Euskonews Gaztea
Gaiak: Sagar zuku preziatua
Euskaldunok antzekotasun ugari aurkituko ditugu Galiako herrixka txiki ezagun harekin alderatzen bagara. Espezie inbaditzaileen mehatxupean bizi gara, albiste onak mahaiaren bueltan ospatzen ditugu, —nahiz eta musikaria ez dugun zuhaitzetik eskegitzeko joerarik, nahiz eta akaso, merezi duen—, protagonistetako batek bezala, euskal kirol tradizionala dugu harriak jasotzea... Eta ezin ahaztu edabe magikoa.
Gure asaba zaharren errezeta bizirik mantentzen dugu egun ere, eta zer nolako arrakastarekin, gainera! Sagarretik ateratzen den zukuak milaka jarraitzaile ditu gure artean. Akaso ez digu –ixtarrei (Asterix, Obelix, Panoramix...) bezalako indarrik, ez eta naturaz gaindiko botererik ematen; baina batek baino gehiagok direnak eta bi ikusi izan ditu edariaren ondorioz.
Urtarrilean hasi eta apirila bitartean sagardotegiak jendez lepo betetzen dira urtero. Zutik ala eserita, talde handi edota txikitan eta sagardotegi familiar edota industrialean, bakailao eta txuletarekin ase bitartean, egarria kupeletatik ateratzen den sagar ardoarekin kentzeko aprobetxatzen dugu askok. Gainera, galdu ezinezko hitzordu bilakatu da sagardotegiko irteera, nolabait esatearren, norberaren bizitzan tradizio bilakatu den akelarre modernoa.
Jokabide guziek bezalaxe, burua erabiltzea eskatzen dio sagardoak kontsumitzaileari. Hasteko, merkea ere ez denez gero, tokia ongi aukeratzea funtsezkoa da —bat baino gehiago prezio–kalitate binomioaz kexu azaltzen baita urtero. Bestalde, gizabidez jokatu, zoazen tokira zoazela; eta edaten baduzu, ez gidatu.
Funtsean, azken urteotako lelo batek dioen bezala, ongi pasa, pasatu gabe.