566 Zenbakia 2011-02-11 / 2011-02-18
This is Bizi aurkeztu berri duzue, Malasian hasi eta Vietnamen amaitu zenuten bidaiaren ikus–entzunezkoa.
Bidaiaren bideo–muntaia bat egitea, hasieratik geneukan ideia bat izan da. Polita eta interesgarria iruditzen zitzaigun gure ezagunei bizitakoa erakustea eta ikusi genuen modu egokiena izan zen.
Bideo kamera txiki bat eta argazki makina pare batekin ekin genion bideari, non bukatuko genuen ideia zipitzik eduki gabe. Esperientzia bezala izugarria izan zen, eta bueltatzean ikus–entzunezkoa prestatzeari ekin genion. Bi herrietan nahiko arrakasta eduki dute eta zabaltzeko gogoz gabiltza.
Iñaki (atzekoa) eta Yerko, sei hilabete eta erdiz beraien garraio izan ziren bizikleten gainean. Argazkia: This is Bizik utzia.
Guztira zenbat toki bisitatu dituzue? Zenbat kilometro?
Guztira 5 herrialde zapaldu ditugu. Tokiak mila... 7500 km inguru egin ditugu Malasian hasiz, Tailandia, Laos, Kanbodia eta Vietnamera arte. Txinako mugaraino iritsi ginen, Vietnameko iparraldean, baina diru falta eta bizikleten egoera negargarriak bidaia bukatzera behartu gintuen.
Irakurri dudanez, ez da elkarrekin egindako bidaia bakarra...
Bai, nahiz eta lehendik ezagutzen ginen, Ingalaterrara joatea erabaki genuen 2008an Yerko gitarra ikasketak burutzera abiatu zen, eta Iñakik denboraldi baterako atzerrira joateko gogoa zuen. Horrela joan ginen Brightonera eta han urte betez egon gara batera bizitzen.
Ingalaterran bertan ere egin genuen eskapadatxorik. Beste bi lagunekin, kotxe bat alokatu eta Brightondik Edinburgora, ekialdeko kostatik igo eta mendebaldetik egin genuen buelta.
Han sortu zen Asiara joateko ideia. Toki txarra ere ez zenuten aukeratu!
Behin baino gehiagotan hitz egin genuen bidaia luze bat egiteko ideiaz, baina ez zen sekula serioa izaten.
Brightonen geundela Asiako jende askorekin erlazionatzea tokatu zitzaigun. Etxe berdinean taiwandar bat, 3 tailandiar eta gu bizi ginen, eta oso erlazio ona geneukan gure artean. Sarritan mintzatzen ginen bakoitza bere herriaz eta euren herrialdeko argazkiak erakusten zizkigutenean, txundituta uzten gintuzten.
Hala, Tailandiako pisu–kide bati bisitatxo bat egiteko bidaia planeatzen hasi ginen. Planak aldaketa txiki batzuk jasan zituen; hasiera batean Tailandiara bi asteko bidaia bat izango zena, presarik gabeko bizikleta gaineko bidaia bat bilakatu zen arte. Argazkia: This is Bizik utzia.
Bizikleta garraio modu hautatuta gainera, poltsikoari begiratuz, akaso?
Bizikleta bi arrazoiengatik hautatu genuen. Bata, ekonomikoa; geroz eta gutxiago gastatzen baduzu, denbora luzeagoz egon zaitezkeelako bidaiatzen. Argi utzi behar da, guk ez geneukala bueltatzeko inongo presarik, baina diru kopuru mugatu bat geneukala.
Bigarren arrazoia aldiz, beste moduetara bidaiatzen ikusi ezin ditzakezun gauzak ikus ditzakezulako, beste erritmo batera baitoa bidaia.
Bestalde, Asian lo egitea ez da arazo bat; jendea beti dago prest laguntzeko eta hango eskuzabaltasuna ezin da hitzez adierazi. Herrialde eta zonalde bakoitzean modu desberdinetara moldatu gara, adibidez, Malasian, jendeari gure kanpin denda non munta genezakeen galdetzen genionean, beraien etxeko ateak irekitzen zizkiguten segituan. Tailandia hegoaldean hondartzetan egiten genuen lo, milaka daude, eta gehienetan ez dago inor. Tailandia iparraldean, Laosen eta Kanbodian tenplu budistetan eskatzen genuen lo egiteko txokoren bat, eta sekula ez ziguten ezetzik esan, eta sekula ez ziguten trukean ezer eskatu.
