Euskonews Gaztea
Gaiak: Euskarak lehentasuna
Duela egun batzuk Gasteizko Boulevarden egon nintzen. Lagun baten ezkontzara joateko soinekoa erosi nahi nuen eta dendaz–denda ibili nintzen, eskaintza zabaleko aukerak ikusten eta probatzen. Baina ez dizuet kontatuko zein jantzi erosi nuen, ez baita hori gaur idazten ari naizen honen helburua. Beste gai batek eraman nau lerro hauek idaztera: euskara.
Boulevardeko denda batean, eta hain zuzen nazioarteko ezarpena duen C&A katearena den batean, iragarkietan euskarari lehentasuna ematen ziotela ohartu nintzen. Argazki batzuk ere atera nituen, euskararekiko tratamendua deigarria suertatu baitzitzaidan, modu positiboan. Ez da normala. Konturatzen bagara, normalean gaztelera jartzen da —jartzen denean— aurretik euskara bigarren maila batera pasatuz. Eta sarritan hizki tamaina txikiagoarekin idazten da euskarazko mezua. Bigarren mailakoa balitz bezala.
C&Aren jarrera guztiz txalogarria da, alde horretatik. Eta urrats berri bat adierazten du euskararen normalizazioan. Euskal sustraia duten komertzioetan halako erabakiak hartuko balituzte —denda txiki zein kate handietan— beste kuku batek kantatuko liguke, musika atsegingarriagoarekin.
Baina iragarkiak jartzearekin ez da dena konpontzen, noski. Eta C&A katearen Boulevardeko dendari ere akats bat egotzi behar zaio: enplegatuen artean ez zegoen euskaldunik. Akats erabakigarria, azken finean. Nire zoriona erabatekoa izango zen, burutu nuen erosketaren ordainketa egiteko euskaldun batek atenditu izan banindu. Baina ez dut itxaropena galdu nahi, eta agian hurrengo batean zorte handiagoa izango dut.