573 Zenbakia 2011-04-01 / 2011-04-08
Bidaiatu dezagun, Ain_1en sorrerara. Nola atera zen taldea sortzeko ideia?
Egia esan nahiko modu naturalean hasi zen. Emakume sortzaileak plazaratzeko ekimen bat jarri gura zuen martxan orduko Bilgune Feministak Arrasaten eta aitzakia horren inguruan, Ainara eta Iraitz elkartu ziren saiotxo bat egiteko, bat bere abestiak abesten eta bestea emakume poeta batzuen testuak irakurtzen. Horren ostean, beste saio bat egiteko aukera irten zen Gasteizeko Gauekoak ekimenaren barruan eta Arrasateko Lagunilla tabernan eman genuen saio bat ikusi zuen Itsasok, Ainararen pisu–kideak, eta dantza egitera animatu zen. Azkenako saiotxo hura 15 minututako kontua izan zen arren, Gauekoak ekimenekoek ea kontzertu bat ematera animatuko ote ginatekeen galdetu eta talderik eduki ez arren, horrelako proposamen bati ezin ezetz esan eta baietz esatera ausartu ginen. Noski, taldea eta abestiak nonbaitetik atera beharra zegoen eta horretarako hilabete pare bat besterik ez genuen. Gure inguruko neska musikari batzuei gonbidapena luzatu genien, ea animatuko ote ziren kontzertu horretarako zer edozer prestatzera, eta ia konturatzeke, Olatz eta Amaia gehitu zitzaizkigun, bata teklatu eta gitarra jotzen ikaragarria zen, eta Amaia biolin–jolea eta ikus–entzunezkoetan aritu eta aditua, Bartzelonatik ailegatu berri zegoen artista. Argazkia: © Imanol Soriano. Egia esan izugarria izan zen hasiera–hasieratik izan genuen konplizitatea, bakoitza koadrila eta adin ezberdinetakoak baikinen, eta apenas ezagutzen baikenuen elkar. Baina oso harreman polita egin genuen hasieratik. Lehen kontzertu hura irten zen nolabait, armairuan gordetako abesti zaharrak atera, poema batzuk birziklatu eta hilabete eta erdian, eskenatokira irten ginen. Berehala zabaldu zen berria eta kontzertu gehiagorako proposamenak egiten hasi ziren. Gu zeharo harrituta geunden, baina denei baietz esaten hasi ginen eta beno, konturatzeke, taldea eratu genuen. Saio pare baterako sortu zena, egonkortzen joan zen; Olatzek taldea utzi behar izan zuen, beste hamaika proiektu musikaletan buru–belarri zebilelako eta beste lauok jarraitu genuen. Amaiak biolinarekin, Itsasok dantzan, Ainara eta Iraitz gitarra joz eta kantatzen, eta azken hau ere poemak irakurtzen. Urte pare bat jotzen egon ostean, geldiunetxo bat egitea erabaki genuen eta ia bat–batean, Maialen ezagutu genuen, kaxa flamenkoa jotzen duen neska bergarar jator–jatorra. Eta orain, berriro jotzen hasi garen honetan, bost neskak osatzen dugu Ain_1.
Ain_1. Izenak berak hainbat gauza adierazi ditzake ...
Lehen kontzertu horretan erabili zen izena lehenengoz, Ainararen “izen artistiko” bezala. Gero, talde bezala izen bat eduki behar genuela konturatu ginenean, berau mantentzea erabaki genuen. Batetik, belarrira eta estetikoki gustatzen zitzaigulako. Bestetik, esanahia ere bazuelako: hainbat elementu nahasten ditugu gure ikuskizunean, musika, poesia, dantza, ikus–entzunezkoak: hainbat lekutatik gatozen neskak gara: hainbat arrazoi ia ustekabekok batu gaituzte. Azken batean, izenak berak adiera ederra du. Ezberdinak gara oso, hainbat gara, asko, baina gauza eder batek batzen (hortik dator 1) gaitu; batasun bat osatzen dugu.