Vietnam izango da ziur kanpin denda ipintzeko arazo gehien erakusten dituen herrialdea, izan ere, gobernuak debekatuta dauka kanpatzea eta baita bertakoek zu etxean hartzea ere. Pare bat aldiz gertatu zitzaigun jendeak gu etxean hartu nahi izatea eta gauean poliziak etorri eta etxetik alde egin behar genuela esatea, familiaren nahiaren aurka.
Motxila handirik ere ez zenuten eramango gainean...
Motxila txiki bat geneukan egunero erabiltzen genituen gauzekin. Alforjatan bageneukan pisua, 30 kilo baino zerbait gutxiago bakoitzak. Sukaldea, erremintak, arropa gutxi batzuk, janaria... Hasiera batean oso nekeza egiten zitzaigun, baina segituan ohitu ginen. Bidaian, herrialdeetako jendearekin hartuemana izan zuten. Argazkia: This is Bizik utzia.
Guk, gure ezjakintasun osoarekin, pisu guztia atzean jarri genuen. Ondorioz, atzeko gurpilak asko sufritzen zuen eta bidaia bukaeran erradioak egunero puskatzen zitzaizkigun. Pisua aurrera pasatzen ere saiatu ginen, baina ez genuen ezer aurkitu, ezta Bangkoken ere.
Hori bai, gero, noizbait alforjak kenduta ibiltzen baginen, hura gozamena!!
Joan aurretik zein toki bisitatu nahi zenuten al zenekiten?
Buruan bagenuen bidaiaren ibilbide bat trazatuta, baina inongo detailetan sartu gabe.
Herrialde bakoitzeko mapa bat erosi genuen, eta inongo gidalibururik ez genuenez, bertako jendeari galdetzen genion ea zeintzuk ziren beraien herrialdean erakargarriak iruditzen zitzaizkien tokiak. Eta hala joaten ginen gure ibilbidea trazatzen.
Hasieratik gustatu zitzaigun horrela aritzea arrazoi ezberdinengatik. Alde batetik, jendearekin gertuko tratua edukitzea ahalbidetzen dizu, eta bestetik, gomendatzen dituzten leku pila bat ez datozelako inongo gidaliburutan.
Kulturalki oso ezberdinak diren tokietan egon zarete. Zer moduz moldatu zarete?
Inongo arazorik gabe. Jendea, oro har, oso tolerantea eta harremanetarako irekia da. Beti daude laguntzeko prest; egun batean etxeko ateak irekitzen dituzte, eta hurrengoan, bazkaltzera gonbidatzen zaituzte. Beti irribarre batekin ahoan, gainera.
Sekula ez dugu lapurtuak izateko, ezta geure buruak beste inolako liskarretan ikusteko beldurrik sentitu.
Bestalde, badaude xelebre xamarrak iruditu zaizkigun ohitura batzuk. Adibidez, tailandiar bati ezin zaio burua ukitu, beraientzat zonalde garrantzitsuena baita, sakratua. Bestalde, ezin da hankekin seinalatu, alderantzizko arrazoiagatik. Argazkia: This is Bizik utzia.
Eta zer moduz hizkuntzekin?
Ba hori ere, beste esperientzia polit bat izan da. Igarotzen genituen zonalde gehienetan inork ez zuen ingelesez hitzik egiten, edo agian baten batek pittin bat; beraz, mugetan —hor beti zegoen ingelesez ondo hitz egiten zuen baten bat— hiztegi txiki bat egiten genuen.
Beti sartzen genituen beharrezko hitzak: ura, janaria, arroza, beroa, hotza, nekatuta... Zenbatzen ere ikasten genuen, oso modu errazean egiten baitute. Pixkanaka hitz gehiago ikasten gindoazen eta jendearekin, gutxi bazen ere baina hitz egiten genuen: “zenbat urte dituzu?”, “zein da zure izena?” eta horrelakoak. Gainera, jendeari asko gustatzen zitzaion bi atzerritar beraien hizkuntzan hitz egiten saiatzen ikustea.
Bidaia hasi aurretik zenuten aurreiritzia egi bilakatu al da amaieran?
Esperientzia bezala, hasieratik pentsatzen genuen aberasgarria izango zela, baina ez agian izan den neurriraino.
Jendearen inguruan, aurreiritzi guztiak motz geratu zaizkigu, ez genuen espero horrelako eskuzabaltasuna eta tolerantzia aurkituko genuenik. Hori izan da bidaiako gauzarik onena.
