567 Zenbakia 2011-02-18 / 2011-02-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (LXVIII): Erandio

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Gaurko txangoarekin Nerbioi ibaiaren bazterrean hasi eta Txorierri ingururaino luzatzen den Bizkaiko udalerria gertuagotik ezagutuko dugu. Erandioko Axpe erriberatik ikusten den industria-paisaia. Argazkia: © Gaizka Garamendi (3digitala)

Ezin dugu ukatu antzinako garaietatik gaur egunera, Erandiok edukitako bilakaera ikaragarria izan dela, bai hedapenari, biztanleen bizimoduari edota paisaiari dagokienez, esaterako. Garai batean Bilboko elizate izanikoa, XX. mendeko 80.hamarkadatik aurrera bere bidea egiten diharduen tokia da. Zazpi herri–gunek osatuta dago; Altzaga, Astrabudua, Arriaga, Asua, Lutxana, Goierri eta Erandio Goikoa.

Historikoki zonalde honetan herritarrek nekazaritzan oinarritutako bizimodua eramaten zuten, eta Erandio Goikoa izan zen udalerriko leku esanguratsuena, harik eta XIX. mendean industrializazioa iritsi eta biztanleak lekualdatzen hasi zirenera arte.

Orduan Bilbok ekonomikoki indartzeko industrian egin zuen apustua, eta buruturiko giza eta ingurugiro inbertsioa aski ezaguna dugu. Ondorioz, beste zenbait zonalderekin egin bezala, Erandio ere anexionatu zuen Bizkaiko hiriburuak, hori bai, poliki, auzuneka; badirudi, Lutxana izan zela aurrenekoa, 1927an. Halere, aipatu bezala, 1983an independentzia lortu zuen azkenean. San Mames ermita. Argazkia: © Gaizka Garamendi (3digitala) Giro askotako herria

Proposamen honen hasieran aipatu dugunez, udalerriak kontrasteak eskaintzen dizkio bisitariri, hain justu, bizitako garaien testigantzak jasotzen ditu. Erandio Goikora joanez gero esaterako, oraindik ere baserri giro kutsuko auzunea aurkituko dugu. Aldiz, Astrabudua edota Lutxanak industriaz zipriztinduko gaituzte, dela geratzen diren garabiengatik edota langileentzako eraiki ziren etxebizitzek zutik irauten dutelako. Astrabudua da gainera biztanle gehien jasotzen dituen lekua; hain zuzen, Leioara joaten diren unibertsitario ugarik hautatzen dute bertan pisua alokatzea.

Eraikinak bisitatzera abiatuko gara jarraian, industria iritsi aurreko aspaldiko garaietara eramango gaituzten eraikuntza batzuk begiztatu ahal baititugu oraindik ere. Erlijiosoei dagokienez, aipagarriak dira esaterako, Erandio Goikoan dagoen eta XV–XVI. mendeetan amaitutako Andra Mariren eliza; San Pablo (batzuek San Bernabe deitua) ermita; XVII. mendeko San Mames eta San Kristobal ermita barrokoak; Goierrin San Antonio ermita barrokoa...

Baina gainera, eraikin zibilak ere ikusteko aukera izango dugu gure txangoan. Horien artean deigarriena, pizkunde garaitik harro eta indartsu altxatzen den Martiartu dorretxea da, XIV. mendean eraikia. Baina gainera, Asuako dorre gotikoa, (XV) edota Guresandi jauregiak bisitatzea merezi dute, besteen artean.

Gaurko proposamenarekin, Erandio udalerri bakarra izanik ere, askotariko giroen elkargunea dela ikusi dugu; paisaia urbanoa nagusitu arren, antzinako ohiturekin lotura mantentzen jarraitzen duen tokia. Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com