Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Zigor Olabarria. (Historialaria): Otxandioren bonbardaketa ezaguna ez izatea deigarria da
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Testua eta argazkiak
Laster publikatuko da burutu berri duzun ikerketa. Landa?lan handia egin duzu, ezta?
Ez dizut ukatuko asko mugitu naizela lanerako datuak?eta eskuratzeko! Halere, 2009ko uztailean ikerketari ekin nionean, ordurako hainbat elkarrizketa jasota zeudela ikusi nuen; hain zuzen, bazegoen herrian aurretik gaiarekiko interesa zeukan jendea eta haiei esker zortzi bat testigantza bilduta zeuden dagoeneko.
Guztira 23 elkarrizketa jaso ditugu, eta hitz egin dugun pertsona gehienak nahiko edadetuak dira oro har. Horrexegatik, batzuek besteek baino zehaztasun gehiagorekin kontatu dizkigute gauzak, data zehatzetan jazotako eta egiaztatu ditugun gertaerak... Gainera, istorio batzuk eguneroko bizitzari buruzkoak izan dira, besteak data berezietakoak, traumatikoagoak... Eta egia esateko, aurrez pentsatutako baino emaitza oparoagoa izan da, zorionez!
Baina Otxandion ez ezik kanpoan ere aritu omen zara.
Hala da, izan ere artxibo lana egitea ere funtsezkoa izan baita. Euskal Herrian ohikoak diren artxiboetara jo dut: Bergarara, Bilbora —Bizkaiko diputazioaren artxibora...—, Kutxako fototekara...
Eta estatu mailan aldiz, Madrilera joan nintzen biblioteka nazionalera, eta han nahikoa irudi politak aurkitu nituen. Ondoren Salamancara joan nintzen, baina ez nuen ezer lortu. Datu kopuru handiena Avilako artxibo militarrean eskuratu dut; noski, batez ere alde nazionaleko informazioa izan da, estrategia metodikoak, parteak... Aldiz, alde errepublikarrari buruzko datuak urriagoak izan dira.
Herritarren laguntzarik izan al duzu?
Bai, gehien bat interes pertsonalak bultzatuta lagundu didate, memoria historikoa berreskuratzea garrantzitsua ikusten duten lagunak aurkitu baititut Otxandion. Haiek lagundu didate lanaren ildoa definitzen, nolabait, azken finean, beraientzako lana baita.
Modu horretan, denon artean zehaztu genituen irizpide orokor batzuk, eta arlo militarrean zentratu beharrean, arreta gehiago ipini diogu otxandiarren eguneroko bizimoduari, esate baterako.
Nolako Otxandio aurkitu duzu ikerketaren bidez?
Gerra aurreko Otxandio lurrari lotua zegoen, nahiko tradizionala eta abertzalea zen, karlistek nahikoa indar zuten arren.
Gerra bitartean aldiz, frontean zegoen herri bat aurkitu dut, gerra giroak guztiz baldintzatuta —lubakiak, babeslekuak...— eta bestetik, geratzen ziren herritarrek milizianoekin elkarbizitza “normala” eramaten saiatzen zirela ikusi dut, ortura joaten ziren...
Eta noski, errepresio handia egon zen nazionalak herrira sartu zirenean. Herritar batzuen kontra ekonomikoki eta sozialki eman zen jazarpena handia izan zen eta eguneroko irainak ere gogorrak ziren. Ez zen otxandiar zibil fusilaturik egon, aldiz, soldaduak eta bai. Herritarrek gehien errepikatzen dutena isilik egon beharra eta jasaten zuten umilazioa izan da.
Urte eta erdi eraman dizu lanak, aipatu duzunez. Zer da atentzio gehien eman dizuna?
Badaude bai, gauza batzuk! Alde batetik Otxandioren bonbardaketa aipatu beharko nuke, eta horren harira, gertaera hori gure artean ezaguna ez izatea ere deigarria suertatu zait. ?
Jarri gaitezen egoeran. Oraindik estatuan ez da bonbardaketarik eman, ezen Otxandiokoa gerra hasi eta lau egunetara eman zen. Ordura arte jendeak gerra “jolas” baten moduan bizi zuen, urrutiko zerbait bezala. Pentsa, herrian bizilagun bat atxilotu, eta udalak ihes egiten utzi zion ezer gerta ez zekion...
Bat?batean gizon bat hegazkin txiki batean agertzen da, jendea agurtzen, badirudi lekukotasunengatik aurretik paper batzuk botatzen dituela jendea biltzeko, eta horren altuera baxuan hegan egiten duenez, pilotuak pertsona horien artean umeak ere badaudela ikusten du argi, eta zibilak direla ohartu arren, bonbak botatzen hasten da. Eta eskuekin jaurtitzen ditu gainera... Oso gordina da gertaera hura, eta gogorra egin zitzaidan testigantzak entzutea. Datuen arabera, badirudi pilotuak Mola jeneralaren aginduz jokatu zuela.
Hildako kopurua gainera, portzentaje aldetik —hau da, zenbat biztanle ziren garai hartan eta zenbat hil ziren— Gernikakoarekin alderatuta handiagoa da. Dokumentatuta 61 hildako daude, eta gehiago izan daitezke identifikatu ezin ziren gorputz zatiak baitzeuden. Gehienak (40) Otxandiokoak, baina festak zirenez gero, kanpotarrak ere bazeuden eta gainera, gerraren atarian egonda, frontera joandako boluntarioak ere bazeuden...
