573 Zenbakia 2011-04-01 / 2011-04-08
Iragan martxoan Japonia astindu zuen lurrikararen eragina nolakoa izango den ez dago asmatzerik. Lehen uneko kalteak neurtu ahal izan baziren ere, auskalo zer gertatuko den ikusiezinak diren ondorioekin, eta nola ordaindu beharko duen japoniar gizarteak, bere gordintasunean jasandako kataklismo naturala. Argazkia: CC BY – Patrik Jones
Gizon–emakumeok ohituta gaude unibertsoko zilborraren hurrena garela pentsatzera eta zoritxarrez gure ahuleziaren gaineko zentzua galdu dugula iruditzen zait. Japoniako tsunamia –lehen Indonesiakoarekin gertatu zen bezala— gure uste okerrari buruz pixka bat erreflexiona dezagun aitzakia gerta daiteke. Izan ere, halako hondamendi naturalak behar ditugu —eta mundu zibilizatu eta goi hemisferiokoan ematen badira, hobe— izadiaren kontra ezer gutxi garela kontura gaitezen.
Gizon–emakumeok ez gara kreazioko errege–erreginak, inondik ere. Gu ere natura gara, eboluzio luze eta ulertzeko konplikatu samarreko izaki egoerara iritsita, baina ezina zaigu naturaren beraren nondik norakoak kontrolatzea. Osotasunaren pieza bat gara, baina ez ezinbestekoa. Gu gabe ere munduak eta unibertsoak aurrera segituko luke. Horregatik umiltasunezko tanta batzuk behar–beharrezkoak ditugu.
Bistan dago mundua desorekatua dagoela, bai ondasunei baita aukerei dagokienez. Eraiki dugun bizitza–sistemak pribilegiatu batzuk babesten ditu, gero eta behar gorritasun handiagoa ematen delarik planetako hainbat lurraldetan. Horrela izan da gizadiaren gaineko kontzientzia dugun garaietatik, eta badirudi, ari garen norgehiagoketa zentzugabeari inor ez dagoela gertu frenoa ipintzeko.
Baina planeta pribilegiatu bakar batzuen esku geratuko balitz ere, ezingo lukete kontrol osoa eduki, gutxien uste dutenean Lurrak leher egin bailiezaieke, haiek beren ondasun eta pribilegioekin betiko ezabatuz... gainerako izaki guztiekin batera. Apokalipsia irudi dezakeen arren, errealitatea da.