573 Zenbakia 2011-04-01 / 2011-04-08
Araban, Aiarako eskualdean dagoen udalerriraino joango gara, Laudioraino hain zuzen ere. Gaurko kasuan gainera, bitxikeria moduan, Laudion kokatuta dagoen museo bat ezagutzera gonbidatzen zaitugu.
Euskaldunon artean betidanik eduki du garrantzia gastronomiak eta sukalde kontuetan daukagun ospea ez da nolanahikoa, ezta gaur eguneko afera soilik. Horrexegatik, ez zaigu arraroa egiten gai honi eskainitako museo bat aurkitzea. Zehaztasunak
Euskal Gastronomiaren museoak 1994an ireki zituen ateak aurrenekoz eta ordutik atzoko eta gaurko sukaldaritzaren gakoak aurkeztu dizkio bisitariari. Gastronomiaren Euskal Museoaren Kontsortzioaren laguntzarekin ipini zen martxan tokia XX. mendeko azken hamarkadan eta Zubiko etxean dago kokatuta, hain zuzen XIX. mendeko etxe dotore batetan.
Hiru solairutan dago banatuta museoa, eta denetarik aurkituko dugu bertaratuz gero, direla sukaldatzeko tresnak, edota langile ezberdinek jantzi izan ohi zituzten/dituzten uniformeak, egur labeak, gozotegi baten erreplika, mundu osoko jatetxeetako karta bilduma bat... Hala, etxean burutu izan den sukaldaritzaz gehiago jakiteko abagunea edukiko dugu, baina gainera profesional moduan gaur arteko jardunaren berri jasoko dugu baita ere.
Erakusketaz aparte, museoak hainbat jarduera antolatzen ditu, horien artean, sukaldaritza ikastaroak, inguruko produktuen sustapen ekitaldiak, erakusketak edota dastaketak egon ohi dira, esaterako. Ezin ahazteko modukoa da gainera, Urrezko Koilara saria ematen dutela, eta Karlos Argiñano edota Juan Maria Arzak moduko profesionalek dagoeneko eskuratu dute, hain zuzen, euskal sukaldaritza hedatzeko eginiko lanagatik.
Gure ondare preziatuenetako bat den gastronomia bultzatu gura du museo honek, tradizionalaren eta modernoaren arteko apustua egin eta beti ere izaerari eutsiz.
Euskal Gastronomia Museoa Maestro Elorza 11 01400 Laudio 94 403 49 40 http://www.museovascodegastronomia.com/
Ordutegiak Ostiral eta larunbatak: 17.30–20.30 Igande eta jaiegunak: 11.00–14.00
Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com