565 Zenbakia 2011-02-04 / 2011-02-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Artziniega Museo Etnografikoa

EUSKONEWS GAZTEA



Herri batentzat garrantzitsua da bere iragana ezagutzea, eta Euskal Herriko beste zenbait udalerrik moduan, Artziniegak ere badauka testigantza hori jasotzen duen museoa.

Artea Elkarte Etnografikoak bultzatu zuen 1984. urtean Arabako txoko horretan museo bat sortzea, eta horrela, poliki–poliki hasi ziren udalerriko baina baita inguruetako biztanleen laguntzarekin, aspaldiko bizimoduaren testigantzak diren objektuak biltzen. Urtez urte handitzen joan da lekukotasun horien kopurua, eta azkenean 2003an, 1700 metro karratuko eraikin berritu batetan ateak ireki zituen museo etnografikoak.

Bisitari asko gerturatzen da Aiaralde horretan denboraren joan–etorrian biztanleen usadioak zeintzuk ziren gertutik ezagutzeko asmoz.

Bi pisutan dago banatuta tokia eta askotariko gaiak lantzen dira: baserrian nola bizi ziren ikusiko dugu; zurgin, errementari edota hargin lanen nondik norakoak ezagutuko ditugu; edota botikariak lanerako baliatzen zituen tresna ugari ikusiko ditugu lantokiaren erreplika batetan; gainera, denetarik edukitzen zuen herriko denda zaharraren erreprodukzio bat ere jasotzen du museoak; eskola kontuak edota gai serioen ardura izaten duen udaletxea...

Guzti hau euskarazko zein gaztelaniazko bisita gidatu batetan ederki azalduko digute.

Eta erakusketa iraunkorraz gainera, museoak ekintza bereziak ere antolatzen ditu; esate baterako, ate irekien jardunaldia eta artisau erakusketa; pintura erakusketak...

ARTZINIEGA MUSEOA Arteko Aldapa kalea, 12 01474 ARTZINIEGA (Araba) artziniegakomuseoa@euskalnet.net

Ordutegia: Asteartetik Larunbatera: 11,00–14,00 / 16,30–19,30 h Igande eta jaiegunetan 11,00–14,00 h.