569 Zenbakia 2011-03-04 / 2011-03-11
Zuretzako bertsolaritza ...
Daukadan zaletasun handi bat da, poliki–poliki nire bizitzan tarte handiagoa betetzen joan dena. Ofizioz irakaslea naiz eta bien artean ikusi dut badela berdintasun bat, transmititu beharra, hain zuzen. Hala, batean ikasitakoa besterako baliagarria zait!
Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria zaitugu. Horretan sartu aurretik, baina, hitz egin dezagun bertsolaritzarekin izan zenuen aurreneko hartu–emanaz.
Ikastolan izan zen; hain justu, astean ordubetez edukitzen genuen bertsolaritzako eskola. Eta handik koadrila batek salto egin genuen bertso–eskolara.
Kontent joaten ginela gogoratzen dut, aste guzia esperoan egoten ginen ortzeguna noiz ailegatuko Manolo Arozena eta Bittor Elizagoienekin bertso–eskolara joateko. Ederki pasatzen genuela eta primerako giroa egoten zela oroitzen dut. Eskolarteko txapelketatan ibiltzen ginen, eta gogoan dut baita ere herritik kanpora buruturiko aurreneko saioa; Hendaian izan zen, eta Zarautzeko bertso–eskolakoekin batera aritu ginen. Erran dezaket bertan igo nintzela aurrenekoz oholtza gainera. Argazkia: Alaitz Rekondok utzia.
Manolo Arozena irakasle izan zenuen eta orain, bere lekua hartu duzu elkartean. Zer nolako erronkak ipini dizkiozu zure buruari?
Denbora bat zeraman errelebo eske, eta niri behintzat kostatu egiten zait Manolori ezetza ematea! (barre)
Oraindik postu berrira laketu eta martxa hartzen dihardut, ez baitakit zer nolakoa den. Erronkarik handiena, Manoloren bidea jarraitzea dela iruditzen zait, gure lurralde honetan, Nafarroan, bertsolaritza sustraitu dadin lanean segitzea, hain zuzen.
Loratze momentuan gaudela erranen nuke, eta gauza ugari ditugu egiteko. Hainbat urtetan landatutakoa bere lore eta fruituak ematen ari dela ikusten dugu, eta nahiz eta oraindik aurretik bidea dugun ibiltzeko, pentsatzen dut Nafarroan bertsolaritzak baduela udaberri bat.
Bertsolariei erreparatuta gainera, gaztetasuna nagusi dela ikusten dugu, ezta?
Hori da! Atzetik belaunaldi berri bat heldu dela ikusten dugu, eta fuerte datoz, lanerako prest. Horrek esperantza bat ekartzen digu, noski!
Asko bertso–eskoletan ikasitakoak dira, halaber. Nola dago hauen egoera Nafarroan?
Bertsolaritza moduan, bertso–eskolen egoera ere osasuntsu dagoela iruditzen zait. Azken aldian gehiago sortu dira, bai gaztetxoentzako baina baita helduentzako ere. Iruñetik ezker–eskuin eta goiti–beheiti, bertso–eskolak badaude bailara gehienetan eta geroz eta gehiago ari dira sortzen. Horrek, zaletasuna ere badagoela adierazten du, geroz eta jende gehiago gerturatzen baita bat–batekoan trebatzeko asmoz.
Esango zenuke bertsolaritza eremu euskaldun eta ez euskaldunetan berdin ulertzen dela?
Errango nuke baietz. Izan ere, berdin antolatzen dizute bertso–afari bat Otsagin edota bertso–trama bat Tafallan, erraterako. Halere, noski, badaude zonalde batzuk askoz ere zaletuagoak direnak eta saio kopuruak aunitzez handiagoak direnak; baina bertzela, urtean zehar eginikoari begiratuta, toki dezentetara iristen garela erranen nuke.
Bertzalde, pentsatzen dut mundu guziarentzako zerbait dela bertsolaritza; jakina, ez bazaizu gustatzen ez zaitu harrapatuko, hori argi dago! Baina euskaldun zahar edota berri batentzako afizio polita izan daiteke. Azken horien kasuan, sarritan izaten dute bertsoa ulertzeko gai izango ote diren beldurra; halere, niri bertsolaritzara gerturatzea saiakera polita izan daitekeela iruditzen zait. Ondorioz, beldur gabe saio batetara etortzeko errango nieke, geroz eta gehiago entendituko baitute eta horrek sortzen duen ilusioa ere geroz eta handiagoa izanen da; eta sentsazio horrek, harrapatu egiten du ikus–entzulea. Argazkia: Alaitz Rekondok utzia.
Desberdina da Nafarroan edo beste lurralde batean bertsolari izatea?
Leku guzietan zure ibilbidea egin behar duzu; egia da baina, Gipuzkoa edota Bizkaian lehendik landuago daudela bide horiek. Baina desberdina da, bai, dela erronkengatik, helburuengatik ...
