563 Zenbakia 2011-01-21 / 2011-01-28

Euskonews Gaztea

Gaiak: Juan Martin Elexpuru. Idazlea

AYALA, Maddalen

Gasteizko OLABIDE Ikastola



Juan Martin Elexpuru Arregi Uberan (Bergara) jaio zen 1950ean. Filosofian lizentziatua eta Euskal Filologian doktorea da. Bere lehenengo lana Zarauzko ikastolan burutu zuen. Hainbat urtetan Bergarako UNEDeko irakasle eta antolatzailea izan zen. Gaur egun itzulpengintza eta Debagoienako euskara jaso eta transkribatzen dabil.

Heldu, gazte zein umeentzako idatzita ditu hainbat liburu, baita bidai liburuak ere. Juan Martin Elexpuru, erdian.

Noiz hasi zinen idazten? 22 urterekin hasi nintzen irakasle Zarauzko ikastolan, 1972 urtea zen eta artean ia ez zegoen ipuin eta testu libururik ikastoletan. Orduan hasi nintzen klasean kontatzeko ipuintxoak idazten. Gero, EGA titulurako testuak eta horrelako gauzak idazten nituen, baina 1982ra arte ez nuen nire lehenengo liburua argitaratu: Fernando Plaentziarra, herri–ipuinen bilduma bat. Eta gero etorri ziren beste batzuk.

Zergatik? Hasieran ikastolan zegoen gabezia betetzearren, baina gero gustatu egin zitzaidan. Gauzak asmatzea eta forma ematea, kasu honetan ipuinak, hasieran neketsua da, baina gero satisfazio handia ematen du. Hori sormen–lan guztiekin gertatzen da.

Zer ikasi behar da idazle izateko? Idazle izateko ez dago ikasketa berezirik. Horregatik idazleen artean aurkitzen dituzu medikuak, arkitektoak edo metaleko langileak. Hizkuntza da lehengaia, tresna, eta ahalik eta ondoen ezagutu behar da. Gure kasuan euskara.

Gero literatura asko eta ona irakurtzea komeni da. Baina inportanteena ahalegintzea da, norberaren buruan sinestea. Eta idatzi eta idatzi egitea. Batzuetan ondo irtengo zaizu eta beste batzuetan gaizki, baina saiatu ezkero azkenean gustatzen zaizun zerbait irtengo da.

Zenbat liburu idatzi dituzu? Zortzi liburu nagusientzat: nobela bat, bi bidaia–liburu, bi ipuin liburu eta hiru hizkuntzari buruzkoak; eta zazpi haurrentzat, denak ipuin–liburuak.

Zer da errazagoa, umeentzat edo helduentzat idaztea? Antzeko zailtasuna du. Liburu onak idaztea beti da zaila, gazteentzako izan, nagusientzako izan. Haurrak oso zorrotzak dira eta oso garbi izaten dute zer gustatzen zaien eta zer ez. Ez dago formularik haurrak liburu batekin engainatzeko. Nagusiekin bezain zaila da umeekin arrakasta izatea.

Zer kontatzen duzu zure bidaia liburuetan, bakarrik ikusten duzuna edo zerbait gehiago? Bidaia liburuak idazteko gauza asko kontuan izaten ditut: bertako paisaiak, herriak, natura, hau da, nik ikusten dudana kontatzen dut baina saiatzen naiz ere bertako historia, geografia, ohituren berri ematea. Zerbait berezia balego, Kuba kasu, eman diren aldaketak, iraultzak, gaur egungo bizi modua eta abar, saiatzen naiz islatzen, hori guztia ezinbestekoa baita gaur egungo errealitatea ulertzeko. Zaila da zuretzat ezezaguna den lurralde edo herrialde bat egun gutxitan ezagutzea baina kontaktu minimo bat bertako gizartearekin oso lagungarria da mota horretako liburu bat idazteko

Non aurkitzen duzu inspirazioa idazteko? Zerbait idazteko gogoa baduzu eta adi baldin bazaude, edozein momentu eta lekutan aurkituko duzu inspirazioa. Ohean erdi lo, erdi esna zauden une hori ere oso ona izaten da. Kontua da inspirazioa datorkizunean, ideia on bat duzunean, ez pasatzen uztea, gehienetan ez delako itzultzen.

Azken liburuaren gaia... Iruña–Veleia. Gaurkotasun handia daukan gaia nahiz eta aspaldiko kontuak izan. Bertan agertutako grafito eta ostraken inguruan sortu den auzia interes handikoa da nire ustez eta hor azken urte honen gorabeherak kontatzen ditut.

Eta aurrerantzean, zer? Auskalo noiz eta zer... izan badut ideia bat baino gehiago buruan baina une honetan denbora da ez dudana, bihar, etzi.... batek daki. Bibliografia:

Narrazioa

Lasai, Juanantonio, lasai (1987)

Txakur zaunkak atean (1989)

Hamaika ipuin (2000)

Haur eta gazte literatura

Txepetxa eta sugea (2000)

Fraixko eta galtzagorriak (1997)

Marea biziak zozomikoetan (1991)

Fernando plaentziarra (1984)

Antologia

Euskal lizunkeriaren antologia (1999)

Kronika

Alpeen itzalpean (1993)

Kuba triste dago (1994)

Saiakera

Iruña–Veleiako euskarazko grafitoak (2009)