Euskonews Gaztea
Gaiak: Korrika 17: maitatu, ikasi, ari... euskalakari!
Oraindik zenbait hilabete geratzen dira Trebiñutik irten eta Donostiara bitartean, hamar egun iraungo dituen Korrikaren edizio berria hasteko. Hain zuzen ere, 2011ko apirilaren 7tik 17ra, Euskal Herriko udalerriak zeharkatuko ditu hamazazpigarren edizioak bere mezua jendartera eramanez.
AEKren eskutik sortu zen ekimena 1980an eta aurreneko Korrika hark O?atitik Bilbora arteko ibilbidea burutu zuen; kilometro ugaritan milaka euskaltzalek egin zuten bat gure hizkuntzaren aldarriarekin. Eta hitzorduz hitzordu, edizioz edizio, parte hartzaileen kopurua ugaritu egin da zorionez. Korrika 17
Ohikoak bilakatu dira azken egunean irakurriko den mezua barruan daraman lekukoaren atzetik milaka pertsona korrika erakusten dituzten argazkiak; baina baita ere, toki bakartuetan lauzpabost lagunek lekukoa gogoz eramaten dituzten irudiak ere. Gure hizkuntzak zenbat bihotzetan duen tokia agerian geratzen da, beste behin.
Urteroko lez mezu berri batekin agertzen zaigu Korrika 17 euskaldunon bizitzan. 2011 honetan, “Euskal Herrian bizi dena euskal herritarra bada eta euskalduna euskaraz dakiena, nola deitu behar diogu euskara maitatu, ikasi eta erabili egiten duenari? Nola, euskaraz bizi denari?” galderei erantzuna bilatu eta antolatzaileek berba berria gizarteratu dute: Euskalakari.
Pare bat zertzelada gehiago. Euskaltzaindiak ere bere tokia dauka Korrika 17an. Hain zuzen ere, erakundea omenduko dute 1919an sortu zenetik euskara mugaz gaindi sustatzeko eginiko lan handiagatik. Bestalde, 17. Edizioko abestia ere aurkeztu dute, eta Gose taldearen melodiek korrikalari guztien bihotzak alaituko dituzte Korrikak iraun bitartean, animoz josiz eta aurrera egiten lagunduz.
Apirila iritsi bitartean, Korrika Kulturala herri askotara iritsiko da, ipuin kontalari, antzezlan, kontzertu eta bestelakoekin disfrutatzeko parada edukiko dugu. Eta apirila iritsita, jantzi zapatilak eta atera Korrikaren batera, euskalakaria zarela harro oihukatu eta gure hizkuntza omentzera!