568 Zenbakia 2011-02-25 / 2011-03-04

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Douglas Nightingale. (The Sparteens): Punka eta ye-yea oso musika estilo hurbilak dira

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Ibanek hartu digu telefonoa, eta hizketan hasi zaigu, baina hori bai, The Sparteens taldean duen pertsonaian sartuta. Douglas Nightingale gitarra jolea dugu bestaldean, eta Maribel De Iriarte abeslariarekin batera martxan ipinitako proiektuaz hitz egin digu. Ye–ye musikaren erritmora mintzatu gara, 60ko hamarkada gogoratzen digun musika izan arren, Su ta Gar, La Polla Records, Sex Pistols, Delirium Tremens edota Kuraiaren kanten bertsioak sortzen dituzte.

The Sparteens taldea 2008an txantxa batetik sortu zela irakurri dut nonbait.

Maribelek —abeslaria— eta biok aspalditik egin nahi izan dugu zerbait elkarrekin eta goiz batetan, parranda handi baten ondoren, telebista aurrean geundela 60ko hamarkadako emankizun bat ikusi genuen. Hala, Maribelek Frantzia aldean eman zen ye–ye garaiari buruz hitz egin zidan eta nik aldiz, Espainiakoa hartu nuen ahotan.

Noski, ez genituen zuzenean ezagutu, baina dauden film edota erreferentzia musikalei erreparatu eta horrelako zerbait egitea barregarria izan zitekeela pentsatu genuen, bai kontzeptualki eta baita estetikoki ere. Esan genezake dena alderantziz egin dugula hasieratik. Istorio bat muntatu genuen musika egiten hasi baino askoz lehenago.

Hasiera hartan eduki duzuen oihartzuna aurreikusi zenuten?

Egia esan, abesti bakarrarekin hasi ginen, probatzeko asmoz; La Polla taldearen errepertorioa oso ye–yea dela ikusita, beraien bertsio bat eginez hastea pentsatu genuen, froga moduan. Argazkia: © Rafa Rodrigo. The Sparteensek utzia

Abestia CD batean grabatu eta Antxeta Irratira eta Gure Irratiara eraman genuen, bertako uhinetatik eman zezaten kantua. Eta hara! Harrera ona eduki zuen, eta egun batean Herri Urratsen jotzeko proposamena egin ziguten; eta ez geneukan errepertoriorik! Bigarren abestia prestatzen ari ginen, eta orduan sortu zen —lehen egiten zen bezala— hilero single bat ateratzearen ideia. Abestirik ez edukitzean, kalkuluak egin eta aurretik hamar hilabete geratzen zitzaizkigula ohartuta, erritmo hori jarraituz kontzertua emateko kopuru polita izango zela iruditu zitzaigun.

Orduan, dena kopiatu duzue, estiloa, estetika eta baita lan egiteko modua ere!

Hori da! Baina garai hartako filosofiari zintzo jarraituz, binilozko diskoak atera beharko genituzke. Halere, proiektu hau 80 eurorekin hasi genuen eta horrela jarraitu dugu, biniloan grabatzea oso garestia baita!

Badirudi dena bueltatzen ari dela, baita biniloa ere, baina gurea moduko taldeentzat luxua kontsideratu daiteke formatu horretan lan egitea. Agian aurrera begira... nork daki!

Hirurogeiko hamarkadako musika gaurko kantuekin. Kontzertuetan denetariko jendea elkartuko da, ezta?

Bai, bai! Egia da publiko artean denetarik egoten dela, gurasoak eta beraien seme–alabak, baina baita belaunaldi bat goragokoak ere, hau da, aitona–amonak! Nahikoa nahasketa ikusi izan dugu. Bitxikeria moduan, webgune batetan 60 urtetik gorako koadrila bat Miarritzen eman behar genuen kontzertu batetara joateko txangoa antolatzen ari zela ikusi genuen! (barre) Polita da.

Batzuei senti dezaketen nostalgia kendu eta besteei gertutik ezagutzeko aukera izan ez duten musika helarazten diezue. Marisol–eta ezagunagoak dira, baina euskal musikagintzan erreferenterik eduki duzue?

Noski! Halere, ez gara musika estilo hau egiten duen lehenengo euskal musika taldea eta baditugu erreferente batzuk. Marisol eta baino, gutxiago ezagutuko dituzte akaso gaurko gazteek; esaterako Lurdes Iriondo, Daikiris, Amaia, Erlak, Donato, Argoitia... eta nola ez, Salome handia bere “Zu lagun, ni lagun” eta ”Vivo cantando”ren “Kantari bizi naiz” euskarazko bertsioarekin!

Bestalde, talde moduan hasi ginenean sorpresa handiz ikusi genuen ez ginela bat ere originalak! (barre) Iruñean Los Karatekas aurkitu genituen eta Los Sfinters Hondarribia aldean, esaterako. Argazkia: © Nora Alberbide. The Sparteensek utzia

La Polla Records eta ye–ye musikaren antzekotasunak aipatu dituzu lehen. Bitxia, ezta?

Eta ez da bakarrik talde mitiko horren kasua; izan ere, punk musikaren errepertorio gehienari saturazioa kentzen baldin badiogu, abestiak egituratzeko moduak eta izaten dituzten akordeak nahiko ye–yeak direla gaineratuko nuke.

Hain zuzen, punka ye–ye musikaren ondoren iritsi zen, nolabait estilo edulkoratu horri erantzun bortitz bat emateko, baina azken finean nahiko gertu daude bi estiloak! La Pollak ere Tengo una novia ye–ye abesten zuen, pentsa!

