572 Zenbakia 2011-03-25 / 2011-04-01

Euskonews Gaztea

Gaiak: Josu Erkorekarekin alkarrizketa

ETXEBARRIA, Markel IBAÑEZ, Iker QUINTEIRO, Javier RODRIGUEZ, Xabier

Bilboko BEGOÑAZPI Ikastola



Josu Erkoreka, Euskal Herriko politikan sartuta dagoan politiko garrantzitsua da; EAJko taldekide, eta Madrilgo diputatua da.

Galdetegi hau pertsona garrantzitsua dalako egin deutsagu; berak poz handiz erantzun deuskuz galdera guztiak. Hemen dozue alkarrizketa entretenigarri hau:

Zu Bermeotarra zara. Zein oroitzapen dozu zure Bermeoko haurtzaroaz? Nik ezagutu nuen Bermeo, gaurkoarekin konparatuz, oso ezbardina zan. Arrantza munduak orain baino garrantzi eta pisu handiagoa eukan orduan bermeotarren eguneroko bizitzan. Itsasoak emoten ebazan frutuetatik bizi zan herria: arrantzatik eta arrain kontserbetatik, batik bat. Eta horri lotuta, itsasoari begira egiten genduan ia guztia. Bestalde, herri euskalduna zan oso. Gizarte–bizitza euskaraz gauzatzen zan hein handi batean. Erakundeetan eta eskolan izan ezik —frankismoaren garaian gaztelania zan nagusi inguru horreetan— euskaraz egiten genduan: etxean, kalean, jolasean, elizan... Orain, ordea, esparru horreetan guztietan be, garai hareetan baino asko gehiago entzuten da gaztelania. Paradoxikoa dirudien arren, erakundeetan eta eskolan bete–betean sartu da euskara azken denboretan, baina gizartean, jendartean, inoiz baino gehiago entzuten da gaztelania. Josu 2008ko argazki batean. Argazkia: CC BY – Javierme

Zuk, unibertsitateko ikasketak gaztelaniaz egin zenduzan? Asko aldatu da euskararen erabilera Deustuko Unibertsitatean? Ni ikasle izan nintzenean, klase bat bera be ez zan euskaraz emoten Deustuko Unibertsitatean. Ez Zuzenbideko Fakultatean, ezta —nik gogoratzen dodan neurrian behinik behin— gainontzeko fakultateetan be. Izan ere, gure ikasle sasoian hasi ziran irakasle banaka batzuk euskarazko mintegiak antolatzen, egitarauko arlo batzuk euskaraz be landu ahal izateko. Baina klaseak, apunteak, liburuak eta azterketak, danak egiten ziran gaztelaniaz. Ez egoan beste aukerarik. Horretan, zertan esanik ez dago, aldaketa nabarmena gertatu izan da azken hamarkadetan. Orain ikasgai asko ikasi daitekez euskaraz fakultaterik gehienetan.

Zenbat urte daroazuz politikaren munduan sartuta? Gazte–gaztetarik hasi nintzan politika munduan murgiltzen. Euskal abertzaletasunaren aldeko joerarekin beti, jakina. Euskara, euskal kultura eta euskal nortasun politikoa baztertuta ikusteak piztu eban nire politikarekiko grina. Zerbait egin behar zala ikusten neban egoerari buelta emoteko eta euskaltasunari irauteko behar eban bultzada emoteko. Gero, Eusko Jaurlaritzan lanean hasi nintzanean, politarekiko hurbiltasunak areagotu egin eban nire zaletasuna, eta Eusko Alderdi Jeltzalean bazkidetzea erabaki neban. Alderdi abertzalea, historikoa, biografia luzekoa, humanismoan errotua, demokrazia eta giza–eskubideen defentsarekin konprometitua, eta indarkeriarekin ezer ikusi nahi ez ebana. Azkenean, 2000 urteko hauteskunde orokorretan Madrilgo Gorte Nagusietara joateko aukera zabaldu jatan, EAJko zerrendetan. Aurkeztu nintzan, bai, eta aukeratua, gainera. Harrezkero, Diputatuen Kongresuan nabil lanean. Lehenbiziko lau urteetan diputatu eta 2004az geroztik, taldeburu.

