565 Zenbakia 2011-02-04 / 2011-02-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Etxera bidean

GALDOS, Aintzane



Nire autoak 5.000 kilometro baino gehiago ditu. Gutxi, pentsatuko du norbaitek; baliteke, erantzungo nioke nik. Baina zer gertatzen da? Kotxeak lau hilabete eskas dituela. Atera kontuak. Argazkia: CC BY – iamthepinkcupcake

Errepidea, asfaltoa, autopista, abiadura... horiexek dira egunero nirekin bidaiatzen duten hitzak. Gasolina, bide–saria, T.A.O–a, dirua. Horiek ere ez dute hutsik egiten astelehenetik ostiralera nire bizitzan. Gainera, kexatzeko baxu hitz egin behar, lana baitaukat behintzat. Eta ez da gutxi, ados.

Etxerako bidean nekea nabaritzen dut. Egunetik egunera, betazalek pisu handiagoa daukatela iruditzen zait eta buruak ere, bestela funtzionatzeari ekiten dio, motelago, esango nuke. Eta horrek dakartzan arriskuekin, noski. Zenbat istripu ikusiko ote nituen lanerako joan–etorrietan? Horietariko zenbatek izango ote zuten amaiera txarra? Eta golpe txikia? Ez dakit, baina arreta segundo baten galtzeak ekarri ditzakeen ondorioez pentsatzea eta egunero gidatu beharra ez datoz bat...

Orduko 120 kilometro; lantokira bidean hartzen dudan abiadura. Orduko 90–100, bueltan nire buruari ipintzen diodan muga. Eta abiadura moderatu horretan joatean ohartzen naiz jendearen astakeri eta pazientzia urriaz. Halakoetan, mugak non dauden ez dakiten batzuk argi luzeak pizten dituzte ehun metrotara ikusten nautenean, eta gainera, kenduko naizela iritzi diote, kamioia aurreratu bitartean, nora joan ez daukadan arren.

Etxera bueltako bidean ikasi dut zer den pazientzia. Etxerako bidean ohartu naiz, iritsi nahi baldin badut, ez daukadala zertan ziztu bizian ibili beharrik; azkartasunak ez baitizu helmugara iristea bermatzen...

Gogoetarako bidea ematen dit kotxe barruko egonaldiak, zoritxarrez, egunero kilometro ugari ematen ditudalako bolantearen atzean. Baina autotik jaisteaz bat, ahantzi egiten dut guztia, hurrengo egunera arte.