573 Zenbakia 2011-04-01 / 2011-04-08
Txikitatik erakutsi didate jendearekin erlazionatzerakoan errespetuz jokatu behar dudala, manera onak zaindu eta nahiz eta parean dudan hori gogoko izan ez, begirunea izan behar diodala. Eta jokabide hori mantentzen ahalegintzen naizela aitortzen dizuet; lortzea, beste gauza bat da! Hala ere badaude oinarrizko jokamolde horri buruz sekula entzun ez duten pertsonak. Edo agian ahaztu egin dute behin beraien aita–amek esandakoa. Argazkia: CC BY – Frédéric DUPONT
Halere, bi maila ezberdinduko nituzke gizabide kontuetan; bata arlo pertsonalean ematen dena eta bestea aldiz, profesional gisa. Eta bi horietan, bada sinetsarazi nahi diguten topikoa; eta nik hezibiderik gabekoak gazteak garela diotenen kontra, adin kontuak inongo erlaziorik ez duela iritzi diot.
Adibideak gura dituzue? Supermerkatuan egon eta inongo lotsarik gabe zure aurretik pasatzen den agurearen kasuarekin hasiko naiz; edo tabernariari oihuka hitz egiten dion bezero harroputzaz mintza gaitezke; baita gurasoei uluka hitz egiten dien seme edo alabari buruz?
Bestalde, eta arlo profesionalaren harira, pentsatu administraziora joan eta paper batzuk betetzerako orduan, artatu behar zaituen horrek ia aurpegira begiratu ez eta bere ahotik irteten diren hitz hotzek haserre bizian jartzen zaituztela. Nori ez zaio gertatu? Edota hiru urtez enpresa batetan lanean ibili eta zuzenean erlazioa duzun nagusiak kontratua eteten dizunean, agur ere ez esatea?
Askoz errazagoa litzateke jokatzeko moduak zainduko bagenitu. Eta albokoa begirune gutxi batekin bada ere tratatuko bagenu eta guri egitea gustatuko ez litzaizkigukeen gauzekin ingurukoak oinazetuko ez bagenitu, burukomin ugari ekidingo genituzke!