571 Zenbakia 2011-03-18 / 2011-03-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Gazteen langabezia eta erantzukizuna

OTAZU, Xabi



Ez dut inoren asteburua kaltetu nahi, baina gaur gazteen arteko langabeziaz lerro batzuk idatzi behar ditudala otu zait, eta Euskonews Gaztea ostiraletan argitaratzen dela dakidan arren, hona hemen gai horretaz burututakoa. Honen irakurketak gaizki egingo dizuela uste baduzue, irakurri astelehenean, ez baitu gaurkotasuna galduko. Lana bilatzen. Argazkia: CC BY – Amy Moss

Gazteen arteko langabezia tasa, zifra kritikoen arteko gora behera gutxirekin, kopuru flotakor egonkorrera ohituko ez ote den pentsatzen ari dira adituak. Horrek esan nahi du, hitz potoloetan, eguneko egoera kezkagarria egiturakoa bihur daitekeela. Eta horrek adierazi nahi du, langabeziak gazteen multzoko kapa guztietan jotzen duela gogor. Norbaitek “demokratikoki” jotzen duela idatziko luke.

Badirudi gazteok bizimodu zailagoa eraman dezakegula aurrerantzean, gaur egunera arte gure gurasoek izan dutenarekin konparatuta. Gure gurasoek eraman dutena geurea ere izan da, eta horregatik gerta daiteke guretzat traumatikoagoa ibilitakoaren gaineko galera, hau edozein neurrikoa izanik ere. Prestatuta al gaude, ordea, gure gurasoek euren lepo gainean jasoko ez duten erantzukizun gehigarriari aurre egiteko. Gai izango al gara, azkenik, gizarteak bizi behar duen aldakuntzaren testigua hartzeko?

Ez dezagun ahaztu, “prestatuta” eta “gai izan” kontzeptuak nor beraren heziketarekin daudela erlazionatuta. Eta nire zalantzak baditut, orain arte Unibertsitatean jaso dugun modeloak etorkizuneko gure bizimoduak beharko dituen eskakizunei erantzun aproposak emateko balio ote duen. Berriro diot, ez dela nire asmoa inoren asteburua ozpintzea, baina goi mailako ikasketek nekez eskaintzen diote gure beharrizanari gutxieneko bermea, horrekin bakarrik, jadanik exigitzen zaigun erantzukizun gehigarria betetzeko. Lantegiko lan–prozesuek, prestakuntza jarraikiarekin, izan behar dute formularen oinarriko osagaia. Baina, gurpil ero bat balitz bezala, lantegiko prozesu horiek ez ditu gazteak bereganatu ahal izango, lantegirako sarrera ahalbidetzen ez zaion bitartean.

Izan gaitezen kontziente gazteok, ez garela aieneka bakarrik oso urruti iritsiko. Gure egoera negargarriaz jabetuta, eman dezagun saltoa eta eska dezagun lan merkatuan erreleboa, indar guztiz.