Ez zarete baina, ohituta gauden talde konbentzional horietariko bat.
Beno, musika talde soil bat ere ez gara eta. Esandako elementuak nahasten ditugu, ez zerbait berezia txertatu gura dugulako, sartzen ditugun elementuak gure sormenaren emaitza direlako baizik. Sortzen duguna taularatzen saiatzen gara, musika eta letratik hasi, eta estetika konkretu batera; ikus–entzunezkoetatik, antzerkira; aldarrikapenetik, jolasera ... Modu oso intuitiboan sortzen ditugu abestiak eta egiten dugun dena, larregi pentsatu gabe. Horrelaxe irteten zaigu barrutik, horrelaxe janzten dugu sortzen duguna bakoitzak dakigunarekin, bertsotan bezala doinu eta errima nahiko librean josiz. Galdetzen digutenean zer den egiten duguna, zer erantzun ere ez dugu jakiten. Bestalde, ez gara talde konbentzional bat ere, bostok neskak garelako. Suposatzen dugu horrek ere egiten gaituela apur bat ez–ohiko taula baten gainean, musikaren esparruan behintzat. Argazkia: Ain_1
Aniztasuna da nagusi taldean eta bakoitzak rol bat betetzen duzue...
Bai, lehen esan bezala bakoitzak berea ematen du, dakiena edo momentu horretan gogoak ematen diona, baina ez dugu erabakitzen bakoitzak jokatu behar duen rola zein den, ez behintzat modu esplizitu batean. Gu geu irteten gara eskenatokira eta gu geu garen bezala azaltzen gara, ez da hausnartu dugun zerbait, horrelaxe irteten zaigun zerbait baizik. Bigarren buelta honetan (ia urtebeteko geldiunearen ostean taularatzen dugun ikuskizun berrian) rol horiekin jolasten saiatu gara apur bat.
Nola moldatzen zarete kantuak sortzeko?
Galdera ona ... nondik ote dator sormena? Abiapuntua normalean gutako baten proposamena izan ohi da, melodia edo letra bat; lagunen poemak ere hartzen ditugu, esanahi berezia duten hitzak. Hortik hasita zerbait lantzen dugu, ohikoena melodia edo letra hori landu duenak egitea delarik: akorde batzuk, auskalo ze inspiraziori jarraika sortu den testu bat, testu hori modu musikatuan interpretatzeko saiakera, eta horren gainean beste instrumentu edo elementuekin soinekoa josten dugu. Egia da poliki–poliki aldatu egiten direla abestiak, eta heltze denbora bat behar dutela ondo gorpuzteko. Baina gutxi gora behera hori da prozesua.
Eta abesti horiek nori zuzenduta daude?
Inguratzen gaituen eta pertsona bezala osatzen gaituen errealitateari kantatzen diogu, baina batez ere gure barruko beldur, gogo, zalantza, aldarri, paisaia, maitasun, eta abarrei kantatzen diegu, beti ere barneko oso modu inplizituan eta metaforikoan. Egia da gauza bakoitzari bere izenaz deitu behar zaiola, baina egia da baita ere hitzen atzean ezkutatzen dena deskubritzea jolas ederra dela, batzuetan ulerterrazak eta bestetan ulertezinak direla hitzak, baina Ion Olano lagunari lapurtu genion poema batean esaten den bezala, hitzak gauza asko dira, baina hitzak, hitzak besterik ez dira.
Zuen emanaldiren batean egon denak, segituan ulertzen du hitzek duten garrantzia handia dela. Eta ezin ahaztu bisualtasuna!
Hitzek garrantzia dute, noski, baina esandakoa, jolasteko bitarteko ederrak direlako. Poesia ere hori baita, jolasteko, interpretatzeko, galtzeko eta topatzeko ariketa ederra, hitzekin esanahiak sortu eta hausteko modua. Zorte handia dugu gainera, gure inguruan hitzen mundu honetan iaioak diren hainbat lagun baititugu, eta euren hitzak oparitu dizkigute maiz, eta bestetan guk lapurtu dizkiegu guretzat politak diren hitzak. Zortedun gara oso.
