567 Zenbakia 2011-02-18 / 2011-02-25
“Aberastasuna, ez da gehiago izatea, gutxiago behar izatea baizik”
XX. mendean zehar eraikitako eta azkenaldian gainera datorkigun jendartearen desegituraketa prozesuak, inflexio puntu berria topatu du bizi dugun neguan, 2010–2011ko negu gorrian. Egoeraren larritasun–diagnosi eta datuen azterketen hoztasunean jauzi beharrean, maila pertsonaletik egunerokotasunak ziztaturiko inertziaren zauriak azaleratu eta osatzeko ahalegin xumea proposatu nahiko nuke hitz–lerro hauetan, egun baten kronologian. Argazkia: CC BY – Jason Rogers
Goizeko ordu txikiak, irratia albistegiarekin batera piztu da eta oraindik azken ametsen hotzikara–beroak sentitzen ari nintzela... azken orduko berriak, gobernu espainolak, militarrak aireportuetara bidali ditu, alarma egoera ezarri baitu gune estrategiko horietan, bertako langileek sortutako kaos egoerak eragin dituen kalteak murriztu eta ordena berrezartzeko asmoz. Bestetik, abian dagoen pentsioen erreforma, lan erreformarekin bezalaxe, kritika ugari jaso dituen arren, bere tramiteak aurrera darrai. Etxera etorriaz, osasun zerbitzuetatik burutu duten azken ikerketaren arabera, 2020 urterako 10 pertsonetatik batek minbizi arazoak izango ditu. Bestetik, urruntzeko agindua zuen beste gizon batek bere emaztea hil ostean ertzain–etxean bere burua aurkeztu du bart, orain deklarazioa hartzen ari zaiolarik. Eta lau egun polizia–etxean eman ostean, kale eraso eta erakunde militarreko kide izateagatik atxiloturiko 18–26 urte bitarteko azken gazteak gaur deklaratuko dute Auzitegi Nazionalean. Hau izan da guztia. Hurrengo orduan albiste gehiago zure irratian.
Puff! Ederra iratzartzea, edo errealitatearen sisteman konektatzea. Entzundako informazioa erdipurdi asimilatzen nengoela, oraindik ohean, edo aireportuko dorreren batean, parlamentuan edo eraildako emakumearen gorputzean, ziega hotz, ilun eta zikin batean... logelatik irten eta dutxan sartu naiz. Orain bai, esna nago, eskerrak. Egunero bezala, lanera bidean, diru kontuak burutzeko erabiltzen dudan kutxa–banketxearen atetik, bere motxila eta eguneroko arropa jantzita duen pertsona bat ikusi dut ateratzen, kalean –4° zeudela, bertan lo egiten saiatu den txiroa. Nonbait, bertako arreta–bulegoa ireki beharra zegoen eta hura irudi korporatiboa “zikintzen” egongo zen. Bizitzeko aukera eman eta bizi eskubidea ukatu dioten gizaki honek zapaldutakoen amaigabeko tunel beltza zeharkatu du. Gaizki sentitu naiz, inpotente, haserre... bueno, finean, zuetako edozeinek sentituko zukeen min tipo hori. Baina, oraindik alternatibak eraikitzeko aukera “komodoa” dugunon sentitzeko sistemak, kontraesanen sobrekarga baten ondorioz, memoria mugatua erantsi digu, eta nola ez, handik denboratxo batera ia ahaztuta daukat bizipena.
Zortzi orduak lanean igaro eta gero, nekatua, auzora heltzeko gogoekin, eskuetan arropa–DVDz betetako zorro handi bat zeukan pertsona bat ikusi dut ziztu bizian korrika. Afrikako txoko ezezagun horietako batetik, mundu “ideal” bat aurkitzera etorritako pertsona horren delitua kalean saltzea omen da, eta atzetik segika duen poliziak bere lana behar bezala betetzen egongo zen, noski. Edo ez? beste kontraesan bat, buruko mina, ez dut gehiago pentsatu nahi, ostirala da eta banoa tabernara, deskonektatu nahi dut, edo ihes egin? galdera gehiago ez, aski da. Argazkia: CC BY – Jin
Horrela, egunak, asteak, urteak, bizitza igarotzea, itsu, mutu, gor. Ezin dut gehiago! Uste dut edonork momentu batean edo bestean igarotako bizipenak izango direla guzti hauek, eguneroko ogia. Bizi bezain laster, deseroso ez sentitzeko gure kontzientziak ezabatu beharrean aurkitzen diren horietakoak. Eta gu, gure “arazo” edo sentimendu hotzetan triste egoten gara, maitasun kontuak, futbol taldearen porrota, lagun “morosoarekin” haserre, etab. Arazo horietaz gozatu beharrean, kexati ibiltzen gara, gure ipurdiari so eginaz.
Sistemak osatu duen pentsatzeko eta sentitzeko erak, krisian sartu gaitu, krisi existentziala, psikologikoa, naturaren gainekoa, osasun–krisia, ekonomikoa... Kontsumituak izaten ari gara kontsumitzen jarraitu ahal izateko. Droga bat bezalakoa, zeharkako kalteak eragiten ditu, baina esplotazioak eta errepresioak ere itsutzen gaitu. Gure kontzientzia, gainontzeko gertakari–prozesuetatik aldendu dugu, indibidualtasunean gaixotuz, besteen miseriak gureak bezala ikusten ez ditugularik. Eta bai, gureak ere badira. Hemen burutzen den egintza, hor eta han, bere eragina dauka, txikia baldin bada ere.
Gizateriaren oihanean, bizirauteko–hil arteko borroka honetan, pizgarri edo estimulu materialek betetzen gaituzte soilik, beharrizan eta beldurrek, besterik ez. Garapen materiala, gure kontzientzia eta kritikotasun maila baino bizkorrago bideratu dugu. Gure etika, gainontzekoen kontraesanetan babesten dugu, edozein aldaketarako edo berau ahalbidetzeko atea itxiz. Horrela jarraituz gero, giza–espeziearen amaiera ebolutiboa ere sinatzera goaz.
Beraz, balore eta kultura berri bat eraikitzeko bidean, denok gara beharrezkoak, ezinbestekoak. Bakoitzaren kontraesanak gaindituz, besteenak ere biguntzen ditugu, elkar laguntzen goaz. Zaila bada ere, sistemak eragindako muga eta jarrera instintiboak gainditzerakoan indarberrituak atera gaitezke. Aukera bakarra daukagu beraz: elkartasunean oinarritutako eraldaketarako desio iraunkorra elikatzea, gure burua, ingurua, herria zaintzea. Eguneroko lan–produkzio arloan, kontsumitzerako orduan, aurrezteko momentuan, pertsonen arteko harremanetan... non, nola eta zertarako egiten dugun une oro aztertzea izan daiteke bide–zidor honetatik ateratzeko giltza. Hasi gaitezen gure inguruko galderei erantzuten. Alternatibak egon badaude, geroz eta gehiago, baina, inportanteena gugan dago. Sentitu, pentsatu eta ekin!
“Gu ez bagara, nor?, orain ez bada, noiz?”