Bestalde, aipatzekoa da, dela Otxandio, Gernika zein Durangoko ofentsibak frogak izan zirela aitortu zutela gerora. Hau da, aurreneko aldiz mundu mailan, aire indarrek lurreko erasoen aurrean lehentasuna eduki zuten, eta bonbak jaurtikitzeko modua ere aldatu zen gerora.
Garrantzitsua izan zen, eta aipatu duzun bezala, harrigarria da bonbardaketa gure artean ezaguna ez izatea...
Otxandioko biztanleentzat aski ezaguna da, baina gainerako euskaldunontzat... Moda kontuak eraginda akaso.
Eta Picassok!
Hori diozula, Gernika ez, baina badago Otxandioko bonbardaketaren gainean Santi Kapanaga otxandiarrak pintatutako koadro bat; hain justu, iltzatuta geratu zitzaion oroimenean gertaera latz hura, eta hildako guztiak ez, baina gehienak agertzen dira irudikatuta herriko plazan, eta berak identifikatzen ditu banan?banan!
Oker ez banago gainera, liburua bonbardaketaren 75. urteurrenean aurkeztuko duzue.
Bai, uztailaren 22an kaleratuko dugu, egun hura gogoratu eta bide batez garrantzia handiagoa emateko Bizkaiko herrixkan gertatutakoari. Ekitaldi berezi bat ari dira prestatzen, besteen artean, plaza birbataiatu eta Nestor Basterretxearen eskultura bat ipiniko dute...
Liburuan, herritarren eguneroko bizimodua nolakoa zen jaso duzu batez ere.
Lehen esan dizudan bezala, horixe baitzen hasieratik bilatzen nuena. Eta aurreko galderari jarraiki, atentzioa eman didan beste gauza bat ere horretan topatu dut, hau da, nola herri bat gerra moduko egoera bat normalizatzeko gai den.
Gerra garaian egunak nolakoak ziren galdetuta, elkarrizketetan esan didate, nahiko normalak zirela: ortura joaten zirela; kanpaiak jotzean babeslekuetara abiatu eta zenbaitetan egun osoa igarotzen zutela bertan; noizean behin obusak jaurtikitzen zituztela eta hildakoren bat edo beste egoten zela... Baina oro har, lasai zegoela giroa.
Batzuek diote iraganera bidaiatzeak bazterrak nahasteko soilik balio duela, eta beste askorentzat aldiz, memoria historikoa berreskuratzea funtsezkoa da.
Nik uste dut ezinbestekoa dela, eta gainera, esaldiak dioen bezala, bere historia ezagutzen ez duen herria, historia hori errepikatzera kondenatuta dagoela iritzi diot. Zer gertatu zen jakitea eta hortik ondorioak ateratzea beharrezkoa da.
Eta bestaldetik, justizia apur bat ere badago ikerketa honen atzean. Azken finean, ahotsa eman nahi izan diet horrenbeste denboran mutu egon behar izan zutenei. Niretzako gainera, plazer handiena kontatzen zuten guzti hori entzutea izan da.
Halere, hausnarketa batera ere bultzatu nau. Hain zuzen, iragana zer da, iraganeko kontua bakarrik edo orainaldian ere badago? Eta hala bada, horrek gure etorkizuna baldintzatuko du nola interpretatzen dugunaren arabera?
Adibidez, lur desjabetzeei buruz hitz egin didate eta egun herrian dauden jabetza batzuk desjabetzeen ondorioz dira; ez dakit berrikusi beharreko zerbait den, hori egin zutenen hirugarren belaunaldia baita, baina behintzat jakin egin behar da 40 urtean eginikoen ondorioak oraindik hor baitaude.
Esaten den moduan, barkatu bai baina ahaztu ez.
Hori da, eta gainera, desoreka handia egon delako denbora luzean nork hitz egin ahal izan duen eta nork egon behar izan duen mutu.
Ikerketarako interes pertsonalak izan dituzula ere jakin dut, arbasoak otxandiarrak baitituzu.
Eta gainera etxean belaunaldi oso baten istorio ezberdinak entzun izan ditut bai, gehien bat Durangoko bonbardaketari buruzkoak amonaren ahotik.
Halere, egia da familia Otxandiokoa izateak elkarrizketatu ditudan gizon–emakumeekin konfiantza gehiago edukitzen lagundu didala. Ez baita berdina kanpotik datorren arrotz batekin hitz egin edota loturaren bat izatea testuinguruarekin.
Laburbilduz, zer aurkituko dugu beraz jaiotzear den liburuan?
Alde batetik, Eusko Ikaskuntzaren ekimenez argitaratuko den liburuan eginiko elkarrizketak irakurgai egongo dira, eta noski, artxibategietatik eskuratutako datuak ere agertuko dira. Bestalde, DVD bat ere burutu da, elkarrizketa horiek editatu baitira. Zigor Olabarria (Gasteiz, 1978) Arabako hiriburuko Koldo Mitxelena Institutuan ikasi zuen Zigor Olabarriak eta Historia hautatu zuen Goi Mailako ikasketak egiteko orduan eta, Euskal Herriko Unibertsitatean eman zuen izena. Amaitzerakoan, tesina burutu eta Gizarte–Psikologia Ikasketa Aurreratuen Diploma eskuratu zuen. Gerra zibila Otxandion nola bizi izan zen ikertzeko, Eusko Ikaskuntzak eta Otxandioko Udalak 2009an beka bat atera eta Zigorrek eskuratu zuen; 2011ko uztailean aurkeztuko da lana jendaurrean.