574 Zenbakia 2011-04-08 / 2011-04-15

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (LXXV): Dorleta-Aitzgorri-Arantzazu

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Ekain

Argazkiak eta testua



Arratsalde partean atera ginen Dani eta biok Lizargarateko aterpetxerantz. Eguraldia lagun eta motxilak bizkarrean, kontu kontari gindoazen gora, pagadi freskagarrien artean. Dorletatik, CR markak hartuz, Arlabaneko portuan dagoen izen bereko amabirjinaren irudira arte. Bertako iturrian, ur freskoaz bete genituen botilak eta galbiderik ez duen aldapa gogor horri ekin genion, auto eta kamioien zaratei agur eginaz. Urbian zehar.

Lehenengo baserrien zelaietan zehar, ardi artalde handiak ziren, belarra jan eta jan eta tarteka guri begira, ardi galduak gu bagina modura.

Eta beste pauso berri bat.

Oraingoan bai, quercus eta fagus basoetan gora. Kuriosoa egiten zitzaigun desberdintasun hau, haritz artean bazoaz bero eta pagoetan fresko baitzen. Pagadi artean egin genuen guk aukera, eguraldiak hala agintzen baitzien gure gorputzei. Ez zen galbiderik gora arte. Pistan gorantz botatzea besterik ez baitzen irrati errepikagailuaz topo egin arte.

Teknologiaren dorre ikaragarri honek eman zigun hurrengoko norabidearen iparra. Bertatik eta beti ere Kurtzebarri alderantz eginez, alanbre sarez eginiko itxitura jarraitu beharko genuelako. Urrun zirudien helburuak, baina gailurrean ginenez (altuera aldetik), itxitura jarraitzea besteri ez genuen.

Ordu erdiko solas eta ibilbidea eginda, norabide anitzeko ikurrekin egin genuen topo. Eta Lizargarateko aterpetxeaz. Kanpin denda gertatu eta afariari horzkadaka hasi ginen, hurrengoko goizean berriz gogor ekiteko. Elgean.

Izarrez beteriko gau magikoa.

Kasik eguzkia atera gabe, materiala jaso genuen kafea berotzen zihoan heinean. Barrua beroturik eta ur botilak berriro beteta, Elgeako mendilerrorantz. Oker gogoratzen ez badut, 78 eoliko horiek osatzen duten munstro ilara amaitu arte.

Elgeak, Gipuzkoa oparitzen digu ezker aldean Aloña eta Arantzazu tartean eta Araba eskuinean, Uribarriko urtegia tarteko.

Behin haize errotak amaiturik, Urbiako artzain txaboletara heldu ginen, berriz ere ehunka ardi tartean geundelarik. Eta Aitzgorri. Gure buruen gainean. Gure esperoan. Guri begira.

Goranzko bidea hartu eta arroka artean geratu ginen, paisaiari so egiteko. Lasaitasuna.

Eta berriro gorantz, ordurako motxilaren zintak bizkarrean grabaturik genituela. Bertako aterpean egin genuen gaua. Eta aspaldiko partez bakarrik, normalena bertan jendea aurkitzea baita.

Jatunak garen lez, afaria prestatu eta gauari itxaron genion. Jan eta berba eginaz. Jan eta barreak botaz. Aitzgorritik hartutak argazkia. Anboto (eskuineko piramidea) eta Gorbea (ezke aldean goian) ikus daitezke.

Eta loak gainditu gintuen berriz.

Aitzgorri Euskal Herriko HIRU HAUNDIETAKO bat da. Eta bertatik gozatu daitekeen egunsenti batek ez du baliorik. Bertan gaua pasatuz bakarrik ulertu daiteke. Nafarroa, Bizkaia, Araba eta Gipuzkoa baitituzu oinen azpian. Eta hurrengokorako planak, bakarrik datoz burura.

Urbiarako bidea hartu genuen, dena bere lekuan utzita noski. Beti, atzetik etorriko direnek guk topatu dugun moduan topa dezaten. Garbi eta inolako arazorik gabe.

Aldapan behera, Urbiak Pirinioak zirudien. Agian goizeko kolorearengatik. Agian eginiko ametsengatik. Agian bien batuketagatik.

Gu beherantz gindoazen tontorretik eta belarra jaten zeuden ardiak eta baita zaldiren bat edo beste. Jendea aldiz, tontorra bila, gorantz.

Urbiako tabernan salda beroa egin eta txistorraren zaporeaz ahoan, Arantzazuko santutegirantz. Marka hori–zuriak edota gaztaren usainak gidatuta, agian. Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com