575 Zenbakia 2011-04-15 / 2011-04-29
Krisia Agurainera heldu da, beste lekuetara bezala. Ikus ditzagun ba nolakoak diren krisiaren ondorioak herritar hauen eguneroko bizitzan.
Gazteen egoera krisia dela eta: Krisia dela eta ikasle batzuen gurasoak langabezian daude. Horrek ondorioak dakartza; adibidez, asteko dirua txikiagoa da,oporraldi askorik ez dauzkate,eta baldin badauzkate, aste bat edo aste pare batekoak dira. Bigarren mailako ondasunen kontsumoa jaitsi behar izana...
Langileen egoera krisia dela eta: Hartuko dugu adibidez kirurgia okularretan ebakuntzan dabilen gizon bat eta aldi berean betaurreko denda bat daukana. Krisia dela eta, gizon hau zerbaitez ohartu da; gero eta pertsona gutxiagok egiten dute ebakuntza miopiaz libratzeko eta gero eta jende gehiagok betaurrekoak erosten ditu. Arrazoia, kirurgia batek diru asko kostatzen duela eta beste soluzio merkeago bat izanda, hura hautatuko dutela, krisi garaian gaude eta. Beste adibide bat hartuko dugu: ile–apaindegien kasuan mutilek, nahiago dute ilea mozteko makina erosi eta neskak tindagaiak merkatuan erosi eta etxean ematea.
Tabernarien egoera krisia dela eta: Tabernetan ez badirudi ere, krisiaren ondorioak nabaritzen dira. Jendeak badauka dirua pote edo akeita bat hartzeko, baina, kantitate gutxiagotan hartzen dituzte. Gainera, taberna guztietan bezala, tabako makinen bidez sartzen den dirua jaisten ari da. Tabakoa gero eta garestiago dago eta herritar batzuk serio hartu dute erretzeari uztea. Honetaz aparte, jadanik ezin daiteke tabernetan erre, hori dela eta kontsumitzaileen kopurua jaitsi egin da.
Langileen egoera krisia dela eta: Zer esan dezakegu ba langileei buruz? Azken bolada honetan kanporaketek gora egin dute, baita EREa, deslokalizazio kasu batzuk badaude eta zaila da lana aurkitzea. Agurainen, biztanle gehienek lanpostu bat daukate, baina arriskuan ikusi dute batzuk; adibidez, Atusan, deslokalizazioa dela eta, langile askoren lanpostua galdu egingo da.
Hau da gutxi gora behera herritarren egoera baina ez ditugu enpresak ahaztu behar. Agurainen edo Agurainetik gertu dauden enpresak, adibidez: Atusa, Thaiser eta Nestlék, krisi egoera nabaritu egin dute. Ikus ditzagun ba zeintzuk izan diren ondorio horiek.
Atusak, 2010. urtean 370 langile zituen baina krisia dela eta hainbat kanporaketa, (kontratu finkoak zituztenak eta ez zituztenak) egon dira eta gaur egun 240 gelditzen dira. Hasiera batean Atusako bi enpresak; biltegia eta ekoizpena, Agurainen kokatuta zeuden baina etorkizun batean ekoizpenaren enpresa Bulgariara lekualdatzeko arriskua dago. Honen ondorioa ekoizpenaren jardueran lan egiten duten pertsonen langabezia izango litzateke. Ez dugu ahaztuko Atusan ERE garrantzitsu bat egon dela, gaur egun 130 langile EREan daude.
Nestlék badauzka bere arazoak baita ere. 2010. urteko eskaria ez zen oso handia izan eta enpresariek hainbeste langile edukitzea hain gutxi ekoizteko, ez zaie errentagarria suertatzen. Hori dela eta hainbat kanporaketa egon dira; justifikatu gabekoak, kanporaketa ezkutuak...Justifikazio gabeko kanporaketetan, bai kontratu finkoak zituztenak bai kontratu definitu gabeak zituztenak izan dira kaleratuak. Kontratu finkoak zituztenei kalte ordainak ordaindu zaizkie, azken finean errentagarriagoa suertatzen da kalte ordainak ordaintzea, balio izango ez dien soldata batzuk baino. Kanporaketa ezkutuetan ordea, badaukagu adibide bat; badauzkagu hainbat pertsona udan bakarrik lan egiten dutenak, baina uda iristerakoan beraien etxeetara ez da telefono deirik iristen eta ez dago inolako kontakturik langile horiekin. Agurain. Argazkia: © Antxon Aguirre Sorondo. (3digitala)
Thaiser Agurainera lekualdatu zenean 2007. urtean, bere lantaldea 108 langilera handitu zen. Dena den, 2010an hainbat kanporaketa egon ziren eta bere lantalde ia osoa, zuzendaritzakoak barne, kanporatu zituzten 11 milioiko zorra izanda. Urriaren hasieran kontratatutako langile guztiak kanporatu zituzten.
Ekonomiaren hazkunde motela ez da gai lanpostu berriak sortzeko ez Agurainen, ez Araban.. Kanporaketa anitzak daude, prejubilazioak, EREak... Langabe kopurua gutxiagotzen hasiko da Europar lurraldeetan, ez ordea Espainian, Grezian eta Portugalen. EBko tasarik handienetakoa Espainiak dauka 2010an %20, 1 eta 2011an %20,2koarekin, hau da, bataz bestekoaren bikoitza baino handiagoa da. Espainia, Irlanda eta Greziaren ekonomia uzkurtu egingo da aurten, dena den Espainiari hazkunde ahul bat iragarri zaio. Europako beste herrialdeek ordea, hazkundearekin amaitu zuten urtea. Gehiengoa izan duena Alemania izan da %3,7rekin, honi esker, Europako bataz bestekoa %1,7ra igo da. Baina, zergatik daukagu krisia hau? Hona hemen adibide bat.
Langabeziaren egoera ezaguna da eta honen aurreko helburua zera da: krisiagatik galdu diren lanpostuak berreskuratzea. Langabezian dauden pertsonak 4,6 milioi dira Espainian. Enpresek ez dituzte kontratatzen. Arrazoia zera da: langileen murrizketa dela eta pertsona batzuen diru sarrerak ez dira handiak eta gutxiago kontsumituko dute. Ondorioz, enpresek gutxiago salduko dute, hau da, gutxiago ekoiztu behar izango dute beraz, langileen premiarik ez dute izango. Aldi baterako kontratuak izan dira nagusitu direnak, enpresei ez zaielako interesatzen kontratu mugagabeak egitea, kalte–ordainketak egin behar dietelako langile hauek kanporatzeko orduan.
Beste alde batetik, produktibitatea jaitsi da eta esku lana garestia denez enpresak beste herrialdetara eramaten ari dira produkzioa. Agurainen egoera honen adibide argi bat dago; Atusa. Multinazional honek ez zuenez apustu egiten Aguraineko proiektu industrialean, ekoizpena deslokalizatzea erabaki zuen: Bulgaria eta Txinara, hango esku lana askoz merkeagoa baita.
Ondorioa zera da, ondasun merkeago bat ekoitziko duen eta berdina eskaintzen duten beste enpresekin lehian jarduteko enpresarik ez dela existitzen. Langabetuen ehuneko hori mantentzeko gastu publikoa baino gehiago beharko litzateke. Gastu publiko hori bakarrik finantzatu daiteke zerga gehiagorekin edo defizit publiko handiago batekin. Honek, zor publikoa haziko luke limite handietaraino, ekonomia hazi ez ezean.