Euskonews Gaztea
Gaiak: Txakurrak eta herritartasuna
Gure kaleetan azken aldian ugaritu egin da txakur kopurua, edo hala dirudi behintzat. Euskal Herriko edozein udalerritan eman den zerbait da gainera, eta animalia hauek izugarri gustuko ditudan arren, ondorioak ere pairatzen hasiak gara, zoritxarrez. Argazkia: CC BY – ChuckThePhotographer
Nire inguruan, gehien bat bulldog frantsesen kopuruak egin du gora, akaso duten tamaina txikiagatik pisu batetan edukitzeko aproposagoak izango direlako edo. Gogoan dut duela zenbait urte “modan” egon ziren arrazak artzain–txakur alemanak, dobermanak, pitt–bullak, samoyedoak, rottweilerrak zein boxerrak izan zirela. Dirudienez, handitik txikira eraman gaitu denborak.
Jende ugari kexu da zakur kopuruak gora egin duelako eta arrazoi ezberdinak ematen dituzte gainera. Esate baterako, egun ikusten diren animalia hauetatik asko arriskutsuak moduan kontsideratuak direla; edota, gure karrikak zikin daudela zakurren kakak direla eta.
Bi horiek izaten dira hizketaldietako ohiko kexak, eta zenbait gauzatan bat natorren arren, egoeraren beste irakurketa bat ere burutu dezakegula iruditzen zait. Zehatzago esanda, txakurraren irudia zikindu baino, jabearen jarrera epaitzea ez legoke tokiz kanpo, eta hiritartasun kontzeptua ahotan hartu beharko genuke.
Egia da naturak izaera berezia eman diela arraza jakin batzuei, baina halere, “arriskutsuak” etiketa hori ipini zaien zakurren jabeek modu egokian hezten baldin badituzte, jakin badakigu ez daukatela zertan arazorik sortu behar. Aldiz, biolentzian oinarrituta entrenatuz gero, errazagoa izango da, lehenago edo beranduago ezbeharren bat gertatzea.
Eta zer esanik ez, kaletik goazela aurkitzen ditugun erregalu horien gainean... Ba al da halako minarik zapaldu ez duen inor ala? Zortearekin lotuko dute gainera batzuek... beraientzako osorik! Poltsatxo bat eramatea eta hondakinak batzea ez dela askorik kostatzen iruditzen zait...
Txakurra omen da gizon–emakumeen lagunik onena. Alderantzizkoa ematen den zalantza edukitzen dut askotan. Modu duin batetan tratatuko bagenitu...