Euskonews Gaztea
Gaiak: Zerotik hastera
Ez dut ohikoa politika kontuekin agertzea orri hauetara, dakizuenez, gehiago idatzi izan dudalako gizarte gai edota asmaturiko istorioen gainean. Halere, gaurkoan salbuespen bat egin nahi izan dut, 2011ko maiatzaren 22a izkinaren bueltan dugulako.
Ez dit horrenbeste ardura bataren edo bestearen aldeko bozka ematen den. Benetan garrantzitsuena, nire iritziz, oraingoan eta aspaldiko partez, batzuek zein besteek, hots, denek izanen dutela hautestontzietan egoteko parada.
Zer besterik? Demokrazia deitzen duten horretan ahots guziek balio dutela sinesten dudalako oraindik ere, benetan demokrazia bat baldin bada behintzat. Inozenteegia izango naizela esango dute batzuek, “legal” izatea soilik batzuen pribilegioa dela, eta gainerakoek izateko abagunerik ere ukan behar ez luketela beraien jokoan sartzen ez direlako.
“Pentsatzen dut, beraz, banaiz” zioen Descartesek, baina bada hori ukatzera ausartzen denik ere, balizko jainko/jainkosen antzera, existitzen denaren eta ez denaren artean erabakitzeko abantaila balute bezala.
Baina hala ez denez, has gaitezen gure herria eraikitzen; has gaitezen zerotik. Orain baitugu aukera, orain baita aurrera egiteko garaia.