577 Zenbakia 2011-05-06 / 2011-05-13

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zatoz bertso eskolarat!

ARAMENDI, Marion MUÑOZ, Shana URDAMPILLETA, Laurie

Donibane Lohizuneko DONA MARIA Ikastetxea



Bertso eskola bat da bertsotan ikasteko lekua. Eskola horietan bertsolaritzaren oinarrizko ezagutzak lantzen dira eta denborarekin garatzen joaten dira. Bertso eskoletan bertsolariak entrenatzen dira bertsoak bat–batean botatzen, baina bertso eskolen helburu bakarra ez da bertsolariak sortzea, baizik eta hizkuntzarekin jolastea, irri egitea eta ongi pasatzea. Ikasle anitz ez dira bertsolari izanen berantago, baina bertsozaletasuna transmititzea ere helburuetako bat da.

Ipar Euskal Herrian haurren hamaika bertso eskola daude. Helduen kasuan hiruzpalau helduen bertso eskola. Haurren mailan Hendaian eta Kanboko kolegioan bina bertso eskola daude eta Baionako Bernat Etxeparen, Kanboko Errobi Ikastolan, Larzabaleko kolegioan, Saran, Azkainen, Soh?tan eta Baionako Oihana ikastolan bertso eskola bana. Eskola haiei buruz gehiago jakiteko, Odei Barrosorekin mintzatu gara. Kanboko bertso eskola

Odei Barrosok lan egiten du ikasturtean zehar hamahiru eskolatan. Ematen ditu bertsolaritza ikastaroak eta bost bertso eskolatan ibiltzen da.

2010–2011 ikasturtean hasi da lan honetan. Erran nahi baitu 2010eko irailetik. Baina Hendaiako bertso eskolan irakasle modura dabil 2007. urtetik.

Odei Barrosok bere lana maite du, bere lana biziki gustatzen zaio. Gustura dago egiten duenarekin. Maite du ikasleekin harreman goxo eta ona ukaitea, elkar trukatze bat balitz bezala. Bertso eskoletan eta eskola arautuetan ez da berdin pasatzen, baina beti ere giro ona sortzen dela uste du, eta hori da garrantzitsuena, ongi pasatzea eta ongi pasaraztea.

Bertso eskolen lehenengo pausoak, Jexux Arzallusek eta Iñaxito Aierbek eman zituzten Urruñan eta Hendaiako Akelarren, duela 25 urte. Bertsularien lagunak elkarteak 2010.urtean 30 urte bete zituen, Iparraldeko bigarren txapelketa jokatu zen urtean.

“Iparraldeko bertso eskoletan 80 pertsona inguru biltzen dira.; 60 haur inguru eta helduen bertso eskoletan 20 bat. Nik 32 haurri eta 10 bat helduri ematen dizkiet kurtsoak”, erran digu Odeiek.

Punta–puntako bertsolari bat definitzeko profesional hitza erabiltzea ez da biziki egokia. Bertsolaritzaz bizi direnak eskutako hatzekin konta daitezke. Bertsotan aritze hutsarekin bizi ote daitekeen esatea ere biziki ausarta da, bertsolari horiek hitzaldiak ematen, artikuluak idazten, ekimen ezberdinak egiten... ere ibiltzen baitira. Horrekin esan nahi duguna da bertsolariak mundu horretaz bizi nahi badu bertsotan baino gehiago egin behar duela. Dena dela, biziki zaila da horretaz bizi ahal izatea.

Profesional hitzarekin bertso maila ere kontuan hartu nahi badugu, uste dugu ez dagoela adinik. Bertsoak etengabe hobetzen joateko aukera ematen du, geroz eta gehiago bizi, ikasi, ezagutu, deskubritu... bertsotan orduan eta hobekiago egiteko aukera duzu.

“Ikasle bat etortzen denean eskolarat ongi pasatzen da. Ikasle berri guziak ongi etorriak dira bertso eskolara !” Ahalik eta erosoen senti dadin ahaleginak egin behar dute irakasleek. Ikasleak lasai egon behar du, lagunartean dagoela ikusi, etxean bezala dagoela sentitu eta bereziki bertso eskola ongi pasatzeko eta gozatzeko dagoela sentitu behar du. “Ikasleei lasaitasun eta gozamen sentsazio horiek transmititu ezean zerbait gaizki egiten ari garela esan nahi du.”

“Bertso eskolan bertsoak bat batean egiten ikasten da. Bertsoaren neurriak, errimak, aireak... kontuan hartuz. Bertsolaritzaren arlo ezberdinak lantzen dira eta ez da bertsoaz bakarrik ikasten nere ustez”. Bertsotan hizkuntza lantzen da, hiztegia ikasten da, erramolde ezberdinak ikasten dira... Baina irakaskuntza ez dago horretara bideratua, ikasleak berak bakarrik ikasten ditu hizkuntzaren baliabideak bertsotan trebatzen joan arau. “ Komunikazio gaitasunak ere lantzen direla erranen nuke, haur edo gazte batentzat besteen aitzinean bertso bat kantatu beharrak eskatzen duen pausoa kontuan harturik. Gero, batzuetan, bertso eskolatik oholtzarako eta jendaurrerako pausoa izanen dena.”

Bertso eskoletan ez dira bertsolarien edo ikasleen mailaren arabera sailkatzen, talde handietan batzuetan horren arabera jokatu behar bada ere. Batzuetan adinak eragiten du baina adin tarteak biziki zabalak izaten dira (batzuetan 3 urteko diferentzia dago bertso eskola bereko ikasleen artean).

“Ikasleak bertso eskolarat etortzen dira, ongi pasatzen dutelako eta bertsotan egiten ikasi nahi dutelako. Bertso eskolan giro ona egoten da ikasleen artean eta bertsotan ikasiz ongi pasatzen dute. Ikasleek bertso bat botatzeko egiten duten ahaleginak eta burua erabiltzean oinarritzen den ariketa batekin ongi pasatzen ikusteak izugarri pozten nau.”

Ipar Euskal Herriko bertso eskoletan dauden haur guziak ikastoletatik heldu dira. Helduen kasuan euskaldun berriak ere badira. “Batzuek besteek baino zailtasun gehiago izaten dituzte hizkuntza gutxiago menperatzen dutelako baina orokorrean ikasleek euskara maila ona dutela erranen nuke.”

Bertso eskolan ez da sekula kontrolik, ebaluaketarik edo antzekorik egiten. Haurrek bertsoak asmatzen dituzte, eta asmatze gaitasun horri ezin zaio notarik ezarri. “Bertso hobea edo txarragoa izanen da, baina bertso eskolan ez da bertsolariaren maila neurtzen, ongi pasatzera eta bertsotan egitera etortzen den haur bati ezin zaizkio kontrolen, noten eta mailaren ideiak transmititu, ezta aplikatu ere.”

Beraz badakizu :

– Ongi pasatu nahi baduzu – Irri egin nahi baduzu – Jolastu nahi baduzu – Bertsotan ikasi nahi baduzu – Lagunak egin nahi badituzu

Zatoz bertso eskolarat !