Euskonews Gaztea
Gaiak: Erretzea debekatua
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Ez genuen edozein modutan hasi 2011. urtea. Ez. Aldaketa ugari iritsi zitzaizkigun urtarrilarekin batera, elektrizitatearen prezio igoera eta tabakoaren lege berria, besteen artean.
Azken horri dagokionez, zer esan genezake, aipatu ez denik? Hedabideetan, koadriletan, igogailuan... Edozein tokitara joanda ere, jendeak ahotan hartzen duen hizketa gai nagusienetakoa da, akaso eguraldiaren gainetik, pentsa!
Batzuentzako gorrotatua izan da erabakia, beste askok berriz, ongietorria egin diote arauari. Iritziak iritzi, gutxik ukatuko dute polemikoa behintzat izan dela, batez ere aplikatua izan den moduagatik. Lege gehienek —guztiek ez esateagatik— izaten dituzte aldeko eta kontrako jarrerak.
Halere, Gobernuaren aldetik bi aurpegiko jokamoldea ikusi dugula iruditzen zait; hau da, alde batetik erabiltzaileen hobe beharrez ari direla esaten digute, eta bestetik, araua indarrean sartu zen egun beran, tabakoa saltzeko lizentzia gehiago eman zituen. Badakigu diru–iturri ikaragarria dela produktu hau, eta agintariek itsulapikoan sartzen diren milioi horiek mantendu gura dituztela... Horrexegatik diot, jarduteko moduak lausotu egin dituela osasunaren aldeko diskurtso oro.
Horretaz aparte, batzuek bizi dugun errealitatea gustuko ez izan arren, lehenago edo beranduago gure ohiturak aldatzen joango garela pentsatzen dut, baita aurkarienak ere. Horren erakusgarria da, taberna kanpoaldeetan elkartzen den jendetza edota eta beste zenbaitzuek erretzeari uzteko aprobetxatu dutela okasioa.
Zoritxarrez edo zorionez, legea onartzea besterik ez zaigu geratzen, eta detailerik txikienak ere balio du gure burua engainatzeko. Igogailuan zortzigarren pisuko bizilagunak “orain kafea hartzera goazenean, ke usainik gabe bueltatuko gara etxera”, esan zidan urtarrilaren 2an; alde positiboa bilatu gura ez duenak, nahi ez duelako izango da.