Bisualtasunarena hein handi batean Itsasori zor diogu, bera baita musikarekin eta letrekin dantzan erdi–inprobisatzera ausartzen dena; gozatu egiten du interpretatzen, eta hori nabari egiten da eskenatoki gainean. Bestalde, estetikoki gustatzen zaigu guri ere gure itxurarekin pixka bat jolastea: taula gainerako beti saiatu izan gara denok pareko jantzita irteten, saiatzen gara elementu jakin batzuk beti eskenatoki gainean izatean, etab. Antzerki bateko protagonistak garela sentitzen gara nolabait: atrezzoa behar dugu, arropak behar ditugu eta guk, gure pertsonaien papera betetzen dugu. Argazkia: © Imanol Soriano.
Kuriositatez, baduzue maskarak janzteko arrazoi zehatzik?
Bereziki ez. Kontua izan zen duela pare bat urte Arrasateko San Joan jaietan jotzeko esan zigutela eta hasiera batean, edozein lekutan jotzera animatzen ginen eta baietz esan genuela, konturatu gabe kontzertua arratsaldez izango zela eta txosna–gunean gainera. Gurea zerbait intimista da, leku itxi eta ilunean egiteko zerbait, horrelaxe sentitzen gara erosoen, ez leku ireki eta argitsuetan. Noski, baietz esanda, egin behar zen! Pentsatu genuen saio horretarako zerbait berezia egin behar genuela, betikoarekin oso deseroso sentituko ginela, hura ez zela gure lekua. Eta beraz, zerbait guztiz ezberdina egitea erabaki genuen. Beltzez beharrean zuriz jantzi ginen, maskara gorriak jantzi genituen eta pintura poteekin jolastea erabaki genuen eskenatoki gainean. Ez dakigu kontzertua nolakoa izan zen, seguruenera ez oso ona, baina guk ikaragarri ondo pasatu genuen! Lotsa guztiak, edo gehienak, galdu genituen egun horretan. Ordutik maskarak jantzita hasi izan ditugu kontzertuak gero kentzeko, biluztearen metafora gisa.
Ikuskizun guziak ez dira berdinak izaten...
Hasiera batean beharbada ez, batetik bestera zerbait berria asmatzen genuelako, ikuskizuna osatzen joan ginelako; orain, berdintzen goazela iruditzen zaigu, zerbait trinkoagoa dugulako, goitik behera sortutako zerbait. Baina adibidez, Itsaso Italiara joan zaigu hilabete batzuetarako eta bera gabe egingo ditugu lehen hilabete hauetako saioak: horrek aldaketa suposatuko du. Baina bidean sortzen joan ahala, apur bat aldatzen joango da seguruenik.
2007an proiektua abiatu zenetik euri ugari egin du. Nolako eboluzioa bizi izan duzue talde moduan?
Konturatzeke pasa dira bai ia lau urte. Proiektua aldatzen joan da, gu geu aldatu garen bezalaxe. Seguruago gaude, bere xumetasunean gustura sentitzen gara egiten dugunaz, nahiz eta badakigun ez dela zerbait jasoa, ikaragarri landua, zeharo hausnartua ... dagoenarekin aurrera egiten dugu, gure intuizioetatik abiatuta eta zalantza barik, narru asko botata; lagun–talde ederra osatzen dugu eta asko maite dugu elkar. Hori bakarrik kontutan hartuta, ikaragarria dela iruditzen zaigu. Bestalde, oso sentsazio politak bizi izan ditugu elkarrekin, bai taula gainean eta baita eskenatokitik kanpo ere, eta hori opari bat da. Derrigorrezko bilakaera izan dugula uste dugu, batez ere kontutan hartuta hasi ginenean talde izateko asmorik ere ez genuela, musikariak ere ez ginela gutako batzuk behintzat. Ezer ez nahi izatetik eraikitzen joan garena eraikitzera, eboluzio nabarmena dago. Orain diskoa grabatzeko atarian gaude, zerbait gurea erditzeko puntu–puntuan. Hor ikusiko da bilakaera nolakoa izan den, baina hori gu ikustera eta entzutera datozenek esan beharko dute.