Euskararen aldeko zein ekintza egin dozuz? Deustuko Unibertsitatean Zuzenbideko klaseak euskaraz emoten hasi zan hasierako taldekoa naz. Abel Muniategi bertsolaria eta biok izan ginan Zuzenbide Administratiboko ikasgaiak euskaraz emon genduzanak lehenbizikoak. Eusko Jaurlaritzan, barriz, HAEE–IVAPeko zuzendaria izan nintzan sei urtez: 1994tik 2000ra bitartekoak. Tarte horretan, Administrazioko Hizkuntza Eskakizunen sistema diseinatu eta martxan jarri genduan. Halaber, anglosaxoien artean oso zabalduta egoan Plain language izeneko joeraren lerroak ekarri genduzan Euskal Administraziora, euskaraz be hizkera erraza, garbia eta ulergarria lantzeko asmoarekin.

Zein egoeratan erabiltzen dozu euskera? Eta gaztelania? Diputatuen Kongresuan nabilenetik, nahiko baztetuta daukat euskararen erabilera. Madrilen egiten dodaz asteko egunik gehienak eta gaztelaniaz funtzionatzen dauan erakunde batean. Ez daukat, beraz, euskara askorik erabiltzeko posibilitaterik. Nire eginkizunik gehienak gaztelaniaz bete behar dodaz eta. Euskara, Euskal Herritik nabilenerako itzi behar dot. Asteburuetan eta euskal komunikabeekin izaten dodazan harremanetarako.

Zein da euskararen egoera gaur egun, zure ustez? UNESCOko txosten batek esaten eban, joan dan abenduan, galtzeko arriskuan dagozan 2.500 hizkuntzen artean dagoala euskara. Nik, tamalez, ezin daiket besterik esan. Ikasi bai, ikasten da euskara, baina erabili ez da horrenbeste egiten. Eta ez dot uste gehienak gaztelania erabiltzen daben komunikabideek, egoera latz hori aldatzera lagunduko dabenik.

Zuk uste dozu euskararen alde gehiago egin daitekeela? Bitoriano Gandiagak esan eban moduan, euskara ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek egiten ez dutelako baizik. Euskaldunon esku dago, hein handi batean, euskarak iraun ahal izatea eta hurrengo belaunaldietan be ezaguna izatea. Erakundeek be gehiago egin daikie, ez dot ukatuko, baina indarrean dagozan baldintza legalak nahikoa dirala uste dot, euskaraz bizi nahi dauanak, bere borondate hori bete dagian. Ezin deikeogu inori aurpegiratu azken batean geurea —euskaldunona— dan errua.

Nahiko bazendu, emon zeinke hitzaldi bat Diputatuen Kongresuan euskaraz? Ez. Gaur gaurkoz ez da posible Diputatuen Kongresuan hitzaldi oso bat euskaraz emotea. Hasierako eta bukaerako hitz banaka batzuk bai, baina ez diskurtso osoa. Araudiak ez dau baimenik emoten eta presidenteak ere ez leuke itziko. Eurek arrazoi praktikoak emoten dabez debekapen hori justifikatzeko. Diputatu guztiok dakigu gaztelaniaz hitz egiten eta ez leuke zentzunik izango, hizkuntza komun bat izanik, alkar ulertu ezinik ibilteak, gutako bakoitza bere hizkuntza propioan mintzatuz: euskaraz, galegoz edota katalanez. Benetako arrazoiak, ordea, politikoak dira: Ezin dabe onartu Estatuko eleaniztasuna inguru guztietan nabarmenaraztea. Ezin dabe irentsi Diputatuen Kongresuan, Nazio Batuetan egongo bagina bezala, alkarren artean hitz egiteko belarrietan itzultzaile automatikoaren tresna jarrita ibili beharra.

Dana dala, ez dot uste, benetan, euskararen etorkizunaren gakoa hor dagoanik. Eusko Legebiltzarrean zilegi da euskaraz hitz egitea eta diskurtsoen %30era ere ez da heltzen euskaraz egiten danak. Hemen berak emon deuskun argazki bat ikusi daikegu. Bere blog ofizialean argitaratu zauana pertsona guztiei urte berria emoteko.

Madrilen euskaraz gitxiago hitz egiten dozula suposatzen dogu. Norekin hitz egiten dozu zure ama hizkuntzan Madrilen? Diputatu euskaldunen artean, batez be —esan beharrekoa dala uste dot, euskaraz dakien diputatu bakarrak EAJkoak dirala— eta Euskal Etxeako bazkide euskaldunekin. Ez dago aukera gehiagorik.