Nafarroaren kasuan gainera, bertsolariaren jarduna ez da bertsotan aritze soila, euskara zabaltzea eta errotzea ere bilatzen baita. Indar hori egitea funtsezkoa dugu, ziur aski, Gipuzkoako bertsolariek horren esplizituki egin behar ez duten zerbait, erraterako.
Euskara aipatu duzula, nola ikusten duzu gure hizkuntzaren egoera Nafarroan?
Ni lesakarra naiz, eta inguru horietan batez ere euskaraz mintzatzen da jendea, baina zoritxarrez erdara ere nahi baino gehiago entzuten da. Eta bertzela uste dut geroz eta egoera hobean dagoela erraten ahal dugula, tartean matrikulazio kanpainak–eta D ereduaren aldekoak direlako; baina lan handia dago oraindik egiteko.
Tamalez, euskarak etsai ugari ditu oraino. Gauza kulturala eta denontzako aberastasun bat dela ulertzen ez badugu, ez dugu aurrera egingo.
Bertsolaritzara itzuliz, oholtza gainean bertsolari izan zinen, gero gai–jartzaile...
Bertsoak kantatzearena ahantzia dut! (barre) Bat–batekoan aritzen ginen, eta iritsi zitzaidan saltoa emateko aukera; behin probatu dut txapelketan aritzea eta argi geratu zitzaidan ez zegoela niretzat egina.
Bai gai–jartzaile moduan eta baita aurkezle lanetan aldiz, hagitz eroso aritzen naiz. Lan aunitz egin behar da saioa hasi aurretik; gauza aunitz pentsatu behar dira, bertze hainbertze kontuan hartu... Ezin da edozer gauza hartu eta bertsotan kantatzeko gai bezala ipini!
Halere, ez da berdina saio libre baterako edota txapelketetarako burutu beharrekoa lana. Aurrenekoen kasuan, zure egitekoa da gaiak aukeratu, prestatu eta aurkeztea, askoz ere informalagoak dira saioak, ariketa ezberdinak plantea daitezke eta esperimentatu...
Txapelketatan berriz, talde bat egoten da, eta ez zara zu bakarrik arduratzen gaiez, guztien artean erabakitzen baitira. Gainera, formalagoa da saioa, eta denak oreka bat izan behar du... Lan egiteko moduak beraz, hagitz desberdinak dira beraien artean!
Bertsotan hasi zinen garaitik hona aldaketa handia sumatu al duzu?
Gertukoa nuen bertsolaritza aurretik, baina nirea bakarrik, Bortzirietakoa. Orain askozaz sartuago nago bertsolaritza mundu honetan, eta noski, ni hasi nintzenean mugitzen nintzen esparrua bertso–eskola zen eta gehienez ere Nafarroako elkartean hiruzpalaurekin izango nuen harremana. Orain, eremua zabalagoa dut, jende gehiagorekin daukat hartu–emana, eta noski, askoz gehiago ezagutzen dut bertsolaritza zer den.
Bertzalde, erranen nuke, egun bertsolaritzak jendartean daukan oihartzuna handiagoa dela, eta egiteko horretan hedabideek paper garrantzitsua bete dutela. Aunitzetan beraiei esker enteratzen gara zer gertatu den, txapelketarik egon den... Interes minimo bat duenak medio horietara jotzen du albiste eske.
Halere, maiz badirudi jendea soilik finaletara gerturatzen dela.
Bai, horrela izaten da, ezin dugu ukatu. Nafarroako kasuan erraterako, sumatu dugu azken urteetan finalerdietara jende dezente hurbiltzen dela, eta laurdenetan etxekoak ibiltzen garela... Faktore ezberdinek izaten dute zerikusia horretan: nor pasa den, zein herritan den... Eta betekada noski, finalean sumatzen da, eta albiste ona dela iruditzen zait.
Etorkizuneko begiz jota duzun xederik badago?
Polita izango litzateke bertsolaritza Nafarroa guztira hedatzea eta horretarako hezkuntza araututik aukera edukitzea. Gainera, bertso–eskolen sarea hedatzea ere gustatuko litzaidake. Hori dena lortzeko denbora dezente eman beharko dut lehendakari moduan! (barre) Baina urratsez urrats, eta esperantzarik galdu gabe, egingo dugu aurrera. Alaitz Rekondo (Lesaka, 1980) Zazpi senideko alabarik gazteena da Alaitz Rekondo Ferrero. Lesakako ikastolara joan zen aurrena eta Goi Mailako ikasketak egiteko aldiz, Eskoriatza eta Salamanca aldera bidaiatu eta Irakasle ikasketak burutu zituen, Heziketa berezia eta entzumen eta hizkuntza espezialitateetan; maistra moduan dihardu lanean egun. Bortzirietako bertso–eskolan trebatu zen bat–batekoan; gai–jartzaile moduan ere aritutakoa, eta 2011ko urtarrilaren 29tik Nafarroako Bertsozale Elkarteko lehendakaria da.