576 Zenbakia 2011-04-29 / 2011-05-06
Hurrengoko lerroetan, barrankismoaren praktikarako behar diren oinarrizko arauak deskribatzen saiatuko naiz. Kirol mota hau, mendian ibiltzea izango litzakeen ekintzatik, pauso edo maila bat gorago dago. Argazkia: Ekain Velez de Mendizabal.
Materialen erabilpena, lekuaren ezagutza serioa, uraren medioa, komunikazio zeinuak, eta abar luze bat, ongi eramatekoak baitira kanoi bakoitza egitera goazenean. Edo halaxe izan beharko luke, behintzat.
Mendiko edozein modalitateen moduan, federaturik egotea ezinbestekoa da.
Azpimarratu beharra dut, arroila bat etengabe aldatzen doan leku bizi bat dela. Agian, orain arte salto egin ahal izan dugun putzu horretan, harri berri bat izan daitekeela, erosioaren lanak egindako erorketagatik. Krokisean agertzen diren harri kaosak, enbor eta harri berriz oztopatuak izan daitezke, aurreko egunetan botatako euriek, bat–batean ur jasa ikaragarriak oparitzen dizkigulako; askotan gozatzeko eta bestetan, zailtasun serioak emanez.
Eta gure lehen aldia bada mundu honetan, badira abenturazko enpresa askok, gida zerbitzua eskaini eta era lasai eta seguruan disfrutaraziko digute.
Oso garrantzitsua deritzodan gai bat, bakarrik ez joatearena da. Lasaitasun handiagoa emango digu, taldean joateak. Eta talde hau, 4–5 bat lagunek osatua bada, are hobeago; ez baitugu denbora gehiegirik galduko eta hortaz gain, ur hotzak direnean, hipotermia arriskua gutxituko dugu nolabait.
Bakarrik egiteko aukera hartu duzula? Esazu beti nora zoazen. Ezazu aldatu plana inork jakin gabe eta deitu ezagunen bati sartzeko orduan; berdin egin ezazu ateratzerakoan.
Gaurkoan, gainetik begiratuko diogu kirol mota honi. Argazkia: Ekain Velez de Mendizabal.
Abenturazaleontzat, barrankismoak, leku berriak ezagutzeko aukera eskaintzen digu. Imajina ez genitzakeen txoko eta zuloak igarotzearena. Flora eta fauna desberdinak ikustekoa. Normalean leku hauek, gizaki gutxik bistatuak baitira eta hortaz, dena da basatiagoa.
Lehengo pausua, praktikatzera goazen sakan horren datu basea lortzea da. Egun, zona bakoitza deskribatzen duen liburu asko dago. Gehienetan, zonalde bakoitzeko liburu ugari aurkitu daitezke eta horien artean agertzen diren sakan edo arroilen datuak, ez dira askorik aldatuko.
Pertsonalki, interneten aurkitu dezakegun barranquismo.net erabiltzen dut askotan, orrialdea, barrankismoa maite dugunok egina baita; eta nahiko eguneratua egoten da. Orain arte egin ditudan ehunka abenturatako krokisak, hemendik ateratzen ditut. Tamaina txikian eta irakurtzeko era ulergarrian inprimatuz, gero plastifikatzeko. Oso garrantzitsua den pausoa dela deritzot. Edozergatik despistatuz gero, azkar eta garbi jakin dezakegulako non den anila, txapa, marmita, edo behar dugunaren datu hori. Krokis hau, bote estankoan edota neoprenoaren barruan utzi dezakegu. Beti, era eskuragarri errazean. Materiala
Barrankeatzeko material gutxienekoa ezagutzera pasako gara orain.
– Zulodun motxila: Barrura sartzen den ura kanporatu dezakeen horietakoa. Motxilak, pisua hartu ez dezan.
– Kaskoa: Hartu ditzakegun buruko kolpeetatik babesteko, erori daitezkeen harri edo materialetatik ezkutatzeko.
– Sokak: Barranko horrek duen rapel handienaren tamainaren luzera bikoitzekoa. Zergatik? Modu sinplean jaitsi daitekeelako bai, baina kasu batzuetan modu bikoitzean jaistea gomendagarriagoa delako. Eta sokaren kasuan, beti eramaten dugu bigarren bat, badaezpada ere...
– Oinetako egokiak: Badira kirol honetarako espresuki sortuak direnak. Egokienak. Baina ez baditugu, mendiko bota batzuk lirateke aproposak. Orkatilak babesturik egon daitezen une oro. Oso garrantzitsua da material egokiaz hornitzea. Argazkia: Ekain Velez de Mendizabal.
– Neoprenozko jantzia: Noski, ura daramatenetarako. Eta praktikatzen dugun aroaren barruan, egokiena. Ez baita berdina, neopreno sendo batek ematen duen berotasuna edo fina den batek ematen duena.
– Arnesa: Gaur egun, espeleologiarako edota sakanetarako arnesak erosi daitezke. Erosoagoak dira (zinta zabalagoak dituzte ipurdi eta gerri aldean) eskalatzekoak baino.
– Burdinazko materiala: Normalean, 8a deituriko ferramentaz eta mosketoiaz nahikoa da. Egokiena dena den, abandonatzeko mailonak, erreserbako 8 bat, mosketoi bi, segurtasuneko zinta bere mosketoiaz, stop bat...eramatea izango litzake.
– Bote estanko bat: Ferramenta hau, klabea da ura daramaten tokietarako. Urik ez da sartzen, hermetikoki ixten delako. Eta hortaz, kotxeko giltzak, mugikorra, jatekoa, botikina...barruan sartu daitezke bustitzeko arriskurik gabe.
Esan beharrik ez dago, material guzti honen erabilpen zuzena jakin bitartean, ez dugula arriskatu behar barranko batetara sartuz. Horretarako, norberaren herrialdeko Mendi Federazioak edota Mendi taldeak urtean zehar, ikastaroak antolatzen ditu. Hauetako bat egitea, ezinbestekoa dela deritzot.
Barrankismoaz gozatzea oso erraza da, bakoitzak badakielako noraino heltzeko gai den. Eta mundua, espazio magiko hauez betea baitago. Luzeak direnak aurkituko ditugu (kasutan, zenbait egunetan egiten direnak), motzak, gogorrak eta teknikoak, oso errazak, ura daramatenak, lehor lehorrak, ikaragarri handiak eta estuak, kolorez beterikoak, kiroletakoak (salto, txirrista eta halakoez beteak daudenak), zientifikoki interesgarriagoak direnak, era askotakoak....
Bakoitza, mundu bat da. Eta mundu bakoitzak, prestakuntza konkretu bat eskatzen du. Prest al zaude barrankismoaren paradisuan sartzeko ? Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com