Evaristori beraz, neska–laguna eman zion ye–yeak... Eta zuei zer ematen dizue musika honek?

Zalantzarik gabe, musikalki pila bat aurreratzea ekarri digu. The Sparteensen gaudenok ez dugu sekula horrelako musikarik egin eta azken finean, gure instrumentuekiko erlazioan sakondu dugu, orain arte ez baikenekien halako estilorik jotzen. Gainera, konposaketa aldetik harmonian eta, ohituak ez gauden gauzak lantzera eramaten gaitu. Beraz, musikalki pilo bat aberasten gaituela esango nuke.

Eta horretaz gainera, pertsonalki aspalditik neukan proiektu bat egikaritu dut. Hain zuzen, txikitatik ye–ye edo surf musika egiteko ideia izan dut buruan, eta poz–pozik nago!

Nola moldatzen zarete lanerako The Sparteensen?

Maribel eta bion artetik jaio zenez ideia, gu izan ginen aurrena lanean hasi ginenak, eta ondoren poliki, gainerako musikariak engainatzen joan ginen; bateria joleari esaterako, abesti bat grabatzera etor zedin esan genion, eta gaur arte geratu da! (barre)

Maribelen eta bion artean hautatzen ditugu abestiak, eta gainera, originalen moldaketak ere guk idazten ditugu. Hori bai, urgentzian lan egiten dugunez, askotan dena aldrebesa izaten da, ahotsarekin hasten gara, gitarra eta bozak grabatzen ditugu, eta ondoren atzetik datozen instrumentu guztiak sartzen ditugu. Konponketak egiteko bizpahiru egun blokatzen ditugu, eta azken unean bateria grabatzen da. Normalean egiten denaren kontrakoa! (barre)

Hain zuzen, hile bakoitzean abesti bat grabatzeko erronka gure gain hartu genuelako sortu behar izan dugu metodo hau, ematen duen lan handiarekin: konposatu, konpondu, grabatu, masterizatu, kopiak egin, banatu, promozioa egin... Argazkia:© Rafa Rodrigo. The Sparteensek utzia

Halako lan erritmoarekin, ez da harritzeko oso gutxi entseatzea. Baina dena dago idatzita eta modu horretan, musikariei partiturak eman eta bakoitza bere kabuz trebatzen da. Noski, kide berri bat edota ordezko bat etortzen denean, orduan bai, orduan elkartzen gara, eta entseguren bat egiten dugu.

Originaltasunik ez zaizue falta. Aipatutako lan egiteko moduaz gain, besteen artean, twist edota motots handienaren lehiaketak ere burutzen dituzue...

(barre) Guztia kasualitatearen ondorioz egin dugu! Twist lehiaketa esaterako, Herri Urratsen eman behar genuen kontzertuan denbora apur bat geratzen zitzaigula eta betegarri gisa aukera ezberdin bat zela pentsatu genuen. Izugarrizko arrakasta izan zuela ohartu ginen jende guztiak zenbakia ipini eta dantzatzeari ekin zionean! Hainbeste pertsona twisteatzen ikusteak, hurrengo emanaldietan ere lehiaketa egitera bultzatu gintuen.

Bestalde, motots handienaren lehiaketa, saiatu gara, baina ez da horren arrakastatsua izan momentuz. Noizbehinka agertu zaigu mototsen batekin neskaren bat, baina orokorrean, gutxi animatu dira.

Ez da izango zuen laguntzarik ez dutelako... Burutu duzuen tutoretza–bideoa ikusi dut!

Bai! Berez, 60ko hamarkadako mototsak nola egin bilatzen aritu ginenean ez genuenez ezer aurkitzen, gure bideoa sortzera animatu ginen.

Antzezle fazeta ere badaukazue, beraz.

Eszenatokian bertan hasten gara antzezten eta aktoreak ditugu lagun show itxurosoa geratzeko! Bestalde, tutoretza bideoa burutzerakoan ere, argi geneukan zerbait espeziala egin nahi genuela, ez zela gatzgabeko zerbait izan behar; garaiko jantziak ipini eta eszena txiki bat sortu genuen.

Beste esperientzia bat, 2011ko otsailean scopitonea —bideo musikatu bat— grabatu genuenekoa dugu. Bi–hiru hilabete behar izan dugu proiektua amaitzeko, izan ere, negua izanda, oso zaila suertatu zaigu grabaketak egitea, berehala iluntzen zuelako, hotzagatik figuranteek eta ezpainak urdina izaten zituzten... Baina orain oso harro gaude!

Epe laburrera zer–nolako helburuak dituzue?

Gustatuko litzaiguke tutoretza–bideoa moduko gehiago grabatzea, The Sparteensen unibertsoa deskribatu eta zabaltzea; kantuak konposatzea... Hamar mila ideia ditugu buruan! Ez gara lasaituko, bestela deprimituko gara, eta! (barre) Douglas Nightingale Douglas da Iban Rusiñolek The Sparteens taldean erabiltzen duen goitizena. Iruñea eta Hendaia artean hazi da Iban RusiIruol 35 urteko gaztea. Gitarra jolea da, eta estilo anitzak probatu dituen horietarikoa, gainera; ez du bere burua bakar batean definitzen. Reggae, heavy edota ye–ye musika egin du, eta bakoitzetik asko ikasi duen horietarikoa da, gaitasunean irabaziz. Azken proiektua, 2008an sortutako The Sparteens taldea da.