569 Zenbakia 2011-03-04 / 2011-03-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (LXX): Ezpeleta

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Ezpeletaren xarmaren oihartzuna iritsi zaigu gure belarrietara eta horrek erakarrita gerturatu gara oraingoan Lapurdiko udalerriraino. Geure proposamen honetan, denetarik aurkituko dugu gure bidean; edertasunaren erregina bat tarteko, pentsa! Ezpeletako gaztelua.

Akaso bi ezaugarri nagusik nabarmentzen dute inguruko herrietatik Ezpeleta; alde batetik, bertako piper famatuak daude eta bestetik, urtero urtarrilez burutzen den Pottoken Azoka entzutetsua. Eta bi horien ondorioz, milaka lagunek bisitatzen dute udalerria; beraz, nola galdu lekua bertatik bertara ezagutzeko aukera?

Denboran atzera eginez, historiaren zertzelada batzuk jasoko ditugu azkar-azkar. Tokiaren izena aurrenekoz XIII. mendeko dokumentu batzuetan agertzen da; garai hartan Ezpeletako jauntxoaren agindupeko jaurerria zen baina gerora, baroierri izendapena eman zioten tokiari.

Bestalde, Ezpeletan agoteak bizi izan zirela ere badakigu 1592an udalerriko agintariek Bordeleko auzitegietara jo zutela jasotzen baitu agiri batek. Agoteei gainerako fededunekin mezetara joatea debekatzea eskatu, baietza jaso eta ondorioz, elizan beraien erabilerarako ate bat eraiki zuten. Historiari azken errepasoa emateko, badakigu gerra napoleonikoetan soldadu frantsesak 1813an Ezpeletatik igaro zirela, herritarrei eraso eginez eta lapurretak burutuz. Gaztelua bat, moda kontuak...

Tokiari buruz zertxobait gehiago dakigu dagoeneko, eta iritsi da gure bisitaldiarekin hasteko unea. Hala Lapurdiko arkitektura bereziko herrian barneratuko gara, edertasunez josia dagoela ohartuz; gehienek kolore zuri–gorri bizia erakusten dute, besteek zuri–berdea eta askok, piper–sorta ederrak izaten dituzte eskegita aurrealdeetan.

Eraikin zibilekin jarraituz, aipagarria da Erdi Arotik Ezpeletak bere gaztelua eduki zuela; halere, eta historiako gertakarien ondorioz, txikitua izan zen eta gaur egun dagoen eraikina modernoagoa da. Txikizioak txikizio, XVI. mendeko dorrea mantentzen du eta baita XVII. mendeko sarrera. Eraikuntza osoa, 2003 eta 2005 artean konpondu zutela gaineratu.

Inguruneak are ederragoa egiten du Ezpeleta eta toki lasaia dugu. Mendi buelta bat emateko probestu dezakegu bisitaldia, dela oinez, bizikletaz... edota haurrak asto gainean! Modu bitxia bada behintzat, familia guziak disfrutatzeko modukoa!

Halere, proposamen honen hasieran zin egin dugu gure bisitan edertasunaren erregina batekin topo egingo genuela, eta noski, gure hitza beteko dugu. Horretarako, San Esteban XVII. mendeko elizara joan beharko dugu; bertako hilerrian aurkituko dugu 1902an Biarritzen jaio baina Ezpeletan bizi izan zen Agnès Souret, aurreneko Miss Frantzia. Gazterik hil zen, 1928an, koroa jantzi eta zortzi urtetara.

Honekin amaituko dugu gaurko proposamena. Eta zuk, nora gonbidatzen gaituzu? Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com