Zer eman dizue proiektu honek?
Denontzat zerbait guztiz aberasgarria da, inoiz pentsatuko ez genukeen zerbait. Pertsona bezala hazi gara, talde bezala ere bai, gure buruarenganako segurtasuna hartzen lagundu digu, jende eta leku mordoa ezagutzeko aukera izan dugu, egoera surrealista eta pixka bat arraroetan egon gara, baina momentu hunkigarriak, ederrak, politak.. bizitzeko aukera eman digu. Lehen esandakoa, bai taula gainean, eta baita taulatik kanpo ere. Kuriosoa da jendeak nola ikusten eta sentitzen zaituen jakitea ere, zer esatera gerturatzen diren batzuk, nola askotan harri eta zur gelditzen zaren: hori benetan ederra da. Bidaiatzeko aukera ere eman digu eta gure instrumentuekin, Granada, Bartzelona eta Bosnian ere izan gara. Inork ez zigun esan musika talde bat edukitzea zein gauza ederra dan ... BOTILAAIN_1|V?deo Myspace
Zeintzuk dira Ain_1ekin bilatzen dituzuen xedeak?
Momentu honetan diskoa grabatzeko erronka dugu parez pare, eta ez da nolanahikoa hori! Zerbait txukuna egitea espero dugu. Gu poz–pozik gaude egiteko aukera dugun guztiarekin; herri ezberdinetatik deitzen digute, gure xumetasunean egiten duguna baloratua da, txoko politetan jotzeko aukera dugu, ez zaigu momentuz kontzerturik falta... zer gehiago eskatu dezakegu bada? Gauden bezala gustura gabiltza eta horrela jarraitzeko aukera ematen badigute, zoriontsu gara!
Bosniaraino ere joan zineten ... nolako esperientzia izan zen?
Zoragarria eta gogorra aldi berean. Emakumeok Plazara ekimenaren aurkezpenean SOS Balkanetako Gipuzkoako arduradunak ikusi gintuen eta Gorazdeko festibalean jotzera joatea proposatu zigun. Beno, gu harri eta zur noski! Eta beste planik ez eta hara joan ginen gure instrumentuak hartuta. Kontzertuarena kasik zerbait anekdotikoa izan zen, nahiz eta sekula jotako eskenatokirik handienean aritu ginen. Baina bertan izandako esperientzia izan zen ederrena, bertako familia batekin bizitzen egon baikinen, gerrako testigantzak ezagutzeko aukera izan baikenuen, leku ezberdinak bisitatu genituen, etab. Batez ere bertako jendea ezagutzea izan zen izugarriena, ze gutxi duten baina dena emateko prest nola dauden beti.
Amaitzeko... Zer sartuko zenukete musika kaxan?
Gure musika kaxan, orain dugun proiektua sartzen dugu momentuz, bertan baitaude guk sartuko genituzkeen gauza guztiak: musika kaxan zer gordetzen dugun ikusteko, kaxa zabaldu beharko duzue beraz!
‹‹ Ain_1 Myspace gunean›› Ain_1 (Arrasate) Iraitz Agirre, Ainara Kortabarria, Itsaso Nabaridas, Amaia Pavón eta Maialen Madariaga dira Ain_1 taldeko kideak. Arrasate, Gasteiz eta Bergarako bost neska hauek 2007an eman zioten hasiera abenturari, eta 2011an diskoa grabatzea egokitu zaie. Ez da ohiko taldea, Ainara eta Iraitzek gitarra jo eta abestu egiten dute, Amaiak biolina jotzen du, Maialenek kaxa flamenkoa eta Itsasok dantza egiten du. Kantu intimistak, metaforaz beteak jendarteratzen dituzte.