578 Zenbakia 2011-05-13 / 2011-05-20

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ekoliderrak, Itsas Ekimenekin

ALVAREZ, Maitane

Ekoliderrak proiektuko partaidea



Gaur egun ezinezkoa da ozeanoa garbitzea, beraz irtenbiderik hoberena hondakinen ekoizpena jatorrian murriztea izan daiteke, baina nola lortzen da hori?

Lehenik eta behin, banakako eta talde edo erakundeen jarrera arduratsuan lan egin behar da eta horretarako ezinbestekoa da jendea kontzientziatzea.

Azken hau izan zen hain zuzen ere ekoliderrek, martxoaren 26an, larunbata, aurrera eraman zituzten ekintzen helburu nagusia.

Azken urteotan bezala aurten ere itsas zabala lege gabeko gune bilaka ez dadin, berotegi efektu nahiz itsasoko legez kanpokoen kontra borrokatzen duen Surfrider Foundation Europe elkarteak, itsas ertzetako hondakinak murriztearen aldeko Itsas ekimenak izena hartzen duen ekitaldia antolatu du.

Ekoliderrek eta Igeldoko gazte talde batek ez zuten ekitaldi horretan parte hartzeko aukera galdu nahi eta martxoaren 26an, Igeldoko Agiti eta Leska senaiak garbitzeko konpromezua hartu zuten.

Ekintza goizeko 10etan hastea pentsatuta zegoen arren, garbiketa 11etan hasi eta eguerdiko 14etan amaitu zen. Hiru ordutan bakarrik, Gipuzkoa nahiz Bizkaiako 32 gazteek 14 metro kubiko zabor jaso zituzten.

Arratsaldean, ekintza ahaztu ez zedin eta uretako hondakinen aurrean jendea sentsibilizatzeko, goizean garbiketan parte hartu zuten Ekoliderrek Performance bat antolatu zuten Donostiako Koldo Mitxelena liburutegiko sarrera parean. Antzerkiaren xedea jendeari itsasoan dauden hondakin kantitate handien berri eman eta sentsibilizazio bat lortzea zen. Helburua betetzeko jendearen arreta piztuko zuen zerbait egin behar zen eta ekoliderrek zaborrez beteriko hondartza bat irudikatzea pentsatu zuten.

Lehenengo, hondartzako traste guztiak (aulkiak, toailak, palak, itzalkina, etb.) Artzain onaren plazan kokatu eta arroparen gainetik bainujantzi nahiz pareoak jantzi zituzten. Gero, musika piztu eta udako abesti ezagunenekin dantzan hasi ziren. Aitaren batean hantxe zeuden denak hondartza egun polit batez gozatzen.

Bat–batean, zaborrez beteriko FCC–ko kamioia iritsi zen eta plost! Hondakin eta hondakinen usai atseginez inguratuta geratu ziren.

Arratsaldeko 6etatik eta ordu betez, zaborrarekin jolasean ibili ziren jendeak arreta eta kuriositatez begiratzen zuen bitartean.

Ziur nago arratsalde horretan Donostiako zonalde ezagun horretatik igaro ziren guztiek, eta ez ziren gutxi izan, pentsatu zutela lehendabiziko gauza zabor horren tartean egon behar ez izatea izan zela. Ausnarketa hori egitera iritsi baziren seguru aurrerantzean zaborra botatzean, nora botatzen duten kontu handiagoa izango dutela, edo hori espero dugu.

Beraz, nola edo hala, hasieran ezarritako helburua betetzat eman zuten.