572 Zenbakia 2011-03-25 / 2011-04-01

Euskonews Gaztea

Gaiak: Esplotazioa, guztion arazo

GABIÑA, Alain MARTÍNEZ, Ainara MARTÍNEZ, Mikel

Bilboko BEGOÑAZPI Ikastola



“Azucena duela 28 urte jaio zen Colombian eta duela zortzi, Iberiar Penintsulan sartu zen. Nerabe zelarik, seme bat izan zuen. Jaioberriaren aitak alde egin zuen, neska gaztea bakardadean utziz. Egoera larrian zegoen: 16 urte eta seme batekin. Hori gutxi ez balitz, bere familiak zorrak zituen eta kide berri bat mantentzeko beharrezkoa zen dirurik ez zegoen. Dena den, amaren esfortzua zela eta, umeak aurrera egin zuen eta 7 urte zituenean, lanean hasi zen.”

Honelakoak diren hainbat istorio dauzkagu gaur egun. Gizaki orok du ume izateko eskubidea, baina hau, ez da beti bermatzen. Hirugarren munduan, milioika ume daude egoera bortitzetan lan egiten. Askok, diru pixka bat irabazteko egiten dute, familiari lagundu nahian; beste askok, ordea, gurasoek edota edozeinek behartuta.

Haurren esplotazioa eguneroko errealitatea dela esan dezakegu. Gehienek, baldintza oso gogorretan egiten dute lan; lanaldi osoz jarduten dute, hau da, zazpi egunetatik, zazpi egunez lan eginez.

Higienea arazo larria da. Langile txiki askok ez dute zapata aproposik edota oinetakorik. Arropa egunero urratzen dute lantokian pilaturiko hondakinekin. Gaixotzeko probabilitateak handiegiak dira. Argazkia: Alain Gabiña.

Tratu txarra ohituratzat har genezake. Biolentziak eta nagusion etengabeko mehatxuek kalte besterik ez dute egiten. Bizi beharreko egoera gutxi ez balitz, soldata eskasa (askotan soldata eza) dute irabazitzat. Horren adierazpide dugu hainbat umek duten egunerokoa: Goizeko 9:00ak inguruan lanean hasi, zapatilak ekoizten, arratsaldeko 17:00ak edo 18:00ak arte. Nohizbehinka, 0.50 euroko soldata lortzen dute baina horrekin batera, buruko mina, hotzak eragindako sukarra eta bizkarreko arazoak.

Lehen mundu kontsumista honetan bizi garenok kontu handiz ibili beharra dugu. Merkatuan eskaintza zabala dago eta ondo aukeratzea da gure eginkizuna. Berez, gutxi batzuek baino ez dute kontuan hartzen produktuen jatorria. Aberatsok, hori baikara, badugu hainbat ekoizle ezagunek dituzten haur langileen berri baina ez dugu kontuan hartzen.

Argi dago umeon esplotazioa arazo unibertsala dela, guztiok barnean hartzen gaituena.

Horregatik, bidezko merkataritzaren alde jokatu behar dugu; haurrek eskolaratze prozesua beteko lukete, langileek bidezkoak diren soldatak izango lituzkete. Munduko biztanle guztiok parte hartuko bagenu, giro txiroaren amaieran barrena sartuko ginateke, baina zoritxarrez, aipatutakoa nahiko urrun dago oraindik.