona izango litzateke baita ere, gaur egun baino lehentasun handiagoa ematea euskara agiria duten pertsonei. Horrela gazteek euskara gehiago ikasiko lukete.
Laburbilduz, esan dezakeguna da, aipatutako irtenbideak onak direla baina hauen gainetik konpromisoa egon behar dela. Euskararekiko ardura ez balego ez lukete ezertarako balio izango lehen aipatutako konponbideek eta gure hizkuntza desagertuko litzateke. Araba Euskaraz, Ibilaldia edota Korrika bezalako ekitaldiak ondo daude euskararen erabilera bultzatzen dutelako, baina ekitaldi ez dute ezertarako balio euskararekiko konpromisorik ez badago.