Zure blogean honako hau jartzen dau: Munduratzen betidanik jakin izan dogu euskaldunok eta zer esanik ez bermeotarrek. Zer esan nahi dau?

Euskal abertzaleok geure mundu itxian murgildutako jendetzat hartzen gaitu Espainiatik oso hedatuta dagoan topiko batek. Munduan zehar inoiz ibili gabeko jendetzat, alegia. Topiko hori apurtu nahi dot aipatzen deustazun esaldiarekin. Herri txikia da Euskal Herria, baina txikitasun horretatik abiatuta —eta txikitasun horri esker, neurri handi batean— beti bizi izan da kanpora begira. Milaka dira, belaunaldiz belaunaldi, Euskal Herritik beste inguruetara alde egin dabenak: Ameriketara, Australiara... Herri zabala gara; irekia; munduratua. Hori, ordea, ez da eragozpena izan abertzaletasunean sakontzeko. Aitzitik, sarritan, gehien ibilitakoak suertatzen dira abertzaleenak. Nire jaioterrian, Bermeon, horrela gertatzen da. Itsasoz itsaso ibili izan da bermeotarra, mendeak joan eta mendeak etorri, baina abertzale sutsuak dira marinel eta arrantzalerik gehienak.

Blogean agertzen danaren arabera mendizalea zara. Aipatuko ahal deuskuzu esperientzaren bat? Bizkaiko mendirik zoragarriena, Gorbea da, zalantza barik. Altura gehien dauana ez ezik, mendizalearentzat aukera gehien eskaintzen dauana be bada. Horren ostean, Anbotoko, haitz zorrotzak dodaz gustuko. Eta Bilbo inguruan, ez dago Ganekogorta bezalakorik. Ordu pare batean, Zabalburuko plazatik, hiribarruko bihotz–bihotzetik, mila metroko mendira igo zaitekez, paisaia erabat aldatuz. Esperientzia hunkigarria da benetan.

Orain dala gitxi, Xabier Lete euskal poeta hil da. Ezagutzen zenduan? Gogoko dozuz bere abestiak? Zer deritxozu euskararen alde egindako lanari? Gure gazte denboran ikono ezaguna zan Xabier Lete, abeslari eta, batez ere, poeta. Ez neban ezagutzen baina behin baino gehiagotan egon izan naz bere kantaldietan. Euskal letren munduari ekarpen handia egin eutsola uste dot, batez be poesiaren arloan. Poema ederrak ditu Xabierrek. Eta oso erregistro ezbardinetakoak. Herri–itxurakoak, politikoak, erlijio–tankerakoak, existentzialistak, eszeptikoak... Gizon sakona zan Xabier. Umore aldakorrekoa baina serioa.

Futbolzalea zara, ezta? Zer deritxozu izenaren kontu horri guztiari buruz? Izena dala eta, sortu dan iskanbila ez dot atsegin eta Euskal Selekzioa, azken urteetan partidua jokatu barik gelditu behar izana penagarria da. Zorionez, 2010. urtean arazoak alde batera itzi eta partidua jokatzeko aukera izan dogu. Poza emon deusku horrek futbolzale–abertzale guztioi, geurea dan selekzioaz gozatzeko aukera emon deuskulako.

Dana dala, nire ustez ez litxakio selekzioari betiko izaera aldatu beharko. Euskadi izenak historia luzea dau —gerrate zibilean, munduan zehar euskal errefuxiatuentzat dirua biltzen ibili zan futbol selekzioa be horrela deitzen zan— eta hitz horrek ez dau balio Euskal Herria hitzak baino gitxiago zazpi lurraldeak izendatzeko. Euskal Herria izenak entitate kultural eta linguistikoa izendatzen dau. Euskadi hitzak, ordea, egitasmo politikoa.

Batzuek esaten dabe Euskadi izena Euskal Autonomia Erkidegoa izendatzeko erabili behar dala eta Euskal Herria, ordea, zazpi lurraldez osatutako esparrua. Ez dabe arrazoirik. Gernikako Estatutoaren 1. artikuluaren arabera, Euskal Autonomia Erkidegoaren izena Euskadi zein Euskal Herria izango da. Beraz, Euskadi hitzak, zazpi lurraldeak izendatzeko balio ez badau, beste horrenbeste gertatzen da Euskal Herria hitzarekin.