Euskonews Gaztea
Gaiak: Baserri gabeko nekazari berriak
Euskal Herriko toki askotan nekazari mota berri bat jaio da, hori bai, baserri gabekoa. Ez al duzue ezagutzen, behin jubilatuz gero, tokiko udalaren eskaintzari heldu eta ortu ekologikoa lantzera prestatu dena? Horietako bat da nire aita. Eta aitortu behar dut, afizioan daraman denborarako nahiko txukun ari dela, eta aurreneko ortuariak etxeratu ditu dagoeneko. Bera oso harro dago emaitzarekin. Argazkia: CC BY – Tristan Ferne
Modeloa ez da gure artean bakarrik sortu, baizik eta beste herrialde askotan ere aspaldi ari dira antzerako bideetatik. Zergatik sortu da nekazari klase berri hau? Zer esanik ez, kasu batzuetan baserrian bertan egon daitezke fenomenoaren sustraiak, hau da, iraganean baserri giroan hazitako gizon emakumeak ditugu protagonistak. Eta orain, asti gehiago dutelarik, baserri gabeko nekazaritzara itzuli dira, zaletasun aspaldi ikasia baita. Baina badira beste asko, nire aita bezala, aitzur bat zer zen ozta–ozta zekiena eta baratzeko esperientzia berrian bideratu nahi izan ditu bere energiak.
Niri ideia ederra iruditzen zait. Udal laguntza txiki batekin, herri kanpoaldean prestatu diren soro partzeletan, goizero hamaika gizon–emakume ikus daitezke, guztientzat amankomunean dituzten pala, eskuera, aitzur, aizkora, ureztontzi eta abar luze lanabes eskuan, bakoitzak bere lur zatiari ahalik eta etekinik hoberena ateratzeko ahaleginetan. Noizean behin teknikoren batengandik klase teorikoak ematen zaizkie, eta gure baserritar berriek ustiaketa–sisteman hobekuntzak aplikatzen dituzte.
Gu bizi garen herri txiki batean lur eskaintza egitea samurragoa da hiri handietan baino. Eta aurrean azaldu dudan modeloak ez du gehienetan azken horietan balio. Baina lehengoan irakurtzen nuenez, bada beste aukera bat, hirietan gero eta gehiago zabaltzen ari dena: terrazak. Eta dirudienez, ugaltzen ari dira baratz–terrazak, barazki mota murritzagoa bada ere, normala den bezala. Tomatea ei da terrazetan gehien landatzen dena. Baina badira sofistikatuagoa ere, eta nekazaritza hidroponikoa erabiltzen dute. Zer da hori? Lurrik ez dagoenean, landareen sustraiek uraren bitartez jasotzen dituzte, euren garapenerako behar dituzten elementu kimikoak. Eta landareak hondar edo legarrean hazi daitezke. Jakina, ez da ohiko landaretza bezain samurra, baina badira sistema horri etekina ateratzen diona.
Laburbilduz: edozein tokitan ekin dakioke nekazal lanari. Borondatea eta ilusioa bakarrik falta dira. Eta, nire aitaren kasuan bezala, etxera sorta bat letxuga, tipula, leka, ilar eta abarrekin itzultzen bada, arrakasta ziurtatuta dago. Animo!