Euskonews Gaztea
Gaiak: Katalana negozio hizkuntza da
Badirudi Donostiako Udalak bere eskaintza turistikoa katalanaz ere egingo duela Internetetik, hiria bisitatu nahi duten katalan guztien onerako. Behintzat, horrela modu erosoagoan helduko da, egunero katalanaz hitz egiten dutenen kolektibora, eurena ez den berezko beste hizkuntza batean irakurtzera traumatizatu gabe. Erabakia bikaina iruditu zait. Niri ere gustatuko litzaidake, beste nonbaitetik jasotzen ditudan albiste eta zerbitzuak euskaraz izatea. Baina oso urruti gaude puntu horretatik. Argazkia: CC BY – Alejandra Mavroski
Zergatik jartzen ditugu euskaldunok sarritan eredu bezala katalanak? Zergatik diegu inbidia hainbat eta hainbat arlotan? Hizkuntzaren aldetik, duda gabe, gu baino arrazionalistagoak direlako, gu baino praktikoagoak direlako eta gu baino zurrunagoak direlako. Katalanaz hitz egiten dutenek — berdin du kolore politikoak— hizkuntza eguneroko komunikazio–lanabestzat dute, eta —Ingalaterrako hiritar bati ingelesarekin edota Frantziakoari frantsesarekin bezala— komunikazio katea eten egin dakieke beste hizkuntza batera pasatu behar dutenean.
Gurekin ez da gauza bera gertatzen, ezta gure etxean ere. Hizkuntza–traumarik gorrieneraino eraman gaitzakete “etxekoek”, euskaraz komunikatu behar zaigula adierazten dugunean. Eguneroko errealitatearen edozein esparrutan gertatzen zaigu hori. Lanean, administrazioan, espektakuluetan,... Gure hizkuntza ez da lehen mailakoa, beraz, praktikotasunean.
Katalanera, besteak beste, negozio hizkuntza da. Eta Donostiako Udalak hori badaki, erabaki duelako iragarpen turistikoak hizkuntza horretaz ere jartzea, balizko merkatu baterako bidea errazten diolakoan. Eta asmatu egin dute. Hori bai, katalanaz hitz egiten dutenak bederatzi milioi dira, eta beste bi milioi gai dira ulertzeko. Munduko hizkuntzen artean 88. tokian dago, hiztunen aldetik.
Ez dakit kantitateak kalitatea ekartzen ote duen, berez. Baina ziur dagoena da kantitateak indarra dakarrela. Eta horretan katalanaz mintzatzen direnak gu euskaldunok baino indartsuagoak dira. Horrek adierazten duen praktikotasun eta zurruntasunerako aukera zabalagoarekin. Eta bi hizkuntzen arteko diferentzia, gainera, areagotuz joan daiteke, bata indartsuagoa den bitartean bestea —hots, geurea— etengabe ahultzen eta txikiagotzen zaigularik.