Ezagututako toki guztietatik bat aukeratzerik badago?
Ez dago leku bakarra aukeratzerik, bakoitzak gauza desberdinak eskaintzen baitizkizu. Gainera, markatuta geratzen zaizuna ez da polita delako soilik, baizik eta situazioaren araberakoa ere bada: zeinekin zauden, nola iritsi zaren hara...
Hala ere, badaude grabatuta geratu zaizkigun lekuak. Paisaiara mugatzen bagara soilik, badaude hainbat leku izugarri politak direnak: Malasiako Highlandsak, Tailandia hegoaldeko hondartzak, Laos iparraldeko mendiak, Angkor Wateko tenpluak, eta Vietnamen aurkitu daitezkeen hainbat paraje. Zein aukeratzen duzu guzti horietatik? Norberaren araberakoa da erantzuna.
Zerbait ikasi al duzue bidaia honetatik?
Ikasi, gauza asko ikasten dira. Beraien ohiturak, beren hizkuntzako hitz batzuk, lotarako lekua bilatzen, egunerokotasuna ondo antolatzen, bizikletak konpontzen eta abar luze bat. Pertsona bezala hobetzen ere ikasten dela esan dezakegu, baina hori jada zailagoa da hitzez adieraztea. Argazkia: This is Bizik utzia.
Halako bidaiek gainera, norbera aldatzeko balio izaten dutela entzuten dugu maiz...
Ez dakigu pertsona bezala aldatu garen ala ez, hori gure ingurukoei galdetu beharko diegu! Aldatu baina gehiago, akaso, hazten lagundu digula esatea egokiagoa litzateke. Gure pertsonalitateak bere horretan jarraitzen duela, baina ikusitako askok barruak mugitzen dizkigu eta gauzak bi aldiz pentsatzera bultzatzen gaitu.
Aldaketaren bat sumatu badugu, dauzkagun aukera guztiengatik eskerrak ematea izango litzateke nagusia. Han jende askorengan ikusten da ikasketak edo beste hainbat ekintza egiteko nahia, baina ez daukate horretarako aukerarik. Guk, berriz, nahi hainbat aukera dauzkagu eta ez diegu inongo garrantzirik ematen.
Gainera, gehienetan (guztietan ez esateagatik), jende txiroak askoz ere gehiago eskaintzen du jende aberatsak baino, eta hori barnean grabatuta geratzen den zerbait da, buruari bueltak emanarazten dion beste gauza bat.
Animatu jendea This is bizi ezagutzera.
Elkarrizketa hau irakurri duen orori (eta irakurri ez dutenei ere bai, noski) egindako ikus–entzunezkoa ikusteko gonbitea luzatu nahi dizuegu. 50 minutuko DVD emanaldia, Asian zehar bizikletaz eginiko bidaia baten laburpena.
Ahal izan ditugun gauza interesgarrienak sartu ditugu bertan: ohiturak, janaria, paisaiak, Bangkokeko iskanbilak (2010eko apirila) eta gure bizikleten gaineko buruhausteak ere bai... Baina hala ere, bidaiaren laburpen laburtua da.
Halakorik edo antzekorik egin nahi baduzue, edo herrialde haiek bisitatzea pentsatzen baduzue, gogo handiagoa sartuko zaizuela bideoa ikusi eta gero...
Ezin gara agurtu, bai Euskal Herritik eta baita bidaian bertan ere bidaian zehar lagundu digun jende guztiari eskerrak eman gabe. Beraiek gabe ezin izango genituen egin ditugun gauza asko bizi eta beraz, milesker denoi! Iñaki Berriotxoa Hogeita lau urteko urretxuarra da. Batxilergoa bukatu eta gero, Automozio ikasketak egin zituen eta orain Informatikako ikasketak burutzen ari da. Musika eta bidaiatzearen maitale nekaezina, burugogorra eta gauez batere zurrungarik egiten ez duen mutila da. Lan desberdinetan aritu da eta orain tabernari bezala lanean dabil. Yerko Ortiz Duela 23 urte Legazpin jaio zen eta ordutik abentura eta saltsa desberdinetan ibili da. Batxilergoa bukatu eta gero, Soinu Teknikari ikasketak egin zituen Andoainen. Hura amaitu, eta Ingalaterrara joan zen Gitarrako Goi Mailako ikasketak egitera. Musika da bere pasiorik handiena eta ofizio bihurtu nahian dabil gitarra klase partikularrak emanez. Beti izan du bidaiatzeko tentazioa.