Euskonews Gaztea
Gaiak: Gazteriaren Kontseilua: eredu oso bat jokoan
Euskadiko Gazteriaren Kontseiluko presidentea
Artikulu honetan Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren gaur egungo egoera zein den azaldu nahi dugu, eta honen aurrean sortzen zaigun egonezina. Izan ere, azken urteotako egoera larriena ari gara bizitzen. Gure xedea gazteen bizi baldintzen osoko hobekuntzaren alde egitea da, parte hartze sozialaren sustapenaren bitartez eta erantzukizun publikoa oinarritzat hartuz. Honetarako gazte elkartegintza sustatu, lagundu, gorpuztu eta saretzen egiten dugu lan, besteak beste. Kontutan hartzekoa da gainera EGKren baitako aniztasuna, hainbat errealitate, filosofia, pentsamolde eta lan–esparruetako elkarteak batzen baitira Kontseiluan, beste testuinguruetan pentsaezina litzatekeen pluraltasuna ahalbidetuaz. Egoera azaltzeko EGKren prentsaurrekoa. Argazkia: EGK
Gure lana aurrera ateratzeko baliabide ekonomikoak ezinbestekoak dira, noski. Baliabide hauen zatirik handiena Jaurlaritzaren eskutik jasotzen dugu, EGKren urteko aurrekontuaren ia %75a. Eta honi dagokionean, azken 2 urteotan %20ko murrizketa jasan dugu Jaurlaritzaren aldetik. 2010 urtean 37.000¤ ingurukoa izan zen murrizketa, eta 2011 honetan 29.000¤–koa. Hau da, 2 urtetan 56.000¤–tan jaitsi da kontseiluaren aurrekontua. Honen aurrean dagoeneko hainbat neurri hartu ditugu; alde batetik ‘Bake teknikaria’ ez dago beteta, ezta (behin–behinean bada ere), arlo teknikoetako koordinatzailearena ere. Beste alde batetik, Bakea eta Gatazken konponbidea izeneko arloa ez da ia lantzen ari, ez baitago hori landu ahal izateko teknikaririk. Eta amaitzeko, arlo guztietako proiektuak murriztu ditugu, bai ekonomikoki eta baita lan karga aldetik, beste era batera ezinezkoa baita egoera hori aurre egitea.
Egoeraren eraginez, 2011 hau 25.000¤ inguruko defizitarekin hasi dugu. Honek ekar dezakeenarekin; teknikariren bat kaleratu beharra, lanaldi murrizketak, edo honi aurre egiteko beharrezkoak liratekeen neurriak. Honen eraginez EGKren lan–ildoak are mugatuagoak geratuko lirateke, teknikarien lan–baldintzak okertzeaz gain.
Egia da krisi garaian gaudela eta egoera orokorra ez dela samurra. Alde horretatik ulertu genezake murrizketa jasan izana. Baina ikusi dugu Jaurlaritzaren Gazteria Zuzendaritzak ez dituela dirulaguntza guztiak maila berean murriztu. Are gehiago, zenbait partida bere horretan mantendu dira, murrizketarik jasan gabe, eta beste batzuek gorakada jasan dute. Honek zer pentsa ematen digu. Izan ere, krisi ekonomikoa edota Zuzendaritzak jasandako errekortea balitz murrizketarako arrazoi bakarra, Zuzendaritzak berak emandako dirulaguntza guztiak maila berean edo antzerakoan murriztuko liratekeela ulertzen dugu. Baina batzuk horrenbeste murriztu izana eta beste batzuk mantendu edo igo izana arrazoi objektiboei loturik ez dagoen erabakia dela iruditzen zaigu, kontzienteki aukeratu dela nori murriztu eta nori ez. Zein paper jokatuko du elkartegintzak?
Honetaz gain, badira beste zenbait zantzu gure egonezina areagotzen dutenak. Alde batetik, Jaurlaritzak aurkeztutako Gazteen Euskal Legearen zirriborroetan Gazteen Euskal Erakundearen sorrera aipatzen da. Bertan EGKko ordezkari baten partehartzea aipatzen da, Kontseiluaren existentzia aurreikusten da, beraz. Baina, zeintzuk izango lirateke EGKren eskumenak eta egitekoak Erakunde berri horren parean? Hori ez da zehazten. Argazkia: EGK
Bestalde, zenbait bileratan Jaurlaritzatik EGKren figura juridikoaren inguruko aipamenak egin dira eta baita hau aldatzearen gomendioa. Eta Kontseiluaren funtzionamendua definitzen duten lege eta dekretuaren aldaketa baten beharra ere aipatu izan da bilera horietan.
Guzti honek lehen aipatutako egonezina areagotzen du. Izan ere, iruditzen zaigu Jaurlaritzak EGKren desagertzea ez bada, eredu aldaketa bat behintzat bilatzen duela. Estatu mailan badira Gazteen Erakundeak eta Gazteria Kontseiluak lanean diharduten erkidegoak. Hau behin baino gehiagotan aipatu zaigu, Jaurlaritzaren fede onaren adierazgarri moduan, Kontseilua deuseztatzeko inolako asmorik ez dutela azaltzeko. Baina kontseilu horietako gehienen eredua ez da EGKren eredu bera. Beste lan dinamika bat darabilte, EGKren dinamikarekin zerikusirik ez duena eta EGKko kideoi guretzat gustatuko ez litzaigukeena.
Honetaz gain, EGKren dinamikan edo egituran aldaketarik eman beharrez gero, hausnarketa eta ondorio hori EGKtik bertatik abiatu beharko litzatekeela iritzi dugu, ez Jaurlaritzaren erabakiz eta Jaurlaritzak bultzatuta, egiten duen eran egiten duela.
Jasaten ari garen egoerak EGKren lana, dinamika eta filosofia kolokan jartzen dituela iritzi dugu eta larria iruditzen zaigu. Izan ere, aipatutako murrizketekin ezinezkoa zaigu orain arteko egiturarekin jarraitzea, eta honek zenbait proiektu eta lan–ildo bertan behera uztea dakar. Ez zaigu iruditzen inondik inora ere gazteen partehartze demokratikorako plataforma ofiziala den EGKk bere autonomia galdu behar duenik. Ezta gazten bizi–baldintzen hobekuntzarako egiten duen lana murriztu dezakeenik ere.
Guzti hau dela eta, Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik gure egoera jakinarazi nahi diogu gizarteari eta gure desadostasuna adierazi Jaurlaritzatik jasandako murrizketa eta jokabideen aurrean.
Jaurlaritzarekin mantendutako bileretan hitz egin dugu honen inguruan. Eusko Legebiltzarrean ere hainbat alderdik EGKren aldeko emendakinak aurkeztu dituzte, aurrera atera ez direnak. Beraz, bide horiek agortuta, gure egoera eta honen inguruko ikuspuntua publikoki adieraztea erabaki dugu, horregatik artikulu hau.
Gure ahotsa interes soilik ekonomikoek edo interes soilik propioek sortutakoa dela inork pentsa ez dezan gainera, EGK osatzen dugun elkarteon bermeaz gain beste hainbat eragileren babesa dugu eta gurekin bat egiten dutela adierazi digute esplizituki. Beraz, Jaurlaritzari jarrera aldaketa bat eskatzen diogu euskal gazteriaren eta elkartegintzaren onurarako.